Pisua zama izan ez dadin

Pisua zama izan ez dadin

Eider Goenaga Lizaso

Osasun arlokoak eta medikuak mezu bera ari dira errepikatzen behin eta berriro: umeen obesitatea asko ari da hazten azken urteotan, eta osasun arazo gisa tratatu behar da. Gipuzkoako daturik ez dago, baina Euskal Autonomia Erkidegoko datuak kezka eragiten du medikuen artean. Teresa Serrano Gipuzkoa poliklinikako endokrinologoak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2 eta 17 urte arteko ume eta nerabeen %16,4k dute obesitatea. “Eta nik esango nuke antzeko datua izango dela Gipuzkoan ere”. Pedro Gorrotxategi Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko presidentea eta Pasai San Pedroko osasun etxeko pediatra da, eta, haren arabera, “obesitatea edo gehiegizko pisua duten umeak, batez beste, %30 inguru dira”.

Bi mediku horien ustez, bizitza estiloa aldatzen ari da, eta, horrekin batera, elikadura ohiturak eta jarduera fisikoa egiteko joera ere bai. “Argi dago umeen jarduera fisikoa asko jaitsi dela; gu umeak ginenean igogailurik gabe bizi ginen, eta egunean hamalau bider igotzen eta jaisten genituen eskailerak. Etxean ere apenas egoten ginen, beti kalean”, azaldu du Gorrotxategik.

Serranoren arabera, ezin da esan elikadura jarduera fisikoa baino garrantzitsuagoa denik. “Biak lotuta daude, baina argi dago ume baten elikadura egokia bada, bai kantitatean eta bai kalitatean, zaila dela ume hori gizena izatea, nahiz eta ariketa fisiko gutxi egin”. Hala ere, Serrano oso kritikoa da umeek pantailaren (telebista, ordenagailua, tableta…) aurrean igarotzen duten denborarekin. “Jakinekoa da egunean pantaila aurrean hiru ordu baino gehiago pasatzea faktore inportantea dela gehiegizko pisua edo obesitatea garatzeko”.

Pisu egokia izateko sekreturik ez dago, ordea. Elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa. “Baina, umeari ezin zaio dieta bat jarri; ez da egokia 1.500 kaloriako dieta bat jarri, hura egitera behartu eta noizean behin pisatzea… Ume bakoitzaren kasua aztertu behar da, etxe bakoitzeko elikadura ohiturak jakin, umeak eta familia osoak zer jarduera fisiko egiten duten, eta horren arabera egin behar zaio azpimarra elikadurari edo jarduera fisikoari”, dio Gorrotxategik. Umeak elikadura ohitura okerrak baditu, horiek zuzentzeko lan egin behar dela gehitu du Serranok. “Obesitatea duen ume baten kasuan, lehenbailehen aldatu behar dira ohitura horiek, eta gerta liteke, berreziketa nutrizional hori egiten ari den bitartean, epe motzera dieta bat jarri behar izatea”.

Gurasoen jarrera

Gorrotxategiren arabera, pediatria elkartean lan handia egiten ari dira lehen mailako pediatrek gaia nola landu behar duten ikasteko. “Garrantzitsua da, ume batek gehiegizko pisua duela ikusten dugunean, familiari hori ikusaraztea”. Gurasoek pediatra “aliatu gisa” ikusi behar dutela dio, eta, horregatik, pediatrak gaiari kontu handiz eutsi behar diola. “Ez da beti gertatzen, baina guraso batzuek gaizki hartzen dute umeak gehiegizko pisua duela esatea. Kritika gisa hartzen dute, epaituak sentitzen dira. Nik uste dut guraso guztiek nahi dutela onena beraien umeentzat; guk ezin dugu hori zalantzan jarri”. Ondo egiten dutena nabarmendu behar dela dio, eta gaizki egiten dutena detektatu eta konpontzen saiatu. “Gu ez gara nor gurasoei errieta egiteko, egiten dutena auzitan jartzeko”.

Gurasoek eta pediatrek, bestalde, umearen pisuari buruzko “pertzepzio ezberdina” izaten dutela esan du Gorrotxategik. “Gurasoak, kezkatu, kezkatzen dira, baina, askotan, ez dituzte umeak potolo ikusten. ‘Nik umea ondo ikusten dut’, esaten dizute. Eta guk bilatu behar dugu modua pertzepzio hori aldatzeko. Ezin diegu esan ‘bada, ez, lodi dago, eta kito’. Esan behar diegu baietz, ondo dagoela, baina azken neurketatik pisuz igotzen ari dela, grafikoetan gora egin duela, eta komeni dela horri lehenbailehen eustea, gehiago igo ez dadin…”. Serranoren arabera, ume batek obesitatea badu, ohikoa izaten da familiako beste kideek ere gehiegizko pisua izatea: “Kasu horietan, pertzepzioa distortsionatua egoten da”.

Umearekin aritzean, ezer ez ezkutatzea eta harekin motibazio elkarrizketak egitea proposatzen du Gorrotxategik, emaitza onak ematen dituelako. “Umeari ezin zaio ezkutatu zein den egoera, eta, 6 urtetik aurrera, harekin hitz egin behar da, eta azaldu egin behar zaio egoera; hori bai, umeari egokitutako hizkuntza bat erabilita”. Bere ohiturei buruz galdetu, eta gaizki egiten duen horretan umearen konpromisoa lortzen saiatu behar du pediatrak. “Ume batek ondo jaten badu, eta kirol gutxi egiten badu, saiatu behar dugu ea konpromisoren bat hartzen duen maila horretan. Adibidez, ‘nola joaten zara ikastolara? Prest egongo zinateke oinez joateko?’. Pauta motzak eman behar zaizkie, beraiekin negoziatu; ez daitezela behartuak senti, ez daitezela errudun senti, eta senti dezatela beraien esku ere badagoela zerbait egitea”.

Aldaketa batzuk umeak berak egin behar dituela diote Serranok eta Gorrotxategik, baina biek nabarmendu dute familia osoak egin behar dituela aldaketak. “Gurasoek eredu izan behar dugu, guk jaten dugunarekin. Ez du ezertarako balio umeari fruta emateak, guk bitartean ogitarteko bat eta freskagarri bat hartzen ditugunean”, nabarmendu du Serranok. “Umeak ez du ezberdin sentitu behar. Txokolatea kendu badiozu, ezin duzu txokolatea erosi eta familiako besteek lasai-lasai txokolatea jan”, gehitu du Gorrotxategik.

Eta ezberdin sentitzea ekidin egin behar da eskolan ere. “Nik gurasoei esaten diet eskolan ez dutela ezer esan behar. Gurasoek jantokirako dieta bat eskatzen didatenean, beti esaten diet ezetz, eskolan umeak besteek bezala jan behar duela. Aholku bakarra da jantokian ez dezatela behin baino gehiagotan jan plater bera”.

Pisuarekin obsesiorik ez

Gai honen inguruan, kezka baino gehiago, ardura izan behar da. “Umeari gehiegizko kezka eragitea ere ez da ona; badakigu horrek ondorio kaltegarriak izan ditzakeela”, dio Gorrotxategik. Serranok ere badu kezka gai horrekin. “Tamalez, kasu batzuetan gertatzen da; obesitatea eragiten duten ohitura txar asko gurasoek transmititzen dituzten bezala, argal egotearen eta itxura fisikoaren inguruko gehiegizko kezka ere gurasoek transmiti dezakete”.

Nerabezaroan dauden nesken kasua aipatu du, bestalde, Serranok. “Nerabe asko etortzen dira, neskak batik bat, lodiak daudela esanez, eta ez daude lodi”. Pediatrek egiteko garrantzitsua dutela gehitu du Gorrotxategik:”Hor badugu lan bat egiteko. Ahalegindu behar dugu neskak ez dezan pentsa loditzen ari dela bere gorputza aldatzen ari denean. ‘Ez zara loditu, zure gorputzaren forma aldatzen ari da, eta normala da'”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.