“Eskola txikiek bizia ematen diete auzoei eta herriei”

“Eskola txikiek bizia ematen diete auzoei eta herriei”

Maialen Etxaniz

Hilabete luzeetako lanaren ostean, etzi Eskola Txikien Eguna hartuko du Arroabeari bizitza ematen dion herri eskolak. 65 ikasle daude egun, baina goraka doa kopurua. Erronka berriei heltzeko prest daude, eta horretarako eraiki nahi dute eskola berria. Uneotan, baina, etziko eguna dute buruan.

Ate joka dago Eskola Txikien Eguna, baina lan handia egin duzue aurretik, ezta?

Iazko urrian hasi ginen antolaketa lanekin, eta, azkenean, luze joan da. Sumatzen dut jendea gogotsu dagoela iganderako, baina nekea ere nabari dugu. Hala ere, gauzak ondo egin izanaren ustea dugu, eta igandeko festari heltzeko prest eta gogoz gaude. Auzoan lan handia egin da antolaketari heldu genionetik, eta jende askok jarri du bere alea.

Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik da aurtengo festarako aukeratu duzuen leloa. Bizi-bizirik mantentzea al da zuen xedea?

Bai, aspaldi aukeratu genuen leloa, eta badago politika bat horren atzean. Izan ere, argi dago auzo eta herri txikietan eskolak kentzen badira asko nabaritzen dela; giroak behera egiten duela nabarmen. Eta giroak behera egitearekin batera, bizia galtzen du auzoak. Aldiz, eskola txikiak bizirik mantentzen badira, auzoei eta herriei bizia ematen diete.

Hori nabaritu duzue Arroabean?

Bai, nabarmena da. Erretiratu batzuek esaten dute udan, eskola itxita egoten denean, jendea hondartzara eta oporretara joaten denean, beste herri bat ematen duela honek; hilda egoten dela. Eskolako haurrek eta gaztetxoek bizia ematen diote Arroabeari; izugarria da.

Zertan datza eskola berriaren proiektua?

Lau eraikinetan banatuta gaude uneotan. Alde batetik, prefabrikatutako eraikina dago, eta bi talde daude bertan. Bulegoa eta Haur Hezkuntzaren eraikina ere badaude, eta goi zikloa dago eskola zaharra esaten diogun lekuan. Jangela, berriz, kultur etxean dago. Hala, erabat berria da eskola berriaren proiektua; hau da, eraikin bakarrean bilduko dugu guztia. Herriaren atzealdean dagoen zelai eder batean eraikiko dugu eskola, solairu bakarrean. Nahiko zabala da eremua, gune argitsua izango da, eta egungo edozein eskolaren traza izango du eraikinak, denak gune berean jarrita. Geneukanarekin ohitu eta moldatu izan gara orain arte, eta alde handia nabarituko dugu eraikin berrira joatean.

Eskola txikiek zein onura dauzkate handiagoekin alderatuta?

Alde batetik, taldeak txikiagoak direnez, arreta handiagoa eskain diezaiekegu ikasleei. Bestalde, ikasleen adin aniztasuna dago. Nahastuta egoten dira adin tarte ezberdineko haurrak, eta handiagoa izaten da txikien eta handien arteko hartu-emana. Horrez gain, askoz estuagoa da ikasleekin eta gurasoekin dugun harremana, auzoaren oso zati garrantzitsua baita eskola. Hainbat ekintza egiten ditugu urtean zehar, hala nola inauterietako festa, antzerkiak, jaialdiak nahiz santa eskea. Guztien arteko harremanak estutzen laguntzen du horrek.

Zailtasunik ba al du txiki izateak?

Bai, zailtasunak badaude. Esaterako, langileen lanpostuei dagokienez. Bestalde, eredu berdina dago prestatuta eskola guztientzat. Hau da, zuzendari batek egon behar du, idazkari batek, ikasketa buruak, urteko plangintza ere egin behar da… Eta eredu hori berdina da eskola erraldoi batentzat edo txikientzat. Orduan, gertatzen dena da eskola txikietan, sarritan, pertsona berberek urteak eta urteak egiten dituztela zuzendaritza taldean, eta lan karga handia sortzen duela administrazio lanak. Izan ere, hori ez dago prestatuta eskola txikientzat, baina denei berdin eskatzen zaie. Horrez gain, asko eragiten du matrikulen kopuruak ere. Eskola txikietan alde handia da bost haur edo bakarra matrikulatzea.

Zer-nolako harremana duzue beste eskolekin? Saretuta daukazue egitura?

Guretzat ezinbestekoa da hori, funtsezkoa. Eskolek elkarrekin saretzeko beharra ikusi zutenean hasi zen Gipuzkoan eskola txikien mugimendua, duela 25 urte inguru. Elkartzeko beharra ikusten zuten, eskola txikiak bakartuta sentitzen zirelako. Horren karitik sortu zen Eskola Txikien Eguna ere. Gaur egun, hilean behin edo bitan elkartzen gara bailarako beste eskoletako kideekin. Arroabeko ikasleek ere izaten dute harremana beste leku batzuetakoekin. Esaterako, Oikiako [Zumaia] eskolarekin joaten gara gaua pasatzera, eta Aizarnara ere [Zestoa] joaten gara antzerki topaketetara. Izugarrizko garrantzia ematen diogu eskola txikiak elkartuta egoteari.

Zertarako tartea izango dute etzi Arroabera gerturatzen direnek?

10:30ean egingo dugu harrera ekitaldia, eta, ondoren, aurtengo festaren irudia osatuko dute eskolako umeek, koloretako loreekin. Ez da faltako jolaserako tarterik ere, eta denetariko ekintzak egiteko aukera izango da lau eremutan banatuta. Zirkua, henna tailerra, ipuin kontalaria, puzgarriak, Ekain Berrikoekin sua egiten ikasteko aukera… Horrez gain, musika eta txosnak izango dira egun guztian. Gorputz eta arima jarri dugu antolaketan, eta ziur nago eguraldiak laguntzen badu guztiok gozatuko dugula.

Leave a Reply

Your email address will not be published.