Horma artean, iraganera jauzi

Horma artean, iraganera jauzi

Unai Zubeldia

Ez dauka zentzurik erabiltzen ez den azpiegitura bat horrela mantentzeak”. Donostiako Udalak horregatik erabaki du Artikutzako Enobieta urtegia urez hustea, eta, ondoren, hormaren erdian zulo handi bat eginda, errekari bere berezko bidea egiten laguntzea. Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak onartu du hasieran urtegia deuseztatzeko proiektu bat zeukatela esku artean, natura erabat lehengoratzeko. “Baina ez zen bideragarria inguru babestu horretan kamioiak eta gainerakoak sartzea”.

1947 eta 1953 artean eraiki zuten Artikutzako urtegia, eta, 1992tik, jardueratik kanpo dago. “25 urte igaro dira urtegi horrek Donostia urez hornitzen ez duenetik”. Añarbeko urtegiaren lanak dira horiek —1,6 milioi metro kubo ur sartzen da Artikutzako urtegian, eta 33,6 milioi metro kubo ur Añarbekoan—. “Jarduera bertan behera geratu zenetik ez da egin mantentze lanik. Ondorioz, segurtasun gabezia ugari sortu da inguru horretan”. Urtegia, egotez Goizuetako lurretan badago ere, Donostiaren esku dago ustiaketa.

Kantaurialdeko Hidrografia Konfederaziotik iritsi zitzaion abisua Donostiako Udalari, urtegiak segurtasun neurri guztiak bete beharra zeuzkala azalduz. Gurpegik azaldu du eraiki zutenetik urtegiak arazoak eduki izan dituela eskuin aldean. “Inoiz ez da egonkortu behar bezala, eta arduradunek hasiera-hasieratik neurriak hartu behar izan zituzten arazorik ez sortzeko”. Kantaurialdeko Hidrografia Konfederazioaren isun arriskuaren jakitun, Donostiako Udalak aukerak aztertzeko ikerketa egin zuen. “Urtegia konpontzeko gastua milioi bat eurotik gorakoa zela ikusi genuen, ordea, eta ez zeukan zentzurik hainbesteko dirutza xahutzeak erabiltzen ez zen urtegi batean”.

Udala harremanetan jarri zen Konfederazioarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Goizuetako Udalarekin. “Eta guztiok ados geunden errekaren berezko izaera ahalik eta ondoena berreskuratu beharra geneukala”. Urtegia deuseztatzeko proiektua bertan behera utzita, pixkanaka urez hustea adostu zuten. “Eta lan horiei ekinda gaude jada”, zehaztu du Gurpegik. “Ateen balbulak ohi baino pixka bat gehiago irekita dauzkagu, eta pixkanaka-pixkanaka egingo dugu prozesua, kalterik ez eragiteko”.

Artikutzako urtegia baino pixka bat beherago dago Añarbekoa. “Eta aztertu genuen urtegiaren ateak gehiago irekitzeak beherago zer eragin izango zuen ere, baina ez dago arriskurik”. Artikutzako ingurunea lehengoratzeko bidean, udalak, joan den legealdian, Artikutzan dauden urtegi txikietako zazpi kendu zituen, eta ubide zaharretako bat ere hautsi zuen. Lursailaren ingurune naturala hobetzeko helburuarekin egin zituzten lan horiek.

Ura bakarrik ez, beste hainbat ezaugarri ere zaindu behar izan dituzte urtegi nagusiko lanei ekin aurretik. “Lokatzaren inguruko ikerketa ere egin genuen, esaterako, arriskutsua zelako urtegian pilatuta zegoen lohi guztia bat-batean errekan behera bidaltzea”. Gurpegiren hitzetan, inguru horretan ez da egon gizakiaren, ganaduen edo industriaren esku hartzerik. “Eta, ondorioz, lokatz horrek ez dauka arriskurik”. Hori bai, oso pixkanaka hustuko dute urtegia.

Luze joko du prozesuak. “Urtegia hustuz-hustuz joango gara aurten, eta hurrengo urtean egingo dugu ingeniaritza lan handiena; zuloarena, alegia”. Pauso hori emanda, “berehala” geldituko da urtegia urik gabe, berezkoa duen errekarekin. “Pare bat urteren buruan amaitu nahiko genituzke lanak”. Naturaren erritmoa pixka bat azkartze aldera, hainbat zuhaitz landatuko dituzte hutsik geratuko den gunean. “Berez aterako dira batzuk, jakina da hori, baina naturari lagundu egin beharko diogu pixka bat”. Harri artean bada ere, beraz, naturari bere lana egiten utzi nahi diote Artikutzan. “Bertan geldituko dira harri zati gehienak, egia da hori, baina naturak estaliko du denborarekin”.

Aisiarako proiekturik ez

Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak erabat ukatu du Artikutzan aisiarako zelaigune handi bat sortzeko proiekturik eduki izan dutenik esku artean. “Inguru hori babestuta dago, eta, ez, ez; ezinezkoa litzateke halako proiektu erraldoiren bat gauzatzea”. “Natura oinarri hartuta”, Nafarroako Gobernuarekin eta Goizuetako Udalarekin hartu-emanetan ari dira inguru horretan “ganaduzaleen eskubideak arautzeko”.

Lanak amaituta ere, Donostiako Udalaren jabetzan jarraituko du urtegiak. “Dagoeneko ez digu egiten ekarpenik, baina bioaniztasunaren alorrean inguru garrantzitsua da guretzat”. Baserri bat badago urtegira iritsi baino pixka bat lehenago. “Eta proposamenen bat edo beste iritsi izan zaigu tabernaren bat-edo eraikitzeko, baina ez dut uste bideragarria denik”. Pare bat urteko lanak amaituta, “berezko izaerari eustea” da Artikutzaren erronka. “Goizuetako Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, noski”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.