Euskara, erronkaz irudikatuta

Euskara, erronkaz irudikatuta

Aitor Biain

Euskararen etorkizuna aurre egin beharreko erronkaz beteta dagoela erakutsi nahi dute Eibarren, eta hala irudikatuko dute datorren astean egingo duten ekitaldi esanguratsuan. Guinness errekor saiakera egingo baitute ekainaren 22an, Untzaga plazan osatuko duten giza irudi erraldoiarekin. Eibarren Akebai plataforma ezagutaraztea eta irailetik aurrera martxan jarriko duten Euskararen Plan Estrategikoari begira herritarrak “aktibatzea” du helburu egitasmoak. “Ilusioa ezinbestekoa da planean ezarri ditugun helburuak lortzeko. Ilusioa sortu behar dugu herritarrengan; giro berezia sortu behar dugu. Oinarrizkoa da hori. Horretarako balioko du ekitaldiak”, adierazi du Idoia Argoitiak, Eibarren Akebai plataformako kideak.

Euskararen plana garatzeko sortu duten plataformaren logotipoa irudikatuko dute plazan, eta San Joan jaien bezpera baliatuko dute horretarako. 2.500 pertsona behar dituzte marka gainditu ahal izateko. “Antolatzen ari da jendea, bakoitza bere esparruan. Hori pozgarria da guretzat”. Antolakuntzak adierazi duenez, 2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko —oraindik izena eman daiteke www.akebai.eus webgunean—.

Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, errekor saiakerak dakartzan eskakizun guztiak betetzen ahalegintzen ari dira. Guztira, 80 bat lagun ari dira prestakuntza lanetan. Azken asteotan entseguak ere egiten ari dira, “egunean bertan ezerk ihes egin ez dezan”. Antolakuntzako kideak, bada, “pozik” daude eibartarren parte hartzearekin, eta baita egitasmoak berak jaso dituen atxikimendu guztiekin ere. Izan ere, 80 bat taldek eman diote babesa egitasmoari. Tartean, ikastetxe, enpresa, erakunde, elkarte zein gizarte eragileak.

Edonola ere, eta “ahalegina” egingo duten arren, argi dute errekor saiakera “erronka” besterik ez dela. “Atzetik datorren beste erronka garrantzitsuago baten aurrekaria”. Hala uste du Argoitiak: “Ez dugu nahi jendea itsutzerik. Guinness liburuan sartu ala ez, errekorra lortu ala ez, hori ez da benetako helburua. Horren atzetik erronka garrantzitsu bat dagoela erakutsi nahi dugu. Euskararen plana bera garatu eta orain ezarri ditugun helburuak hamar urte barru beteta ikustea: Eibar euskaldunagoa ikustea. Guretzat hori litzateke benetan errekorra haustea”. Batak bestea elikatzea da asmoa, hain zuzen.

Elkarlanaren emaitza

Iaz udalbatzak aho batez onartu zuen Euskararen Plan Estrategikoa garatzea da egitasmoak atzean daukan “erronka”. Hamar urterako plana da, 2025era bitartekoa. Eibarko Udalak bultzatutako egitasmoa izan arren, ez da erakundearena bakarrik, elkarlanaren emaitza baita: erakundeen, gizarte eragileen eta herritar norbanakoen arteko hausnarketa kolektibo baten emaitza, hain zuzen. “Argi geneukan udala partaide izango zela, baina ez zela bere plana soilik izango. Baliabideak jartzeko konpromisoa azaldu zuen udalak, baina guztion parte hartzea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko. Orain arte erakundeek euren aldetik egin dute lan, baita herritarrek ere. Euskalgintzak ere bere kasa lan handia egin du hemen… Baina denok bat egiteko garaia da; guztiok elkarlanean aritzekoa”, azaldu du Argoitiak.

Hain zuzen, ohiko formatutik “ihes” egin behar zutela argi zuten hasieratik, eta zerbait “desberdina” eratu behar zutela. “Argi ikusi dugu betiko gauzak eginez betiko emaitzak lortuko direla. Apurtzailea izan nahi du euskararen plan honek, berritzailea”. Berrikuntza hori du egitasmoak, hain justu ere: “Eibartarrentzako plana da, eibartarrek egina. Beraz, herritarroi dagokigu hori garatzea”.

Horretarako sortu dute, bada, Eibarren Akebai plataforma. Paperean jarritakoa eguneroko errealitatean txertatzeko, alegia. Horretan eman dute azken urte eta erdia: “Plana hor dago, baina hori burutzeko jendea behar da, eta hori antolatzeko egitura bat. Guztiok bilduko gintuen plataforma bat sortu behar genuen, plana garatu eta sustatzeko. Horretan aritu gara azken hilabeteetan”. Modu kolektiboan egin dute hori, parte hartze prozesu batekin.

Plataforma bera gizarteratzea eta ezagutaraztea izango da hurrengo pausoa. Horretan lagunduko du datorren asteko mosaiko erraldoiaren egitasmoak. “Jende asko behar dugu, baina, batez ere, jende gaztea behar dugu. Horientzat egin behar dugu lan, eta horretarako sortu dugu plataforma. Haiengana hurbiltzeko bisita txartelarekin joango gara hemendik aurrera: gogoratzen ekainean egin genuen ekitaldi hura?”.

Haur eta gazteak jomugan

Bereziki haur eta gazteengan jarri du mira Euskararen Plan Estrategikoak. Izan ere, bertan nabaritu dute beharrik handiena. Argoitiaren esanetan, Eibarko biztanleen erdiek baino gehiagok jakin badakite euskaraz; kezka, baina, erabileran dago. “Batez ere, umeen eta gazteen esparruan ikusi dugu erabilerak ez duela aurrera egiten; are gehiago, atzera egin duela, nahiz eta ezagutza maila handiagoa izan. Hor eragin behar dugu”.

Ildo horretan, “bidegurutzean” daudela uste du Argoitiak, eta hortik irteteko “gauza desberdinak” egin behar dituztela uste du. “Sufrimenduz gogobeteta gaude dagoeneko, eta ilusioarekin eta disfrutatuz gauzak lor daitezkeela erakutsi nahi dugu orain. Aurrera egiteko garaia da; indar guztiak batzekoa. Euskarak elkar gaitzala. Denok irabaziko dugu honekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.