“Hondartzan, egiten ez den hori da erreskaterik onena”

“Hondartzan, egiten ez den hori da erreskaterik onena”

Ane Olaizola

Duela 23 urtetik, Zarauzko Gurutze Gorriko boluntarioa da Felix Zubia (Zarautz, 1974), eta, azken hamabi urteetan, bertako lehendakaria ere bai. Zarautzen, bihar hasiko da hondartza denboraldia, eta prest dute hiru hilabetez eskainiko duten zaintza zerbitzua. Une oro, Gurutze Gorriko 21 lagun ariko dira lanean.

Zarautzen hastear da hondartza denboraldia. Nolakoa izango dela espero duzue?

Urteroko modukoa izatea aurreikusi dugu, baina atzerritik bisitari gehiago etorriko direla uste dugu. Gero eta jende gehiago etorri izan da azken urteotan, eta turismo bulegoetan ere datu hori berresten dute beti. Gainontzean, urterokoa izango da guretzat. Prebentzioan egiten dugu lanik handiena; beti esaten dugu egin ez dugun hori dela erreskaterik onena. Horretarako, aurrez egin behar izaten da lana: banderak ondo jarri, arrisku lekura inor ez dela sartzen bermatu…

Zein da zuen lan egiteko modua zaintza zerbitzuari dagokionez?

Kontratuarekin aritzen dira lanean zaintza zerbitzua eskaintzen duten pertsonak, eta boluntarioak gara hori guztia antolatzen dugunak. Langileak aukeratzean kontuan hartzen dugu euskara. Badakigu euskara garrantzitsua dela; beraz, euskara ulertzeko eta gutxieneko elkarrizketa bat edukitzeko gaitasuna daukate langile guztiek. Horregatik, bailarakoak dira ia guztiak. Denek daukate eginda uretako lehen sorospen ikastaroa, eta denbora dezente eskaintzen diogu prestakuntzari.

Lan egiteko zer moduzko hondartza da Zarauzkoa?

Bi ezaugarri nagusi ditu: bata, itsasoari oso irekia dagoela eta ipar-mendebaldetik sartzen dela normalean. Zurrunbilo edo korronte dezente sortzen ditu horrek. Korronte horiek, gainera, aldatu egiten dira marearen arabera. Hori dela eta, adi ibili beharra daukagu banderak ondo jartzeko eta eremuak ondo zehazteko. Eta beste ezaugarria da hiriko hondartza dela, eta bertan elkartzen direla itsas kirolak egiten dituztenak, ezintasun fisikoak dituztenak… Saiatzen gara guztientzat espazioa bilatzen eta oreka mantentzen. Errespetua izan dezatela eskatuko nieke guztiei; bainulariekiko errespetua batez ere, haiek direlako ahulenak.

Oro har, errespetatzen al dira banderak?

Orokorrean, jendeak errespetatzen eta aitortzen du gure lana. Kontua da nahikoa dela bizpahiru lagun etortzea guri lan handia emateko eta jendea arriskuan jartzeko. Hala ere, oro har, asko errespetatzen gaituzte, eta urtetik urtera kontzientzia handiagoa daukate herritarrek.

Zein arazo izaten dituzue normalean?

Zauri arinak izaten dira gehienak: ebakiak, kolpeak, marmoken ziztadak… Horrenbeste jende biltzen denez, askotariko arazoak ikus daitezke, baina bakanagoak dira gainerakoak. Izan daitezke epilepsiak, erorikoak, sorbalda ateratzea… Erreskateei dagokienez, ahalik eta gutxien egiten saiatzen gara. Egun jakin batean erreskate asko egin behar izaten badugu, bi arrazoi egon daitezke atzean: itsasoa oso harro egotea, batetik, edo gure lanak behar bezala ez funtzionatzea, bestetik.

Zer egin beharko luke itsasoan larri dabilen bainulari batek?

Oinarrizkoa da norbera bere buruaren mugen jabe izatea eta egokitzen ez zaion lekuan ez sartzea. Sorosleen adierazpenei kasu egin behar die, eta jakin behar du segurtasun kontuengatik jartzen ditugula banderak. Arazoren bat baldin badu, ahalik eta azkarren altxa dezala eskua, gero, nekea agertzen denean, okerragoa izango delako. Lasai har dezala eta korrontearen kontra ez dezala egin igeri. Jaso eskua, utzi korronteari pixka batean bere kasa eramaten, eta olatuak dauden aldera joan beti; olaturik gabeko lekuan korronteak egoten dira beti. Gu iritsiko gara lekura. Azken urteotan, uretako motoekin ari gara lanean, eta lanerako aldaketa izan dugu alde horretatik.

Hondartzak masifikatzen ari direla uste al duzu? Nola egiten duzue lan hondartza jendez lepo dagoen egunetan?

Oraingoz, ez dut uste hondartzak masifikatzera iritsi garenik. Egun jakin batzuetan jende asko egoten da, bai; uztaileko asteburuetan, batez ere. Egun horietan oso adi egon behar izaten du lantaldeak, eta itsasoaren irakurketa ona egin.

Bitxikeriaren bat edo beste izango duzu horrenbeste urtean Gurutze Gorriko kide izanda, ezta?

Nafarrek buruko min batzuk eman izan dizkigute, eta maitasunez ari naiz hizketan. Hondarrari lurra esaten diote batzuek, eta bandera gorria hartzera joan eta txistua jotzean ondorengoa esaten dute beste batzuek: “Hau ez al da, ba, Osasunako bandera?”. Horiek dira politenak. Zoritxarrez, heriotzaren bat ere izan dugu. Denetik bizi izan dugu.

Gehienak gozatzera joaten dira hondartzara, baina beste begirada bat izango duzu zuk, ezta?

Bai. Hondartzara joan eta zurrunbiloak non dauden, banderak ondo jarrita ote dauden… Horrelako gauzei begiratzen diet lehenengo. Nahi gabe ere, joera hori izaten dugu.

Bertsolaritza duzu afizio, eta Zarautzen bertsotan agurtzen duzue denboraldia.

“Bihar ere hemen izango gaituzue…” mezua jartzen dugu egunaren amaieran. Urte batean erabaki genuen ezin genuela esaldi horrekin amaitu denboraldia, hurrengo egunean ez ginelako han egongo. Bertsoa botatzea otu zitzaigun, eta ohitura hartu dugu dagoeneko. Jendeari eskerrak emanez eta hurrengo urtean ere han izango garela esanez kantatzen dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.