Loteria, soldatak eta duintasuna

Leire Narbaiza

Lan egin barik bizitzeko, zenbat diru tokatu beharko litzaiguke loterian?”. Halako itaunak egiten dizkiegu ikasleei euskaltegian, berba egin dezaten, mintzamena lantzeko; betiere testuinguru batean, jakina. Gogoan dut halako galdera bota nien azkenekoan milioi bat euro irten zitzaigula zifra adostua. Milioi garbia, zergak ordainduta. Gure kalkuluak halakoak izan ziren: 200.000 euro inguru etxebizitza bat erosteko, 1.200 euro hilean jaso, eta berrogei-berrogeita hamar urte bizi. Tartean, “kapritxoren” bat: auto bat erosi, amaren etxean leiho berriak ipini, edo ahoa ganoraz konpondu. Egin kontuak, ez da asko geratzen hasierako milioi horretatik.

1.200 euro jarri genizkion geure buruari. Soldata minimoa zelakoan, oinarrizko gastuak bete zitzakeena, baina gastu larregi barik. Beharbada, ez du ematen askorako, baina handikeria gabe jokatu nahi genuen kontuak egiterakoan. Ez dezagun ahaztu loteria irabazleen rolean jarri ginela. Irabazle xumeak esango du norbaitek, besteren batek irabazle triste handinahi bakoak. Hipotesiak lantzeko zoragarria. Bizitza errealean, ostera, irreala.

Izan ere, hori eskatzen dute, besteak beste, Bizkaiko zaharren egoitzetako beharginek: 1.200 euro garbi hilaren amaieran. Luxua, alajaina! Luze doa gatazka, ordea. Iaz ere grebak egin zituzten, eta aurten apiriletik daude huelgan. Gaitza da euren borroka, sektore marjinatu biren kontuak daudelako mahai gainean. Alde batetik, zaharren zerbitzuan daude, gure gizartean baztertutako talderik badago nagusiak (ez aitita-amamak, mesedez) dira, karga hutsa bihurtu direlako, gastu handia dakarkigutelako eta ez dutelako balio produkzio mundu honetan. Eta, bestetik, langileak eurak. Guztiz feminizatutako sektorea, tradizionalki emakumeon betebeharra izan dena. Zaintza da rolen banaketan “tokatu” zaigun lana, askotan kobratu barik egiten dena, sozialki inongo prestigiorik ez duena, imajinario kolektiboaren arabera prestakuntzarik ere behar ez duena, andrazkoon genetikan txertatuta baitator, horretarako jaio baikara. Zaila dute!

Zaila, ukitzen dituen kolektiboengatik ez ezik, azpikontratatutako beharginak ere badirelako. Gizarteari ematen diote zerbitzua egoitza horiek, zergak ordaintzen ditugunok pagatzen ditugu zentrook, eta tarteko enpresek ere etekinak atera behar. Tartean, dirua galdu, zerbitzu merkeagoa ordain, publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzuan, diru-itogina infinitua; beraz, langileendako sos gutxiago.

1.200 euroko soldata eskaera hori zorakeria irudituko zaio Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari. Emakume horren arabera, 650 euro nahikoa da bizitzeko. Baina ez digu azaldu zergatik, orduan, berak 7.000 eurotik gora irabazten duen. Nahikotasuna bider hamar jasotzen du-eta! Adierazpen horiek bere kontra itzul genitzake, eta iradoki genezake larregi kobratzen duela, diru publikoa alferrik xahutzen dela bere soldatetan.

Horregatik, sailburu horren kastakoek pentsatuko dute egoitzetako zaintzaileek eskatzen dituzten lansariak lortuz gero pribilegiatuak direla langile horiek. Baina jarriko nituzke egoitzetakoen beharra egiten, Artolazabal 650 eurorekin bizitzera behartuko nukeen bezala. Horrela jakingo lukete zein den errealitatea. Ikasiko lukete hala bizitzea ez dela loteria, askori hori tokatu bazaie ere!

Leave a Reply

Your email address will not be published.