Urtea bete elkartasun

Urtea bete elkartasun

Eider Goenaga Lizaso

Itsasondo ez da herri handia, baina, bere txikian, ekitaldi handia antolatu dute astebururako, euren herria utzi eta gainean daramatenarekin bizimodu berri baten bila atera behar izan duten milaka eta milaka errefuxiatuekin elkartasunean. Ongi Etorri Errefuxiatuak jarri diote izena jaialdiari, eta gaur arratsaldean hasita egitarau zabala atondu dute. Ongietorria, baina, ez da soilik errefuxiatuentzat. “Itsasondora datorren guztiari egingo diogu ongietorria. Izan ere, zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta hobeto, diru guztia errefuxiatuekin lanean ari diren taldeentzat baita”, azaldu du Erkuden Mendizabalek, Itsasondoko Ongizate zinegotzi eta jaialdiaren antolatzaileetako batek.

Elkartasun adierazpen edo ekintza bat egiteko hamaika kausa egon litezke, baina Itsasondon iaz erabaki zuten 2017an errefuxiatuei begira lan egitea. “Iaz, Ongizate batzordean [zinegotziak, gizarte langileak eta herriko hainbat talde] erabaki genuen aurten errefuxiatuen gaia lantzea, eta apurka-apurka joan gara gauzak eginez. Jaialdia orain arte egindakoaren emaitza edo ondorioa da”.

Iazko ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren aitzakian, material bilketa egin zuten Itsasondoko plazan. “Siriako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko fardelak, xaboia, konpresak, jostailuak eta eskolako materiala bildu genituen, eta oso-oso ondo atera zen”. Itsasondoko herritarrek gaiarekiko sentsibilitatea bazutela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Eguberrietan eman zuten hurrengo pausoa. Urtero, herriko komertzio, taberna eta enpresek emaniko produktuekin eta egindako ekarpenekin saskia zozkatzen dute Itsasondon, eta bertan bildutako dirua errefuxiatuen aldeko jarduera gehiago antolatzeko erabiltzea erabaki zuten.

Hala, Kiosen (Grezia) Siriako errefuxiatuekin ibilitako Javi Julio argazkilariarekin jarri ziren kontaktuan. Hark ateratako bederatzi argazki handitu, eta Itsasondoko beste hainbeste tokitan 3×2 metroko horma-irudi gisa itsatsi zituzten, otsailaren 4an, herritarren laguntzaz. Martxoan, Juliok berak egindako dokumentala eskaini zuten, argazkilariaren eta Iñigo Gutierrez itsas salbamenduan aritzen den pertsonaren azalpenek lagunduta.

“Oso ondo joan zen, eta jende askok parte hartu zuen. Baina, muralekin-eta Eguberrietan jasotako dirua ia agortu zitzaigunez, Ongizate Batzordean erabaki genuen zerbait gehiago egin behar genuela, eta zerbait gehiago horretatik jaialdi hau atera da, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira. Jaialdian ateratzen den dirua errefuxiatuei laguntzen aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeei emango diegu”, azaldu du Mendizabalek.

Dirua, banatzeko

Bazkarirako eta afarirako txartelak, tonbola solidarioa eta txosna izango dira diru iturri nagusiak, eta horietan ateratzen duten dirua Itsasondoko Ongizate Batzordearekin kontaktuan egon diren taldeen artean banatuko dute: Zaporeak, Pasaportes para Siria, Pallasos en Rebeldia, Itsas Salbamenduko taldea eta Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak. “Bazkari eta afarirako txartelak jada saldu ditugu, baina jendea anima dadila etortzera, egunean bertan gehiago egongo direlako salgai”.

Bestetik, bingo solidarioa egingo dute. “Bingorako txartel bakoitzak euro bat balio du, eta lau zozketa egingo dira. Bingo egiten duenak txanda horretan bildutako dirua zein egitasmori emango zaion erabaki ahal izatea irabaziko du”. Proiektu eta talde bakoitzak nolako lana egiten duen ezagutu ahal izateko, elkarteek erakusmahaiak jarriko dituzte egun osoz, beraien lana ezagutarazteko eta materiala saltzeko.

Mendizabalek esker oneko hitzak baino ez ditu jaialdia antolatzen lagundu duten guztiekiko. “Jaialdia antolatzen hasi ginenean, ez genuen espero halako jaialdi indartsua ateratzea. Baina jende asko agertu da prest laguntzeko, eta jaialdian ariko diren guztiek musu truk egingo dute lan. Eta beste askok doan edo prezio askoz merkeagoan eman dizkigute bazkaria, afaria edo tonbola antolatzeko behar genituen janari, edari eta abarrak”.

Asteburuan Itsasondon jendetza bildu eta elkartasuna gailentzea nahiko luke Mendizabalek, baina azken egunetan giroa ilundu duen gertakaririk ere izan da. “Gogor salatu nahi dugu, asteburuan, Julioren argazkiekin egindako horma-irudietan, errefuxiatuen eta etorkinen kontrako margoak azaldu direla”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.