Itsasoarekin hizketan

Itsasoarekin hizketan

Unai Zubeldia

Daturik harrigarriena? 2009ko urtarrilaren 24an neurtutako olatua, 22,8 metrokoa. “Horixe da euskal kostan inoiz neurtu den olaturik altuena”. Azti-Tecnalia zentro teknologikoko ikerlaria da Mikel Nogues (Lasarte-Oria, 1989), eta ondo baino hobeto ezagutzen du itsasoko buien eguneroko jarduna. Joan den ekainaren 8an, hamar urte bete zituen Donostiakoak, eta gailu horiek zientziarako eta arrantzarako daukaten garrantzia azpimarratu du Noguesek. Eusko Jaurlaritzarena da buia, Euskalmet meteorologia agentziaren sarekoa, eta Azti-Tecnaliaren esku dago kudeaketa.

Itsasoko datuak biltzen ez ziren hasi duela hamar urte soilik. “Aurretik ere kostaldean bazeuden estazio meteorologiko batzuk”, zehaztu du ikerlariak. “Eta informazio ozeanografikoa ematen zuten, noski: olatuen altuera, korronteen abiadura eta norabidea…”. Kostaldeak berak “eraldatu” egiten ditu, ordea, datu horiek. “Eta, datu errealak lortzeko, itsas hondoak eraginik ez daukan gunean neurtu behar izaten dira olatuak”. Horregatik kokatu zuten Donostiako buia kostaldetik hamabi itsas miliara. Zifrei irudia gehitzeko, arraun munduan, Kontxako Bandera jokatzen denean, 1,5 itsas miliara urruntzen dira gizonezkoen traineruak.

Begira jarrita, bost metroko diametroko flotagailua dauka buiak, energia sistema eta itsas egoera aztertzeko sentsoreak dauzka barruan, bi metroko itsas masta dauka goialdean, eta meteorologia sentsoreak daude itsas mastaren puntan. Itsasoaren azpian, 600-700 metrora ainguratuta dago buia. Uretatik kanpo, “haizea, tenperatura, presioa, erradiazioa…” neurtzen ditu. “Eta olatu sentsoreak dauzka barruan. Itsasoaren egoerari buruzko datu estatistikoak ematen ditu horrek: olatuen altuera, maiztasuna, norabidea…”. Itsas azaletik 200 metroko sakonerara arte, berriz, korronteen, tenperaturaren eta gatz kontzentrazioaren berri ematen du gailuak. “Hortik behera, nahiko erregularra izaten da egoera, eta zientzia aldetik ez dauka interes berezirik”, zehaztu du Noguesek.

Buiak satelite bidez orduero bidaltzen du informazioa Euskalmetera, Azti-Tecnaliara eta Europako beste hainbat erakundetara. “Baina alerta egoeran egonez gero, itsaso zakarra edo galernaren bat espero badugu, etenik gabeko jarraipena egiten dugu”. Azti-Tecnaliako ikerlariaren hitzetan, kasu horietan 24 orduz zaintzen dute buiak bidaltzen duen informazioa. “Eta unean uneko erabakiak hartzen dira informazio guztia aztertuta”.

2007ko ekainaren 8an jarri zuten Donostiako buia itsas zabalean, eta Noguesek onartu du klima kontuetan “hutsaren hurrengoa” dela hamar urteko tartea. “Baina itsas zientziarako oso datu baliagarriak bidaltzen ditu buiak”. Historian atzera egiteko, agian, ez. “Baina etorkizunerako aurreikuspenak egiteko oso baliagarriak izango dira hamar urteotan bildutako datuak”.

Itsasontziekin, arazoak

Buia bakarra egoten da itsas zabalean. “Baina bi dauzkagu berez”, zehaztu du Noguesek. “Sei hilabetetik behin aldatu egiten dugu gailua, lehorrean mantentze lanak egin ahal izateko”. Udaberrian eta udazkenean egiten dute aldaketa hori. “Zailtasun pixka bat badaukalako buiaren aldaketak, eta neguan, noski, itsasaldiekin eta eguraldiarekin zaildu egiten delako itsas zabalean egin beharreko lana”.

Bitxia bada ere, orain artean itsasoak ez du eragin txikiziorik bi buietako bakar batean ere, baina itsasontziek bai; Noguesen arabera, horiek “buruhauste dezente” sortzen dute normalean. “Buia ikusi ez eta gainetik pasatu izan du baten batek, eta arrantzarako sarea ere gelditu izan da trabatuta buiaren sokan. Kasu horietan, gure buia askatu izan dute euren sarea puskatu beharrean”. Korronteen mende, tartean-tartean Landetaraino ere joan behar izan dute gailuaren bila. “Baina inoiz ez zaigu galdu”. Itsas mapetan-eta agertzen da, noski, buiaren kokagunea. “Baina, tira, beti gertatzen dira istripuak”.

Zientziak ez du etenik egiten bere bidean, eta irailean beste pauso bat emango du Donostiako buiak. “Gero eta sentsore hobeak daude merkatuan, fidagarriagoak dira, noski, eta ohikoa baino aldaketa handiagoa egingo dugu sei hilabeteko hurrengo zikloan”. Buia berria itsasoratuko dute. “Egitura berbera dauka, baina bateriak, energiaren kudeaketa… Gauza asko aldatzen dira hamar urtean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.