Lazkao-Boise, Errenteriatik

Lazkao-Boise, Errenteriatik

Aimar Maiz

Euskaraz jario politarekin hitz egiten du. Palan jokatzen du, eta euskal dantzak dantzatzen, sorterriko Oinkari taldean. Gezurra badirudi ere, Euskal Herritik 8.500 kilometrora jaiotakoa da Josu Bieter Lete (Boise, Idaho, AEBak, 1997). Euskal arbasoak ditu bi gurasoen aldetik, eta hiriko Euskal Etxera joatea gustatzen zaio. Lazkaon da orain, Maizpide euskaltegian euskara hobetzera etorrita. Gaur bukatuko du hilabeteko ikastaroa. Duela 45 urte, antzeko bidea egin zuen aitak, eta euskal diaspora bizirik —eta euskaldun— mantentzeko konbentzimendua dute ondorengo belaunaldiek.

Boiseko Bieter familia entzutetsukoa da Josu Bieter. Chris aita epailea da, eta David osaba hiriko alkatea, 2004tik. Alderdi Demokratako kidea da, eta Hillary Clinton hautagaiaren kanpainan Barack Obama presidenteari harrera egin zion Boisen, 2015eko urtarrilean. Euskaldunez eta artzainez mintzatu zen Obama. “Nire birraitonari buruz hitz egin zuen. Han ginen, eta harrituta geratu ginen presidentea gutaz ari zela entzunda. Hunkitu egin ginen, ez genuelako espero euskaldunez hitz egingo zuenik. Ezusteko oso polita izan zen”, gogoratu du Bieterrek, Maizpideko gela batean.

Anekdota hutsa baino gehiago da Boiseko euskaldunek euskararekiko, euskal kulturarekiko eta Euskal Herriarekiko duten konpromisoa. Bi lokarri ditu etxean bertan: bat, ama; Nere Lete errenteriarra, Euskal Filologia ikasi, eta Renora joan zena. Irakasle da orain Boisen. Amaren sorterriarekin lotura mantentzen du semeak. Asteburuetan Lazkaoko barnetegia ixten dutenean, Errenteriara joaten da Bieter, aitona-amonarenera. “Errenteria asko gustatzen zait, txikitatik etorri izan naiz. Oso polita da niretzat”. Ikastaroa bukatuta, hiru aste ditu orain. “Nire familiarekin egoteko eta Euskal Herria bisitatzeko”.

“Euskal Herri txiki bat”

Boisen, eta Idaho osoan, euskaldunak oso estimatuak direla dio Bieterrek. Hiriak 225.000 bizilagun ditu, eta metropoliak, 650.000. Boisen bertan bakarrik —Idaho estatuko hiriburua da—, Lazkaoko biztanleak baino euskaldun gehiago bizi dira: 16.000. Basque Block auzoa ere bada.

Bieterrek lehenengo urtea osatu du unibertsitatean. Erizaintza ari da ikasten. Futbol amerikarrean eta beisbolean jarduna da. Baina euskal kultura du bizigai. “Boisen urtebete igaro dut euskara klaseekin. Ama da irakaslea, eta hark prestatu ninduen Lazkaora etortzeko. Euskara izan zen nire lehenengo hizkuntza. Familian erabiltzen dugu. Jende asko baldin badago, eta inork ulertzerik nahi ez badugu, euskaraz egiten dugu. Baina saiatzen gara askotan hitz egiten, zaila den arren”.

Josuren birraitonak eta birramonak emigratu zuten AEBetara, Larrabetzutik eta Lekeitiotik, artzain lan egiteko. “Nire aitona Pat Bieterrek ez zeukan loturarik Euskal Herriarekin, ez zen euskalduna, ez zekien bazenik ere. Baina, hala ere, seme-alabak hartu, eta urtebeterako Oñatira etorri zen, euskara ikastera. Nire aitak 18 urte zituen, eta 3. mailako haurrekin jarri zuten eskolan. Orduko lagunekin harremana mantentzen du oraindik”. 1972a zen. Hala, Josuren aitak eta beste hiru osaba-izebek, denek dakite euskaraz. Laugarren belaunaldia ere ari da prestatzen. Maialen arreba zaharragoa (22 urte) Maizpiden egona da. Andoni (17 urte) du anaia gazteagoa.

Euskal etxea, jaiak, ikastola

Boiseko Euskal Etxea da euskaldunen bilgunea. Jarduera ugari eta askotarikoak garatzen dituzte. Helduen eta haurren dantza taldeak dituzte, frontoia —pilota liga bat sortu nahi dute—, euskara eskolak ematen dituzte… Eta, nola ez, hilero afari bat egiten dute. “Euskal etxeko denak joaten dira. Festak ere edukitzen ditugu. Euskal Herri txiki bat da hura”, aitortu du Bieterrek.

Urtean behin, piknika egiten dute, San Ignazio egunean. Bost urtean behin, berriz, jaialdia. Festa erraldoia da. 2015ean izan zen azkena, eta 40.000 bat lagun elkartu ziren. AEBetako euskaldunak biltzen dira, eta Euskal Herritik bost hegazkin joan ziren. Josu Iztueta bidaiari tolosarrak 1990ean ezagutu zuen jaialdia. “Gaur egun, Internetekin komunikazioa badago, baina orduan haientzat handia zen Iñaki Perurena, aizkolariak, dantzariak eta bertsolariak han ikustea. Negar egiten zuten, emozioz”, dio Iztuetak. Bietertarren etxean egona da, eta ustekabean topo egin zuen Josurekin Lazkaon, Maizpidera Biziminez ikuskariarekin joatean.

“Guretzat oso garrantzitsua da hemengo jendea Boisera joatea eta gurekin egotea, euskaldun izaten jarraitzeko. Azken jaialdiak indar handia eman zion hango jendeari. ‘Orain euskara ikasiko dut, hurrengo txandan haiekin hitz egingo dut’, zioten bertakoek”. Dantza taldeko kideek Euskal Herrira etortzea erabaki zuten, dantzak ikasteko. “Iaz izan ginen. Eta jarraitzen dugu. Aurrera egiteko indarra ematen digu jaialdiak”, dio Josu Bieterrek. 2020an da hurrena.

Lazkaon, Euskal Herria-AEB loturaren beste katebegi batek ere bat egin du: Izarne Garmendia irurarrak. Bi urte igaro zituen Boiseko haur txikien ikastolan, 2000-2001ean, irakasle lanean. Josu ikasle izan zuen, 3 urte zeuzkanean. Lazkaoko San Benito ikastolako irakasle da orain. “Benetako transmisioa egiten dute han. Bihotza jartzen dute, eta euren bizitzaren parte da euskaldun izatea. Josuk gogoa izan du Euskal Herrira etortzeko, eta asko balio du horrek. Sekulakoa izan da gurasoek egindako lana, txalotzekoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.