[Museora] Algorri interpretazio zentroa. Harrizko liburua

[Museora] Algorri interpretazio zentroa. Harrizko liburua

Aitziber Arzallus

Euskal Herria eta, batez ere, euskal kostaldea ezagutu nahi duen edonorentzat, saihestu ezineko geldialdia da Zumaiakoa. Itsasertzeko herrien berezko xarmaz gain, baduelako gainontzekoetatik bereizten duen zerbait: flyschak. Munduan badira egitura geologiko horiek garatu diren beste leku batzuk ere, baina ez Zumaia eta Mutriku artean daudenen pareko entzuterik dutenik.

“Flyschek jende asko erakartzen dute, oso ikusgarriak direlako; baina, oro har, jendeak ez daki zenbaterainoko garrantzia daukaten”. Hala dio Nerea Ibañezek (Donostia, 1975), Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroko koordinatzaileak. Hain zuzen, flyschak ezagutarazteko sortu zuten interpretazio zentroa, 2005ean, Zumaiako Udalaren ekimenez. Hasieran, bisitariei eremuaren balio geologikoaren berri ematera mugatu zen zentroaren jarduna. Gaur egun, ordea, Zumaiako gainontzeko natur baliabideak ezagutzeko aukera ere ematen du.

Algorri interpretazio zentroak garai batean hiltegi izandako eraikin modernista bat du kokaleku. Sartu eta berehala sabaitik zintzilik ikus daitezkeen gantxo handi batzuk dira iraganean han egiten zutenaren froga. 300 bat metro koadroko azalera du eraikinak, bi solairutan banatuta. Harrera lekua, tailerrak egiteko gelak, dokumentazio zentroa eta proiekzio gela daude beheko solairuan, eta baita herriaren garapen historikoari buruzko erreferentzia txiki batzuk ere. Lehendabiziko solairuan, berriz, erakusketa gelak daude; hiru gela, hiru gai lantzeko. Flyscharen geologiari buruzkoa da lehena, eremu hartako biodibertsitatearen ingurukoa bigarrena, eta Urola itsasadarrari dagokiona hirugarrena. Hain zuzen, hiru gai horiexek landu ditzakete Algorri zentrora doazen bisitariek.

“Flyschen geologia lantzera etortzen dira bisitari gehien-gehienak, baina nahi duenak badu eremu horretako biodibertsitatea lantzeko aukera ere”. Fauna aberatseko gunea dela nabarmendu du Ibañezek, baina oso urria izaten dela fauna hori bertatik bertara ikusteko aukera. “Urtean oso egun gutxitan izaten dira horretarako baldintzak, itsasoa oso behean egotea behar baita. Horregatik, urtebete aurretik erreserbak eginak izaten ditugu, eta jende asko gelditzen da irteera horietan parte hartu ezinda”. Aldiz, Urola itsasadarraren inguruko edukiak lantzera inor gutxi joaten ei da Algorri zentrora, “urtean bizpahiru talde besterik ez”, zehaztu du Ibañezek.

Eskolakoaren osagarri

Iaz, 14.000 bisitari baino gehiago hartu zituzten Algorri zentroan, erdiak baino gehixeago ikastetxeetakoak (%53). “Eskolan lantzen ari diren unitate didaktikoaren araberako edukiak eskaintzen dizkiegu. Adibidez: LH1en, ikastetxean uraren gaia lantzen ari direnean, guk hemen uraren zikloa lantzen dugu, eta gauza bera gertatzen da LH6n, ikastetxean flyscha lantzen ari direnean”. Ikastetxeek normalean hiru orduko bisita egiten dutela azaldu du Ibañezek. “Lehendabizi, zentroan bertan lantzen dugu gaia, eta, gero, irteeratxo bat egiten dugu, Algorriko kala, San Telmo ermita eta Itzurun ikusteko”.

Aurrez erreserbarik egin gabe doazen bisitariek, berriz, euren kasa ikus dezakete zentroa. Aurrena, proiekzio gelan, hamar minutuko bideotxo bat ikusten dute Zumaiari eta flyscharen sorrerari buruzko azalpenekin. Ondoren, lehen solairuko erakusketak ikus ditzakete, azalpenak emango dizkien audio gida batekin. “Horrez gain, kanpoan azalpenak jasotzen jarraitu nahi izanez gero, aplikazio bat ere badaukagu”. Herriko hamar guneren inguruko azalpenak jasotzen ditu aplikazioak. “Guk bi ordu eta erdiko ibilbidea proposatzen diegu; gero, interesatzen zaion hura ikusten du bakoitzak”.

Zumaiako flyschak erreferentzia dira mundu guztiko arkeologoentzat. Ibañezen arabera, urtean behin NASAkoak ere etortzen dira, laginak hartzera. Izan ere, flyschetan meteorito baten arrastoak daude, dinosauroen desagerpena eragin zuen meteoritoarenak, hain zuzen. Zumaian dinosaurorik ez zen, baina itsasoko animaliak bai, eta haietan eragina izan ei zuen horrek. “Flyschetan oso argi ikusten da nola jazo ziren gauzak. Aurrena, kapa batzuetan, fosil pila bat ikus daitezke, bizitzaren arrastoak. Hurrengo kapa berezi batean, meteoritoaren arrastoak daude. Eta, handik aurrera, bizitzaren arrasto guztiak desagertzen dira. Liburu baten orrialdeak balira bezala, Lurraren historia kontatzen dute flyschek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.