Donostiak ere hitz egingo du

Donostiak ere hitz egingo du

Unai Zubeldia

Erabakitzeko eskubidearen bidean pauso sendoak emanez, olatu erraldoia sortu nahi zuen Gure Esku Dago dinamikak. “Eta zurrunbilo baten modukoa izan da ikasturte hau”. Hala aitortu du Andoni Mikelarena Gure Esku Dago-ren Gipuzkoako arduradunetako batek. Tokian tokiko herri galdeketak, ekainaren 10ean Bilbon egindako “ekitaldi erraldoia”, Herritarron Itunaren aurkezpena, Kataluniarekin abiarazitako elkartasun ildoa… “Tresna asko geneuzkan mahai gainean, eta tresna horiek guztiak norabide berean jartzeko beharra sentitu genuen, ildo bateratu horri esker bide horretan eraginkorragoak izateko”.

Mikelarenaren hitzetan, gaur-gaurkoz hiru tresna nagusi dauzkate esku artean: “Herri galdeketen ildoa batetik, Herritarron Itunaren garapena bestetik, eta bi ildo horiek bultzatzeko egin daitezkeen tokian tokiko mobilizazioak azkenik”. Gure Esku Dago ekinaldiaren berezko izaerari helduta, herritarrekin kontrastatu nahi dute eman beharreko pauso bakoitza, “inori aterik itxi gabe”. Hain zuzen ere, ildo horretan egin zuten herenegun Gure Esku Dago-ren Gipuzkoako batzarra. “Denon artean plangintza bat osatu ahal izateko”.

Gipuzkoako arduradunak adierazi duenez, Gure Esku Dago dinamikak dagoeneko badauka proposamen bat mahai gainean. “Baina ez da proposamen itxia; osatu egin nahi dugu, ahalik eta gehien findu, irailean martxan jartzeko”. Behin herrialdeetako batzarrak amaitu eta ondorioak jasota, proposamen hori osatzeko erronka daukate udan. “Eta, ondo bidean, irail erdialdean ezohiko batzar nagusi batera deituko dugu, denon artean osatutako proposamen hori onartu edo ez erabakitzeko”.

Azaroaren 5ean, Andoain

Herri galdeketen dinamikari dagokionez, iaz hasi zen mugimendua Gipuzkoan. 2016ko ekainaren 5ean eman zuten lehen pausoa Goierrik, Debagoienak eta Azpeitiak; aurten, martxoaren 19an egin dituzte galdeketak Tolosaldean, Oiartzualdean, Astigarragan eta Hernanin; eta maiatzaren 7an Debabarrenak, Urola Kostak, Lasarte-Oriak eta Usurbilek hartu zuten lekukoa. Etorkizun hurbilera begira bideratuta dauzkate Gipuzkoako beste hainbat herri. Urrutira joan gabe, azaroaren 5ean egingo dute galdeketa Andoainen, eta Donostian eta Irunen ere lotuta daukate galdeketa. 2018an emango lukete pausoa bi hiri horiek, “udazken aldera, ziurrenik”.

“Gauzak ondo, litekeena da urtea amaitzerako Gipuzkoa osoan erabakitze eskubideari buruzko galdeketak eginda egotea”. Izan ere, Andoain, Donostia eta Irunekin batera, Hondarribia, Urnieta, Aia, Mendaro eta Beizama bakarrik falta dira galdeketak egiteko. “Eta ea olatu horri segika Hondarribiak eta Irunek elkarlanean antolatzen duten galdeketa. Hori eginez gero, pentsatzekoa da Gipuzkoan faltako liratekeen herri txikiago horiek ere pausoa emango luketela. Horretan saiatuko ginateke”.

Mikelarenak azaldu duenez, “pauso garrantzitsua” eman dute hiri nagusiek. “Garai batean pentsaezina zen Donostian edo Irunen galdeketa egin zitekeela planteatzea bera ere, eta ea ahalik eta dinamikarik indartsuena lortzen dugun, emaitza bera ere ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin”. Horixe baita helburua, herritarrei hitza eman eta parte hartzea. “Iritsiko da baiezkoa edo ezezkoa emateko unea ere, baina, gaur-gaurkoz, erabakitzeko eskubidearen inguruan oinarria eraikitzen ari gara herri honetan”. Bide horretan Mikelarenak “ezinbestekotzat” jo du herritarren parte hartzea. “Ondoren baietz edo ezetz bozkatuko duten horien guztien parte hartzea. Bakoitzak eman ditzala arrazoiak eztabaida sano baten bidez”.

Orain artekoari gainbegiratua ematea garrantzitsua izaten da pausoak eman ahal izateko, eta, alde horretatik, “oso balorazio positiboa” egin du Gure Esku Dago-ren Gipuzkoako arduradunak. “Lehen galdeketak egin baino lehen, inork ez zuen pentsatuko olatu honek hainbesteko dimentsioa hartuko zuenik. Ereindako hazia ari da fruituak ematen, eta oraindik ere emango ditu gehiago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.