“Ituna harrobiko gazteentzat izango da onuragarria”

“Ituna harrobiko gazteentzat izango da onuragarria”

Miren Osa Galdona

Apirilean lortu zuen Sammic Iraurgi saskibaloi taldeak datorren denboraldian Espainiako Urrezko LEB ligan jokatzeko aukera. Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko baldintzak bete ezean, bi taldeak elkarren aurka ariko dira 2017-2018 denboraldian. Hori dela eta, bi klubek hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Maier Lizaso Iraurgi Saskibaloi Taldeko presidenteak (Azpeitia, 1973) azaldu duenez, hitzarmenak harrobia “egituratzeko” balioko du. Denboraldi honetako helburua “gozatzea” izango dela azaldu du.

Iraurgik Urrezko LEB ligan jokatuko du denboraldi honetan. Zein aurreikuspen dauzkazue? Mailari eustearekin gustura?

Gipuzkoako gizonezkoen saskibaloia egituratzeko hitzarmena sinatu berri dugu. Horren arabera, datorren denboraldian Urrezko LEB liga jokatuko dugu, kantxan lortu dugulako hor egotea; baina hurrengo denboraldian GBCk eta Iraurgik maila berean jarraitzen badugu, behera jaitsiko ginateke gu, Gipuzkoako bigarren talde gisa. Helburua, beraz, ez da mailari eustea, gozatzea baizik. Lortu duguna probatu eta gozatu egin nahi dugu.

Ados zaudete Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenarekin eta diru laguntzekin? Hau da, GBCri 250.000 euro eta zuei 180.000 euro.

Azkenean, ados, ados… Ados ez da hitza. Horrela joan da. GBCk urte gehiago daramatza profesional mailan lehiatzen: ACB ligan ere aritu zen zenbait urtez, baita Urrezko LEB ligan ere… Oraintxe igo gara gu. Ondorioz, haiei dagokie Gipuzkoako piramidearen puntan egotea. Guk onartu egin dugu hori horrela dela, eta akordioa itxi dugu.

Denis Itxaso Aldundiko Kirol diputatuak esan zuen ez zela “komenigarria” gaur egun Gipuzkoako bi talde maila berean egotea. Kirol arloari dagokionez, hori al da errealitatea?

Oraindik ez dakigu GBCk zein aukera dituen mailaz igo eta ACB ligan jokatzeko: izen emateak ez dira zabaldu. Baina igotzeko itxaropentsu eta gogotsu daude haiek. Ez dakigu non lehiatuko den. Eskubidea dute kantxetan lortu zutena aldarrikatzeko. Beraz, oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Urrezko LEB ligan gaude gu, eta komenigarria edo logikoa den ez dakit, baina futbolari begiratzea baino ez dago: Eibar eta Reala hortxe daude, biak maila berean lehiatzen. Urte bat lehiatuko gara, lortu dugun hori probatuz. Sasoi honetan hori da asmoa. Azken batean, bi taldetan ariko dira Gipuzkoako jokalariak, eta hori ona da guztiontzat.

Iraurgik garrantzi handia eman izan dio harrobiari. Gazteen garapena bermatzen al du hitzarmenak?

Iraurgik, dudarik gabe, beheko mailetako gazteei ematen die garrantzirik handiena: 8-10 urteko neska-mutilei. Nesken taldea ere Bigarren Mailan dagoela ikusi besterik ez dago. Txiki-txikitatik hasi eta goiko talderaino iristen da gazteei ematen diegun garrantzia. Azkenean, uste dut goikoak ez duela zentzurik harrobiko gaztetxo baten ilusiorik gabe. Horixe gara gu. Gure lan egiteko modutik kanpo geratzen da Urrezko LEB ligan aritzeko etxekoak ez diren hamar jokalari fitxatzea. Beraz, gu beti aritzen gara harrobiko jokalari horiek aurrera irtengo diren ilusioarekin lanean, egunen batean nonbaitera iritsiko diren itxaropenarekin. Gipuzkoan asko lagunduko du itunak. Esaterako, jokalari gazte batek mailaz maila jokatuz joan beharko du ACB ligara iritsi nahi badu. Egitura hori sortu da, eta, batez ere, harrobiko gazteen garapenerako izango da onuragarria. Gainera, egunen batean gazte bat goraino iritsiz gero, sorrerako klubari zerbait iritsiko zaio. Izan ere, jatorriko klub hori izan da jokalari horren bilakaeran lagundu duena.

Etxeko jokalariei eusteak izaera jakin bat zehazten al du?

Bai, guk argi daukagu hori. Laster, 50 urte beteko ditu Iraurgik. Ni neu ere jokalari izandakoa naiz, eta, azkenean, txiki-txikitatik balio batzuk lantzen dira. Esaterako, kirola, heziketa, diziplina eta lagun artea. Garrantzitsuenak horiek dira: harrobia eta taldea.

Beraz, pentsatzekoa da fitxaketa gutxi egingo dituzuela hurrengo denboraldirako, ezta?

Batzuk izango dira; fitxaketak egin behar dira. Zilarrezko LEB ligan egin genituen, eta espero dut sasoi honetan ere egingo ditugula. Baina etxekoek izango dute lehentasuna: aurreko denboraldian jokatu zutenek eta Gipuzkoako harrobiko gazteek.

Arlo ekonomikoan, nola eragin dizue mailaz igotzeak?

Azkenean, dena da garestiagoa: izen ematea, abalak, kuotak, fitxaketak… Bidaiak, gutxi gorabehera, mantendu egingo dira. Jokalari eta entrenatzaileen fitxek ere gora egin behar dute. Azkenean, ACBren azpian ariko gara lehian, eta Azpeitira etorriko diren taldeen maila ez da edonolakoa izango. Beste maila bat da, eta ondorioak ditu horrek.

Zer esango zenieke zaleei?

Txapela kendu beharra daukat zaleen aurrean. Txalogarria da Zilarrezko LEB ligan 600 zalek kantxa betetzea. Haiek lagundu digute igotzen. Elkarri ematen diogu aurrera jarraitzeko behar dena. Jarrai dezagun gozatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.