“Jendearen parte hartze handiagoa nahiko nuke Ormaiztegin”

M. Luki

Ofizioz, pintorea da Anjel Elorza (Ormaiztegi, 1960), Irizar enpresan; eta afizioz, argazkilaria. Ormaiztegin gertatzen den kasik dena jasotzen du kamerarekin.

Nolakoa da Ormaiztegi?

Herri txikia da, lasaia. Zenbait zentzutan beste era batekoa izatea gustatuko litzaidake.

Zein zentzutan?

Herri dinamikoagoa izatea nahiko nuke; jendearen parte hartzea handiagoa izatea, alegia. Izan ere, ekintzak antolatzen dira, baina kosta egiten da jendea mugitzea.

Betidanik izan da hala?

Bai. Diktadura amaieran, akaso, parte hartzea handiagoa izan zen, eta orain sumatzen dut beste bultzada bat emateko gogoa. Kultur talde bat eratzear dago; oraingoz, Whatsapp talde bat sortu da bakoitzaren ekarpena neurtzeko.

Kamera aldean eraman ohi duzu beti, eta ekintza ugari izoztu ere bai. Nabarmentzekoren bat?

Irizarren lan egiten duten brasildarren festa bat. Brasil eta Euskal Herria eskutik hartuta, jana, edana, musika eta dantza izan ziren, eta gustura geratu ginen.

Zein duzu Ormaiztegiko tokirik kutunena?

Aranguren Txiki gure baserriaren ingurua, autobidea egin zutenetik zarata handiagoa dagoen arren, gustuko tokia dut.

Herria asko aldatu al da azken urteotan?

Jende asko etorri da lanera, eta familia osatu dute askok. Atzerritar asko dago, marokoarrak bereziki. Pixkanaka integratzen ari dira, eta bitxia da haurrak euren artean euskaraz hitz egiten entzutea.

Euskarak indarra al dauka herrian?

Eskola bakarra daukagu, eta D ereduan ari dira bertan. Oso herri euskalduna da Ormaiztegi, eta haurrek nahiz gaztetxoek euskaraz egiten dute.

Zein erronka dauzkazue?

Biztanle kopurua haztea eta etxebizitza gehiago egitea. Egun, esaterako, zailtasunak dituzte kirol taldeak osatzeko. Azpiegiturei dagokienez, kultur etxe egoki baten behar handia dago, eta pilotalekuak nahiz kiroldegiak berritzeko premia daukate.

Zein da herriaren indargunea?

Zenbait ohitura eta jairi eusten jakin duen herria da Ormaiztegi.

Zumalakarregi museoak lagundu al dizue horretan?

Museoak sekulako ekarpena egin dio herriari. Ekintza asko antolatzen du; oso integratuta dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.