Beix koloreko Euskal Herria

Leire Narbaiza

Ez dakit herriek kolorerik duten, eta izanda ere, badakit ezin daitekeela orokortu, giza taldeak heterogeneoak direlako, denetatik dagoelako eta tar, tar, tar… Ezaguna dut diskurtsoa, nik neuk ere praktikatu dudalako. Baina ez dezagun geure burua engaina; margotu izan balute gure herria, eta bertako guztiok, emandako ikuspegi nagusia beixa izango zatekeen.

Askok usteko dute hanka sartu dudala, esango didate Euskal Herriari ondoen datorkion kolorea grisa dela. Nik ere hori pentsatzen nuen, baina grisa —gure arbasoendako urdina— erraz molda daiteke, belztu, zuritu edota alaitu. Ia kolore guztiekin dator ondo eta gama zabala du. Margo alai baten ondoan jarrita, erraz piztu eta alegre bihurtzen dugu. Gainera, janzteko orduan ere, dotore askoa da, elegantea.

Beixa, ostera, graziarik gabeko kolorea da, kolore motela. Beix argia bada, zuri zikina dirudi, distira bakoa; ilunagoa bada, marroira ere ez da iristen, eta marroia benetan kolore zatarra da! Beraz, zatarra izateko ere falta zaio, txepela eta gatzgabea delako. Hori gutxi balitz, konbinatzeko orduan ere ez du emaitza onik ematen, eta bere gamakoekin bakarrik ezkontzen da ondo. Hori dela eta, alegrantzia gutxi emango digu tonu horrek.

Gainera, beixa diskrezioaren sinboloa da. Diskrezioarena baino gehiago, diskretukeriarena. Diskrezio kontu horrek ez nabarmentzea esan gura du, masa izatea, denon modukoa. Statu quo baten lagatzea guztia, betiko moduan, ezer aldatu barik. Uste dut ez dela kointzidentzia Harrotasun LGTBIQ+eko martxa eta desfileetan kolore aniztasuna izatea ikurra, bandera ere ostarkuarena da, funtsezko zazpi koloreak dituena, zuriaren argiaren deskonposizioa dena. Kolore guztiak, alegia. Beixik ez duzue aurkituko aldarrikapen horietan!

Beste alde batetik, beixa paisaiarekin mimetizatzeko tonua ere bada. Bestela galdetu Zumaiako udaletxean, ea zenbat litro pintura beix gastatu dituzten Erribera kaleko horma zatitxo horretan! Idazten ari naizen unean 46 mural dituzte eginak, eta beste horrenbeste estaliak gure gaurko kolorearekin. Tira, ia edozein herritan da arrunta pintura hori horrelako adierazpenak tapatzeko. Gogoratu, bestela, Mikel Laboaren omenez Antiguan egindakoa zelan ezabatu zuten: pintura hori berori erabilita. Hortaz, esan genezake beixa dela adierazpen askatasuna orbaindu eta lausotzen duena, ezta?

Baina zergatik egokitu diot kolore hori Euskal Herriari? Bada, hemen, arestian esan dudan legez, diskretu izatea bertutea delako, ez nabarmentzen irakatsi digutelako. Serio eta formalak izaten, langileak. Etxe askotan lelo hau ikasi dute: ikusi, entzun eta isildu. Hori baino irakaspen zapaltzaileagorik!

Era berean, oso beixa izatea begitantzen zait niri Ibarretxek esan zuena hauteskundeak irabazi ostean: “Eta bihar 08:00etan, lanera”. Hori da gure estiloa, txindurritxoak izatea, berakatzak baino finagoak, nabarmendu barik, alaitasun kontrolatuan!

Batzuek nahiago genuke gure herrialde hau morea balitz, berdea, gorria, edota nabarra (baina ez arrea, koloreaniztuna baino), ostarkuak margotua, aldakorra, distiratsua, alaia, bizia. Beixak, ostera, erdipurdikokeria baino ez dakar, arrisku bariko bizitza, imajinazio bakoa.

Badakigu beixtasunak emandako bizitzak ez dakarkigula sorpresarik. Baina nork nahi du sorkuntzarik gabeko mundua? Bris-bris egiten ez duena, uniformea eta graziarik ez duena? Nik, behintzat, ez!

Leave a Reply

Your email address will not be published.