Elgarresta: “Ardura kolektiboa da, ez bakarrik emakumeona”

E. Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritza bilerak egiten ari da, eskualdez eskualde, udaletako ordezkariekin. Helburua: iazko azaroaren 25ean aurkeztutako DenokZu sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina zabaltzea, eta kanpaina horren eduki eta materialak udalen esku jartzea. “Gipuzkoako ia eskualde guztietan egin ditugu aurkezpenak; Urola Kosta eta Irun eta Hondarribia soilik falta dira”.

Indarkeria matxistaren kontrako Aurre foru planaren parte da DenokZu kanpaina. “Foru planak lau atal ditu: emakumeei arreta zerbitzua eskaintzea, ikerketa sustatzea, formazioa ematea, eta prebentzioa eta sentsibilizazioa bultzatzea. Laugarren atal horretan sartzen da kanpaina hau”, azaldu du Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak.

Emakumeak sufritzen duen edozein indarkeriari aurre egitea du helburu DenokZu kanpainak, eta gizarte osoa jartzen du jomugan. “Gizarteak kontzientzia hartu behar du emakumeen kontrako indarkeriaren ardura kolektiboa dela, ez bakarrik emakumeona. Denok gara indarkeria honen biktima, emakume zein gizon, eta gu guztion kontrako eraso moduan ulertu behar dugu, aktibatu eta aurre hartu behar diogu. Hortik dator izenburua; denok gara bat, denok gara zu”.

DenokZu kanpainaren zati bat ikastetxeetan garatuko dute, LH3tik LH6ra bitarteko umeekin lan eginez. Beste zatia udal ordezkariekin lantzekoa dela azaldu du Elgarrestak, eta uda garaia eta herriko jaien testuingurua baliatu dutela aurkezpen bilerak egiteko. “Bistan da festa garaian-eta erasoen kopurua areagotu egiten dela, eta DenokZu kanpaina udalentzat tresna bat da festetan gertatzen diren sexu erasoei aurre hartzeko eta zerbait egiteko”.

Eskualdez eskualde egindako bileretan, Elgarrestak sumatu du gaiari buruzko kezka. Eta kezka hori ona dela uste du. “Hau aspalditik dugun errealitatea da, baina orain gertatzen da bistaratzen hasi dela. Eraso kopurua ez dakit, baina salaketa kopurua igotzen ari da, eta argi daukagu hori sentsibilizazioaren ondorioa dela; eta sentsibilizazio horrekin jarraitu behar da, gizarteak arazoa bere egin arte”.

Bestalde, udal txikietan, eta ertain batzuetan ere bai, “hutsune handi samarra” dagoela azaldu du Berdintasun zuzendariak. “Askok protokolorik ez dute, ez daukate zehaztuta erantzuna. Eta batzuk ari zaizkigu deitzen, galdetzeko ea zer egin dezaketen, festen aurretik. Guk sentsibilizaziorako hainbat tresna eta aholku eskaintzen dizkiegu”. Bestalde, gutxieneko antolaketa bat ezinbestekoa dela dio Elgarrestak, “eraso hori gertatzen bada, erantzun ahal izateko”.

Erantzun soziala

Erasoa gertatu ostean emakumeari arreta eskaintzeko protokoloak eta erakunde arteko itunak badaudela dio Elgarrestak, baina ezinbestekoa dela eraso bat gertatu ondoren erantzun soziala eta publikoa aktibatzeko bideak zehaztea ere. “Udalekin egiten ari garen bilerak aprobetxatzen ari gara horretarako. Gure asmoa da erantzun sozial eta instituzionala bateratu eta bideratuko duen protokolo harmonizatu bat egitea, gutxieneko batzuekin, udal guztientzako baliagarria izango dena. Protokoloak zehaztu beharko luke nolako erantzuna eman behar dugun erakundeok, baina baita herriak ere; eta herria osatzen dute bai ordezkari politikoek, baina baita ere elkarte eta eragileek eta banakoek, eta halako kasu baten aurrean guztien aktibazioa lortu behar da. Hori bilatuko du protokoloak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.