“Helburua da musika jarri eta hankak bakarrik joatea”

Rebeka Calvo

Adriana Gaultier gazteak (Leaburu-Txarama, 1993) irabazi du Euskadi Gaztea irratiak antolatutako II. DJ lehiaketa. Besteak beste, musika nahasteko mahai bat etxeratu du, eta BBK Live eta Kutxa Kultur jaialdietan musika jartzeko aukera ere eman dio lehiaketak. Modan dauden boiler room-ak, eta Sonar eta Dekmantel jaialdien modukoak ditu gustuko; jaialdi bereziak, alegia. Musika beltza deritzonetik eratorritako doinuak entzun eta pintxatzen ditu batez ere.

Duela lau hilabete hasi zinen DJ izateko ikasten, eta saria lortu duzu jada. Nola hasi zinen mundu horretan?

Betidanik gustatu izan zait musika, eta ikasten hastea erabaki nuen. Ezagun batzuei galdetu nien ordenagailuan zein programa jaitsi behar nituen; horiek instalatu, eta etxean aritu naiz poliki-poliki. Dakidana eginez eta probatuz ikasi dut.

Kontua ez baita play list edo zerrenda bat osatu eta abesti bat bestearen atzetik jartzea, ezta?

Edozeinek egin dezake hori. Abestiak nahastu behar dira, luzatu… Kantuak ondo nahastu behar dira txukun geratzeko, eta efektuak ere sar daitezke; trikimailu asko daude abestiei ukitu bereziren bat eman ahal izateko.

Entzuten duzun musika hori bera eskaintzen al duzu gero publikoaren aurrean?

Normalean, ez. Publikoaren aurrean jartzen dudan musika baino gehiago entzuten dut. Hip hop eta rap asko entzuten dut, eta saioetan abestiren bat edo beste soilik jartzen dut. Saio bat osorik egingo nuke hip hop edo rap musika sartuta, baina ez diskoteka batean, arratsalde batean-edo agian… Niri gustatzen zaidana eskaintzen dut musika pintxatzen dudanean; house musika jartzen badut, beti izango du jazz, soul, funky edo musika diskoa oinarrian. Teknoa ere entzuten dut, eta baita gaur egungo musika elektroniko guztia ere. Hasieran, beti sartzen dut disko musika originala, eta nahasketa egiten dut; musika beltza eta gaur egungo musika, house eta teknoa uztartzen ditut.

Nola antolatzen dituzu saioak?

Normalean, aurretik jakiten dut zein abesti jarriko ditudan, eta baita abestiak zein segidatan jarriko ditudan ere. Baina egia da jendeak nola erantzuten duen ikusten dudala, eta horren arabera moldatzen dudala saioa. Abestiren batean jendeak ondo erantzuten badu, errepikatu egiten dut. Oreka mantentzen saiatzen naiz.

Hasiberria zarenez, ez zenuen saio asko eskaintzeko aukera izango, ezta?

Donostiako Bataplanen egon nintzen Euskadi Gazteako lehiaketa baino astebete lehenago. Lagunekin-eta jarri izan dut musika, baina profesionalki ez dut izan aukera askorik. Lehiaketarako Donostiako Dabadaban egin nuen saioa, eta lehiaketako finalistok BBK Liven aritzeko aukera izan dugu.

Zer moduzkoak izan dira esperientziak?

Arriskatu egin nuen Dabadaban. Oso urduri nengoen hasieran, baina lasaitu egin nintzen gero, eta asko disfrutatu nuen. Eta oso gustura aritu nintzen BBK Liven. Desberdina da areto batean edo leku ireki batean aritzea; goizez edo arratsaldez aritzea… Hori ere hartu behar da kontuan.

Saio motzak eskaini dituzu orain arte; Dabadaban 25 minutukoa eta BBK Liven 45 minutukoa. Nahikoa al da saioa nahi duzun bezala egiteko?

Nahikoa da, baldin eta zer egin nahi duzun argi baduzu. Bi orduko saioa da aproposa nahi duzuna egiteko, edo, gutxienez, ordubetekoa. Dabadaban lau abesti soilik jartzeko denbora geneukan; azkenean, kanta bat beste baten barruan sartu nuen, eta bost abesti jarri nituen. Lau abestirekin bakarrik, oso ondo pentsatuta eraman behar izaten da dena.

USBa ala ordenagailua erabiltzen duzu?

Mahai onek USBa konektatzeko aukera ematen dute, eta nahikoa da horrekin. Beste batzuetan, ordenagailua lotu behar izaten zaie, baina ez dago horren ondo onartuta. Ordenagailuko zenbait programak abestiak nahasten dituzte, eta tranpak egin daitezke. Nik abestiak ikusi eta aukeratzeko bakarrik erabiltzen dut ordenagailua. Bestela aspertu egingo nintzateke; arriskua gustatzen zait.

Lehiaketako emakumezko bakarra zinen. Gizonezko gehiago al daude mundu horretan?

Bai. 40 pertsona aurkeztu ginen Gaztearen lehiaketara, eta, hamabi sesioren artean, hautaketa egin zuten. Oso pozik nago emakume bakarra izan eta irabazi dudalako.

Mahai berri bat duzu orain, sari moduan jasotakoa. Hasi al zara mahaia probatzen?

Ez dut denborarik izan. Nirea baino askoz hobea da mahaia, eta segituan hasiko naiz programak jartzen eta probatzen; hobetzeko aukera emango dit horrek. Nire mahaia oso sinplea da, eta aukera gutxi ematen du; nahastu, bi efektu sartu, eta kito. Efektu gutxi ditu, baina, ondo eginez gero, gauza asko egin daitezke.

Autodidakta zara. Horrela jarraitzeko asmoa al duzu?

Mahai berriarekin ere bakarrik ikasten jarraituko dut, galderak eginez. Asko ikasten ari naiz lehiaketan ezagutu ditudanei galderak eginez. Trikimailuak elkarri irakasteko aukera dugu.

DJa musika jartzen hasi, eta denak begira, kontzertua balitz bezala. Zer sentsazio izaten da?

Arraroa da. Helburua da musika jarri eta hankak bakarrik joatea. Hori lortzen ez baduzu, denak begira badaude, zerbait gaizki egiten ari zaren seinale. Musikak eraman egin behar zaitu. Ez zait gustatzen hasi bezain pronto jendea saltoka hastea ere; disfrutatzea nahi dut, poliki-poliki joatea eta jendeak ahotsekin, doinuekin… gozatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>