“Herri osoaren gaitasuna dago Elkanoren irudiaren atzean”

Ane Olaizola

Mundubira 500: Elkano fundazioa sortu dute Getariako Udalak, Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Juan Sebastian Elkanok 1519tik 1522ra munduari emandako biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko. Elkanori eta espedizioari buruzko aholkularitza historikoa eman die Xabier Alberdi historialariak (Zarautz, 1969) erakundeei.

Nondik nora sortu zen fundazioa sortzeko ideia?

Gainean dugu mendeurrena, eta Getariako Udalak duela urte batzuk ikusi zuen horri erantzun bat eman behar zitzaiola. Elkanok Getariatik haratago dauka garrantzia, eta arduradunek hasieratik garbi zuten proiektua ez zuela landu behar Getariak berak bakarrik; beste erakunde batzuen babesa ere beharrezkoa zela ikusten zuten. Behar hori izan zen fundazioa sortzeko abiapuntua.

Zein izan da zure ardura sortze prozesu horretan?

Historialari gisa, aholkularitza historikoa eman diet erakundeei, haiek, ondoren, diskurtsoak eta txostenak sortu ahal izateko.

Erakundeek nola babestu dute proiektua?

Aipatzekoa da Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu dutela proiektua. Ez da oso ohikoa izaten hori.

2019an 500 urte beteko dira Elkanoren espedizioa abiatu zenetik. Zertarako balio beharko luke urteurrenak?

Euskal Herriarentzat aukera izan behar du. Askotan, erosi egin behar izaten dira halako aukerak, eta garesti ordaindu behar izaten dira. Baina doan datorkigu hau, eta ez dugu inorekin lehiatu beharrik. Aukera bat da aldarrikatzeko gure herriak zein gaitasun izan dituen eta zein ekarpen egin dituen munduan barrena.

Elkanoren karikatura egina daukagu. Antolatzeko gaitasun handia zuen gizon hark, eta horri esker egin zuen espedizioa. Hornikuntza guztiak, gainera, Bilbon eginak ziren, eta espedizioan parte hartu zuten gehienak euskaldunak ziren. Hor dago ekarpen hori guztia, baina Elkano aipatzen da beti, eta haren karikatura egiten dugu. Gauzak ez dira horrela; herri osoaren gaitasuna dago Elkanoren irudiaren atzean, eta hori ez dakigu. Herrialde guztiek erabiltzen dute historia beren burua munduan kokatzeko, eta guk zergatik ez dugu egingo? Aurkezpenean, Getariako alkateak [Nika Lertxundik] esan zuen moduan, iraunkorrak eta adimentsuak izango dira egingo diren egitasmoak. Hau da, onurak ekarriko dizkiote gure herriari.

Parte hartzaileak ere izango direla aipatu zuten. Herri eragileek zer leku dute honetan guztian?

Getarian egina dute lanketa bat proiektuaren inguruan egitasmo parte hartzaile bat martxan jartzeko. Herrian bertan hasiko dira horretan, eta zabalduz joatea da asmoa.

Zein ekitaldi egingo dituzue?

Kultur arlokoak izango dira ekitaldi batzuk. Historialari gisa, gurea den diskurtso bat eraiki beharra daukagula uste dut. Izan ere, ez dago Elkanori eta munduari emandako itzuliari buruzko euskal diskurtsorik. Besteek eraikitako diskurtsoak dira guztiak, eta guk geuk barneratu egin ditugu gero. Lanketa ikaragarria dago egiteko. Gure herriari prestigioa edo izen ona emateko elementua izan behar du proiektuak.

Azken urteotan ugaritu egin dira itsas ondareari buruzko ekintzak. Nola ikusten duzu egoera?

Gure ondarea da itsas ondarea, baina baztertuta daukagu. Herri gisa definitzen gaituen ondare nagusienetakoa da. Alde horretatik, lanketa ikaragarria dago egiteko. Hainbat herrialdetan, itsas kulturan oinarritutako turismo eredua dute garatuta, ondare hori bera delako turismoaren giltzarria.

Non dago ondarea zaintzearen eta turismoaren arteko oreka?

Ondarea bizi mantentzeak dakar oreka. Gure ondarea museoan sartzen badugu, zaila izango da orekari eustea. Ondare hila izango da hori. Bizia izan behar du ondareak; ofizioak, jarduerak, ezagutzak… bilduko ditu. Horrek izan behar du ondare materialaren euskarria, eta ez alderantziz. Bizirik dagoenak bere lekua hartzen du. Hor dago gure erronka.

Ezaguna da Elkanok egin zuen lorpena. Baina gizarteak zer daki pertsonari buruz?

Ezer gutxi, tamalez. Interesatua da pertsonaz eta bidaiaz jaso dugun kontakizuna. Piramidearen gailurrean ez da egongo gertakariaren aldaketarik; hau da, munduari buelta eman zion. Baina, hara iristeko bidean, ezezaguna da azpian dagoen guztia.

Elkanoren zer azpimarratuko zenuke?

Orduko euskal gizartearen ohiko ordezkaria izan zen. Munduari buelta eman zionak euskalduna behar zuen izan. Hemen zegoen itsas teknologiaren gailurra, eta bizpahiru mende zeramatzaten Europako itsas-merkataritza lanak egiten. Espainiar inperioa zabaltzen ari zen orduan, eta euskal azpiegitura guztia oso garrantzitsua izan zen haientzat.

Elkanoren zortzi agiri aurkitu zituzten iaz Aian. Horrek zer ekarpen egin dio historiari?

Elkanori berari egin diote ekarpenik handiena. Elkanok eskuz idatzitako gutun bat aurkitu zuten, eta garai hartan oso pertsona gutxik zekien idazten. Elkano pertsonaia abenturazalea eta ez oso jantzia zela azaldu zuen Canovas del Castillok, irudi hori eman zuen, baina latinez idatzitako testuak utzi zituen hark. Garai hartan, hizkuntza kriptikoa zen latina, eta dokumentu horrek irauli egin du irudi hori. Piramide osoa eraiki behar da, beraz.

Urteurrena igarota, zer funtzio izan behar luke Mundubira 500: Elkano fundazioak?

Gure historia konplexurik gabe kontatuko bagenu, ikaragarria izango litzateke lorpena, eta horrek ekarriko luke jarraipena. Elkanok martxan jarritako prozesua ez zen amaitu munduari emandako lehenengo biran. 50 bat urte geroago, Andres Urdanetak lortu zuen itzulerako bidea jakitea. Euskal itsas jakintzari esker, edozein lekutara joan eta etorri gaitezke egun. Euskal ekarpenei segika egindakoak dira hegazkinen itzuliak. Munduak ez daki hori, eta, beraz, oraindik ere asko daukagu egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>