“Ordezko zerbitzua behar da”

“Ordezko zerbitzua behar da”

Unai Zubeldia

Ez dute zalantzan jarri Irun eta Astigarraga artean abiadura handira egokituko den trenbide zabalera egokitzeko hirugarren erraila jartzeko lanak egin behar diren edo ez. “Eurek jakingo dute hori”. Baina Gipuzkoako Ahal Dugu-k salatu egin ditu herritarrak Renferen zerbitzuetan jasaten ari diren kalteak. “Bi zerbitzuri ekarri diete kaltea: distantzia luzeko trenei eta distantzia motzekoei”. Azken horrekin dago bereziki arduratuta Juantxo Iturria, Gipuzkoako Ahal Dugu-ko bozeramailea (Donostia, 1981). “Ordezko zerbitzua behar da; Pasaian, Renferen zerbitzutik Euskotrenera ordaindu gabe igarotzea besterik ez dute proposatu, baina hori ez da nahikoa”. Batzar Nagusietan eskaera eginda dauka Ahal Dugu-k, baina, opor garaia izaki, irailean helduko diote gaiari.

Adif, Renferen azpiegiturez arduratzen den enpresa, 2015etik ari da egokitzapenak egiten, eta joan den apirilaren 19tik nabarmen murriztu da gune horretako tren zerbitzua. “60 gutxiago eskaintzen ari dira egunero”. Jose Antonio Bayo Irungo geltokiko kontrolatzaileak eta CGT sindikatuko ordezkariak (Ourense, Galizia, 1963) gaineratu duenez, distantzia laburreko 39 trenetatik 22 kentzen ari dira egunero.

Horrelako kasuetan autobus zerbitzua indartu izan dutela azpimarratu du Iturriak; horregatik, ez du ulertzen oraingo honetan zergatik ez duten egin halakorik. “180 milioi euro inguruko obra da, eta hiru milioi euroko kostua edukiko luke tren zerbitzua murriztu duten guneetan autobusak eskaintzeak. Arrazoi ekonomikoak daude erabakiaren atzean”. Bayok 180 milioi eurotik “goraxeago” bidali du kostua.

Iturriaren hitzetan, ondorio “dramatikoa” izan du Renferen erantzunik ezak. “Herritar askok erabiltzen dute Irun eta Donostia arteko zerbitzua, eta asko eta asko euren autoa hartzen hasi dira, garraio publikoak ez dielako bermatzen beharrezkoa duten zerbitzu hori. Kutsadura handiagoa esan nahi du horrek, kontsumo handiagoa… Zerbitzu publikoek irtenbiderik ez ematea, hori da larriena”. Bayok azaldu duenez, Gaintxurizketako tunelean daukate arazo tekniko larriena, errail bakarra dagoelako bi norabideetarako. “Orduro lau tren bakarrik igaro daitezke hortik”. Behin lanak amaituta, autoa aukeratu duten horiek tren zerbitzura itzuliko ote diren ez du argi Iturriak.

Hainbat langilerekin harremanetan jarri da Ahal Dugu. “Eta informazio asko eman digute, Renfek eman ez diguna. Langile kontzientzia sendoa dago alor horretan, eta arduradunek neurriak har ditzaten nahi dute langileek ere, benetako zerbitzu publikoa eskaini ahal izateko”. Are gehiago, Iturriak azaldu duenez, Renfeko langile horiei berdin zaie herritarrak Euskotrenera bideratzea. “Zerbitzu ona bermatzea dutelako euren lehentasuna”.

Irundik Hendaiarako jauzia eginda, bi herri horien artean sortu den “amildegia” ere salatu du Ahal Dugu-k. “Orain artean, Paristik Irunera arteko bidea egiten zuen Abiadura Handiko Trenak, baina aurrerantzean Hendaian geldituko dira. Egunero tren bakarrak egiten du Hendaia eta Irun arteko bidea. Horrek, noski, kaltea eragingo dio Irungo geltokiari”. Ahal Dugu-ren ustez, “ulertezina” da Europako zabalera izango duen hirugarren erraila jartzeko lanak egitea eta Hendaia eta Irun artean “zuloa” sortzea.

Renferen azalpenak

Ahal Dugu-ren salaketaren berri jasota, hartu beharreko neurriak hartu dituela adierazi du Renfek. “Euskotrenekin akordioa lortu genuen gure erabiltzaileek eurena doan erabil zezaten; Euskotren geldirik dagoen orduetan, autobus zerbitzua jarri dugu Irun eta Lezo-Errenteria artean; ibilbide laburreko txartelarekin, eskualdeko eta ibilbide ertaineko trenak erabiltzeko aukera dago; eta herritarrentzako arreta zerbitzua ere martxan dago Renferen webgunean, Donostiako bulegoetan, 943-84 12 51 telefono zenbakian eta Twitter kontuan”.

Lanek hamabost hilabete iraungo zutela azaldu zuen Renfek. “Baina hiru urtetik gertuago ibiliko direla uste dut”, aipatu du Bayok. Buruhausteak sortzen ari dira lanak. “Eta, ia beti bezala, herritarrak dira kaltetuenak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.