Eguzkiak bi aldiz argitzen du

Eguzkiak bi aldiz argitzen du

Imanol Garcia Landa

Azpiegiturei dagokienez, apiriletik hona zertxobait aldatu da Abaltzisketako paisaia. Ezaugarri berezi bat duten bederatzi farol jarri dituzte herrian: gainaldean, eguzki plaka bat dute. Landargi egitasmotik emandako diru laguntza baliatuta animatu dira herrian horrelako farolak jartzera.

Aurreko legealditik datorren proiektu bat da Landargi. Herrialde bakoitzeko udalerri bati deitu zion Eusko Jaurlaritzako Hazi erakundeak, eta Abaltzisketa aukeratu zuten Gipuzkoan. Eguzki plaka bidez funtzionatzen duten farolak jartzeko laguntza emango zietela jakinarazi zieten, eta baiezkoa eman zuen Abaltzisketak. “Proiektuak gure filosofiarekin bat egiten zuela ikusi genuen. Landa eremuak eta herriguneak zerbitzu berdinak izatea da gure asmoa, eta proiektua bat zetorren ideia horrekin”, adierazi du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak.

Hazik 24.000 euro eman zizkion herri bakoitzari, eta, ondoren, bakoitzak erabaki zuen zenbat farol jarriko zituen. Bederatzi jarri dituzte Abaltzisketan. “Herri txikia gara, eta baliabideekin komeriatan ibiltzen gara beti”, esan du Zubizarretak. 35.000 euroko gastua izan dute farolak jarrita; beraz, 11.000 euro jarri ditu udalak, eta beste 2.000 euro ere gastatu ditu farol horientzako oinarriak egiteko.

Kablerik ez dutela behar, hori da horrelako farolak jartzearen abantaila nagusietako bat, eta, ondorioz, ez dela lubakirik egin behar kableentzako. “Farola jarri behar den lekua eguteran egotea izan da baldintza bakarrenetakoa. Bestela, neguan batez ere, egun osoan bateriari ez diolako denborarik emango kargatzeko”.

Baldintza hori kontuan hartuta, udalean zehaztu zuten zein eremutan jarriko zituzten farolak. Herri bilera batean plazaratu zuten gaia, eta alkateak lanketa bat egin zuen aurretik. “Herriko auzo bakoitzean zenbat biztanle eta zenbat ukuilu dauden kontuan hartuta, puntuazio sistema bat zehaztu genuen”, azaldu du Zubizarretak. Herri bileran hizketan hasitakoan, baina, beste irizpide bat hartu zuten kontuan: auzoetako bidegurutzeetan autobus geltokiak daude, eta lehentasuna horiei ematea erabaki zuten. Hala, farol bana jarri dute Sasiainen, Olanoburun eta Pildain-Zelaiko bidegurutzeetan. Arandi auzoan jarri dituzte beste hiru farol, hango biztanleek interesa zutelako. Eta herritik Larraitz alderako bidean jarri zituzten azken hirurak, bidegorrian, ordura arte zegoen argiteria publikoaren segidan eta hiru baserriren ondoan.

Behin farolak jarrita, beste eremu batzuetatik eskari gehiago egin dituzte udaletxean. “Nola funtzionatzen duten ikusi nahi dugu lehendabizi. Uda da orain, eta pentsatzekoa da bateria errazago kargatuko zaiela. Ikusi egin beharko da neguan, eguraldi ilunarekin, benetan kargatzen diren eta gau osoa irauteko gaitasuna daukaten”. Zubizarretak zehaztu duenez, “erabateko bermea” eman diete. “Punta-puntako teknologia daukate, enpresatik bertatik kontrolatzen baitute farol bakoitzak zenbateko intentsitatearekin ematen duen argia”.

Alkateak jakinarazi du farolak oraingoz ondo funtzionatzen ari direla eta gustura daudela. Zortzi urteko iraupena dute bateriek, eta urte horietan zentimorik ez dutela gastatuko nabarmendu du. “Diru laguntzari esker, bederatzi jarri ditugu orain, eta etorkizunean ikusi egin beharko dugu beste laguntzarik jaso ote dezakegun. Gurearen gisako herri batentzat garestiak dira horrelako farolak, baina herritarrek nahi badituzte eta eskaera egiten badute, beste bizpahiru jartzeko aukera izango dugu agian”. Zubizarretaren ustez, “seinale ona” da jendeak gehiago eskatzea. “Inbertsioak zentzua izan duela esan nahi du horrek”.

“Goi mailako” teknologia

Ekionari eman zioten farolak jartzeko lana. 2010ean sorturiko enpresa horrek Donostian du egoitza, eta lauzpabost urtean aritu da produktua garatzen; merkaturatzeko lanean aritu da azken bi urteetan, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean; Ekialde Hurbilean, adibidez.

Peru Iurramendi Ekionako ikerkuntza eta garapen teknikariak azaldu duenez, “produktu interesgarria” da. “Goi mailakoa da teknologikoki, eta merkaturatzeko hainbat aukera izaten ari gara”. Itzalpean ez badago, eguzki plaka edozein lekutarako dela aproposa azaldu du Iurramendik. Proiektu bakoitzerako ezaugarri jakin batzuk zehazten dizkiote produktuari: nolako plaka izango den, zenbateko bateria izango duen, zer kontsumo izango duen… “Gai gara munduko ia edozein lekutan funtzionatuko duela bermatzeko”. Eta Iurramendiren ustez abantaila bat ere badu: “Edozein leku bakartitan, borda batean edo kablerik ez daukan bide edo urbanizazio batean ere jar daitekeela”.

Eguzki panelak sortzen du energia, bateriak energia hori gorde egiten du, eta zentralitak argiaren kontsumoa kontrolatzen du. “Teknologia arloan azken urteotan aldaketa nabarmenagoa izan da kontsumoan, energia sortzeko prozesuan baino. Eguzki panelak garapen indartsu bat izan zuen, eta gaur egun nahiko egonkor dago”. Iurramendiren arabera, LED teknologia merkaturatzean izan da aldaketarik handiena. “Aurreko argiztapen sistemak baino askoz gutxiago kontsumitzen dute LED argiek, eta, modu eraginkorrean kudeatuz gero, iraupena luzatzea eta argi kalitatea hobetzea lortzen da”.

Iurramendiren hitzetan, aukera asko daukate zabaltzeko: “Aurrerapen handiak ikusten ari gara baterietan, eta LED argien alorra ere hobetzen ari da. Bi norabide horiek onuragarriak dira gure produktuentzako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.