“Eraiki ez, kendu egingo nuke, Madurako saihesbidea, batez ere”

Loinaz Agirre

Arkitektoa da Koldo Telleria (Segura, 1972), eta ondo ezagutzen du herriaren egitura.

Nola deskribatuko zenuke Segura?

Aizkorri azpian, Madura gainean pausatuta dagoen herri jatorra.

Eta segurarrak?

Herria harrotasunez bizi duten pertsonak dira segurarrak.

Nolakoa da Segura arkitektura kontuan hartuta?

Izan garena erakusten du herriak, eta oso neurri handian mantentzen du ondare materiala eta immateriala. Bere inguru naturalarekin hartu-emanean jarraitzen du Segurak.

Zer hobetuko zenuke aukera bazenu?

Mugikortasuna; Zerkaldeari jarraitutasuna emango nioke Zegama aldera. Inguruko herriekin genuen hartu-emana berreskuratzen lagunduko liguke horrek, eta herri irekiago eta biziagoa izaten ere bai. Segura betidanik izan da pasoko herria.

Zer eraikiko zenuke herrian?

Eraiki ez, kendu egingo nuke, Madurako saihesbidea, batez ere. Bestalde, estalian edo ezkutuan dagoena eta erabiltzen ez dena berreskuratuko nuke: Gebara etxea, lorategi pribatuak, Hirupottone etxea, hiltegia, harrizko zoru originalak…

Zein duzu lekurik kutunena?

Kanpotorratza; ingurabidearen zaratarik gabe, noski. Herriak eta naturak bat egiten duten gune ederra da; umetan gauza asko bizi izan genituen helduen begiradetatik ezkutatuta.

Festazalea da herria. Urteko zein ekitaldi duzu gustukoena?

Galdera zaila da hori; lore azoka, erdi aroko festa, Iparra Hegoa, sanjoanak… Asko eta ederrak dira. Baina nik herri afariak ditut gustukoen. Kuadrillaka etxean edo elkartean prestatutakoa plazan banatzen denean, San Isidro egunekoa edo Arantzazu auzokoona, adibidez.

Hainbat parte-hartze prozesu egiten ari dira herrian. Zer iruditzen zaizkizu?

Erabakiak hartzeko eredu berri eta zentzuzkoagoak iruditzen zaizkit horrelako prozesuak; gutxi batzuek askoren bizitzan eragin ordez, pertsona orok izan dezala aukera bere bizi eredua multzoaren barruan adosteko. Bide konplexuagoak eta luzeagoak dira horiek, lan gehiago eskatzen dutenak, baina askoz egokiagoak izaten dira emaitzak, adostuagoak. Ibilbide luzean lan sakona egiten ari da Segura.

Aste Santuan hainbat diziplinatako gazteak elkartu zenituzten lanerako, plaza ingurua berrantolatzeko helburuarekin.

Esperientzia oso aberasgarria izan zela esan zuten parte hartu zutenek; sakona eta errealitatearekin sekula izan zuten loturarik zuzenena eduki zutela. Segura ez zuten ezagutzen, eta, aste bateko esperientziaren ondoren, neurri batean segurar sentitu ziren. Hausnarketarako eta elkarrizketarako aukera izan zuten herritarrek, adituen iritziak entzunez eta gazteekin elkarrizketak eta lan saioak izanez. Zentzu askotan, bestelako ikuspuntuak izateko aukera eskaini du horrek, iritzi osatuagoak edukitzekoa. Espazioaren eraldaketarako aukeren eraginak, ondorioak eta onurak aztertzeko aukera eskaini zuen. Horri esker, zentzuzkoagoa eta adostua izango da etorkizuneko eraldaketa. Herritarren parte-hartze maila eta inplikazioa baloratu dituzte adituek, eta formatuak eskaintzen dituen aukerak eta onurak azpimarratu dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.