Gainditu ezean, irailerako

Gainditu ezean, irailerako

Eider Goenaga Lizaso

Autoeskolentzat udako hilabeteak izaten dira urtean lan gehien egiten dutenak. Josean Bengoetxea Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko lehendakariaren arabera, ekain, uztail eta abuztuan izaten dituzte urte osoko matrikulen %50 baino gehiago. “Aurten, baina, autoeskolak ia hutsik daude, auto gehienak geldirik ditugu, eta gidatzeko praktikak egiten dituzten irakasle gehienak etxean daude. Deitzen digute ea lanik badagoen galdezka, baina ez daukagu. Egoerak horrela jarraituz gero, irailean erregulazio espedientea ezar dezake autoeskolaren batek, eta ez dirudi egoerak konpontzeko itxura duenik”.

Gidabaimena ateratzeko azterketa egiten duten etsaminatzaileen grebaren ondorio da egoera hori. Ekainaren 19an ekin zioten grebari, eta astelehen, astearte eta asteazkenetan azterketak egiteari utzi diote ordutik, azterketak soilik ostegun eta ostiraletan eginez. Asextra Trafikoko aztertzaileen sindikatuak uztailaren 31ra bitartean eutsiko dio grebari, baina abisua ere bota du: lan gatazka konpondu eta Espainiako Gobernuko Trafiko Zuzendaritzak (DGT) beraien eskaerak onartzen ez baditu, irailaren 4tik aurrera greba mugagabera deituko dituzte aztertzaileak. Orain arte, %80tik gorakoa izan da grebaren oihartzuna.

780 azterketa bertan behera

Gipuzkoan eragin handia izan du grebak. Lau etsaminatzailek egiten dituzte azterketak lurraldean, eta bakoitzak hamahiru azterketa egiten ditu egunean; horrek esan nahi du orain arte 780 azterketa gelditu direla bertan behera, eta hila bukatzerako 936 izango dira. “Aurretik ere nahiko arazo bazegoen gidabaimena atera nahi zuten guztiei erantzuteko. Lehen, zortzi aztertzaile zeuden, baina pare bat urtean lauk erretiroa hartu dute, eta ez dituzte ordezkatu. Lau aztertzaile oso gutxi dira hemen mugitzen den kopururako, eta grebak areagotu egin du arazoa”, azaldu du Bengoetxeak.

Bere autoeskolako ikasleek azken azterketa praktikoa ekainaren 16an egin zutela dio, eta hurrengoa noiz izango duten ezin dutela jakin. “Normaltasun baten barruan aritzen garenean, astebeteko tartearekin egiten dira azterketak”. Etsaminatzaile faltaren ondorioz, baina, azken urtean 15-20-30 egunekoa izan da azterketa batetik besterako tartea. “Protestak egin genituen, eta hainbat bilera ere bai erakunde eta alderdi politikoekin. Ordezko bat jartzea lortu genuen, eta maiatzerako lortu genuen itxaron zerrendak normaltasunera itzultzea. Eta orain hau; grebarekin autoeskolak hustu egin zaizkigu”.

Gipuzkoan 71 autoeskola daude, eta, grebaren ondorioz, euren burua berrantolatu beharrean ikusi dute. “Autoeskola bakoitzak zenbaki bat dauka, eta ordenan egiten ditugu azterketak. Horren arabera, guk espero genuen irailean izatea hurrengo azterketa, baina orain ez dakit zer gertatuko den”, dio Bengoetxeak.

Etsaminatzaileek duten lan gatazka konpontzeko itxaropen handirik ez du, gainera. “Bi bilera izan dituzte greba hasi zutenetik, eta biak oso gaizki joan dira, badirudi ez dagoela inolako aurrerapausorik, DGTren aldetik ez dagoela negoziatzeko batere borondaterik”. Greba hasi zutenean, Gipuzkoako autoeskolek bazuten gatazka uztailean konponduko zen itxaropena; baina, uztaila badoala eta konponbiderako urrats txikiena ere egiten ez dutela ikusita, Bengoetxea “ia seguru” dago irailean Asextrak bete egingo duela greba mehatxua. “Are gehiago esango dizut, etsaminatzaileek konponbidea lortu gabe lanean hastea erabakitzen badute, ekonomikoki greba egun bakoitzak diru pila bat galtzea eragiten dielako-edo, gatazka berriro lehertuko da; abenduan ez bada, urtarrilean, eta bestela hurrengo udan. Eta tarte horretan arazoa gehiago ustelduz joango da”.

Bien bitartean, autoeskolak ahal duten moduan eusten ari direla kontatu du Bengoetxeak. “Jendeak ez du eskolarik hartu nahi, normala da; ez dute dirua galdu nahi, dirua alferrik bota nahi. Eskola ordu batzuk egiten dituzte, baina ikusten dutenean azterketa datarik ez dagoela, utzi egiten diote eskolak hartzeari”. Greba hasi denetik, astebete lehenago jakinarazten diote autoeskolari hurrengo azterketa noiz duen, eta aste horretan hartzen dituzte eskola batzuk azterketa egin behar duten ikasleek. Bengoetxearen arabera, ordea, hori ez da ona ez autoeskolarentzat eta ezta ikaslearentzat ere. “Gu ikasle gabe ari gara gelditzen, baina ikasleei ere komeni zaie azterketa aurretik praktikak jarraian egitea, eta astebeteko aurrerapenarekin ezin da gehiago egin”.

Ikasleek azterketa gainditzeko sekulako presioa izaten dutela azaldu du, halaber, Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko lehendakariak. “Noski, lehenengoan gainditzen ez badute, auskalo noiz izango duten hurrengoa, eta horrek denbora zein diru galera eragiten die ikasleei”. Ikasle asko haserre eta amorruz joaten zaizkiela dio Bengoetxeak, eta ulertzen duela haien jokabidea, nahiz eta autoeskolak ez diren atzerapen horren erantzuleak. “Askok lanerako behar dute gidabaimena, eta lanik gabe geldi daitezke. Beste batzuek praktika orduak egin dituzte, pentsatuz ekain-uztailean egingo zutela azterketa, eta ordu horiek gero ez dutela ezertarako balioko sentitzen dute, berriro egin beharko dituztela praktikak azterketaren aurretik”.

Gainera, azterketa egiteko ordaindu beharreko tasak izugarri igo direla salatu du Bengoetxeak. “90 euro ordaindu behar dira azterketa egin ahal izateko, eta ikasleek diru hori aurrez ordaindu behar dute, baina gero ez dakite noiz izango duten azterketa; ez zaie zerbitzurik eskaintzen. Lotsagarria da”.

Ikasleak, kexu

Bengoetxeak bezala, egoera penagarria dela diote gidabaimena atera nahian dabiltzan ikasleek ere. Jone Zabala (Eibar, 1995) Gasteizen ari da erizaintza ikasten, eta han hasi zen gidabaimena ateratzen, “han praktikak merkeagoak zirelako”. Maiatzean gainditu zuen azterketa teorikoa; unibertsitateko azterketak egiteko tarte bat hartu, eta ekainean gainditu nahi zuen praktikoa. “Ekainaren 16an ez nuen gainditu lehenengo azterketa; eta Eibartik 06:30eko autobusa hartuta bigarrena egitera Gasteizera joan nintzenean esan zidaten aztertzaileak greban zeudela eta etxera itzultzeko”.

Eibarko autoeskola batera aldatu zen ondoren; praktikak Gasteizen merkeago izan arren, ez baitzion merezi horretarako bakarrik haraino joatea. “Azterketa irailean egingo dudala esan didate, baina, grebak aurrera jarraitzen badu, ez dakit egingo dudan, eta irailaren 10ean Belgikara noa, ikastera”. Irailean ateratzen ez badu berriro hutsetik hasi beharko duela uste du Zabalak: “Irailean azterketarik ez badago, orain arte egindako eskola ordu guztiak alferrik izango dira, eta, gainera, ikasketak amaitu eta lanean hasteko beharko nuke gidabaimena, ez baitakit lan egiteko aukera non sortuko zaidan”.

Antzeko egoeran dago Nerea Lopez Agirre (Zumaia, 1997). Iazko udan gainditu zuen azterketa teorikoa, eta, urtean zehar Iruñean dagoenez, uda honetan nahi zuen azterketa praktikoa egin. “Ohartarazi zidaten greba zegoela, baina hasiera batean esan zidaten ez zutela espero arazoak asko iraungo zuenik. Eskolak hartzen hasi nintzen, eta hamasei ordu egin nituen, baina utzi egin dut, uztailean ez baitut azterketarik izango”. Praktika orduak 40-50 euro inguru balio du, eta kexu da galdutako dirua ez diolako inork itzuliko. “Gainera, azterketa teorikoak bi urterako balio du, eta hurrengo uda baino lehen atera behar dut, ezinbestean; bestela teorikoa egin beharko dut berriro ere”. Irailean Iruñera itzultzerako atera nahiko luke gidabaimena. “Baina irailean grebak aurrera jarraitzen badu… Ez dut planteatu, baina agian Iruñean atera beharko dut ikasturtean zehar. Nafarroan egoera okerragoa dela esan didate, gainera, eta nik nahiago dut azterketa hiriburu batean ez egitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.