Hiru aldiz sinatutako akordioak bete gabe jarraitzen du

E. Goenaga Lizaso

Gidabaimenerako proba praktikoak egiten dituzten aztertzaileen greba Asextra sindikatuak antolatu du. Hainbat eskaera jarri dizkiote mahai gainean Espainiako Barne Ministerioko Trafiko zuzendaritzari (DGT), baina uztailean egindako bi bilerek ez dute fruiturik eman. Asextraren arabera, DGTko hiru zuzendaritza ezberdinekin negoziatu dituzte euren eskaerak, eta hiru bider sinatu dute akordioa. “Baina agindutakoak bete gabe jarraitzen du”, salatu du sindikatuak.

Aztertzaileak funtzionarioak dira, eta DGTren bulegoetako funtzionarioen maila bera dute, soldata berarekin. Asextrak, ordea, esaten du aztertzaileek diru osagarri bat jaso behar dutela, “lanaren konplexutasun teknikoagatik, eraso eta istripuak sufritzeko duten arriskuagatik, kalean lan egiteagatik eta ordutegiagatik”. Eskakizun horri baiezkoa erantzun zion DGTk duela bi urte, eta orain esan diete aztertzaileak mailaz igoko dituztela, baina diru igoerarik gabe. Mailaketan aldaketarik ez dutela eskatu salatu du Asextrak, eta gogor jo du DGTko arduradunen kontra: “Iruzurra iruzurraren atzetik, eta gezurra gezurraren atzetik. Ez dute ezer egiten arazoa konpontzeko”.

Emaitzak azterketaren egunean bertan ez ematea da Asextrako aztertzaileen beste eskaera. Sindikatuaren arabera, hainbat aztertzailek erasoak sufritu dituzte ikasleari azterketa ez duela gainditu esateagatik.

Aztertzaile falta ere bada Asextraren kezka. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak iragarritako 500 lanpostu berrien sorrera kritikatu du. “Beste iruzur bat. 500 postu aipatu dituzte, baina horietatik gehienak beteta daude egun; soilik 70 dira lanpostu berriak. Eta, gainera, gainditu behar diren azterketa eta frogen ondorioz, ez dira 2019a baino lehen hasiko lanean”. Asextraren arabera, egun dauden baldintzekin aztertzaile lanpostua ez da erakargarria DGTko funtzionarioentzat. Gehienek nahiago dute bulegoan aritu, eta, horregatik, aztertzaileen %30ek bulegora aldatzeko eskaera egina dutela gaineratu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.