Itsasoak ez du mugen berri

Itsasoak ez du mugen berri

Miren Osa Galdona

Hondartza egunik gabeko uda lorerik gabeko udaberria izan liteke askorentzat. Bada, zer egin muga fisikoek eguzkiaz gozatzea galarazten dutenean? Etxean geratu? Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa ezezkoan da, eta Hondarribiko hondartzan, 11. urtez jarraian, abian da Oztoporik gabeko bainua zerbitzua.

“Aniztasun funtzionala duten pertsonei hondartza gerturatzea da gure helburu nagusia”, dio Irati Fernandez zerbitzuko koordinatzaileak (Donostia, 1988). Gizartearen egitura “herritar konbentzionalen beharretara” diseinatuta dagoelako, muga fisikoak dituzten pertsonek etengabe gainditu behar izaten dituzte oztopoak. Hori dela eta, Oztoporik gabeko bainua-k zerbitzu integrala eskaintzen die Donostia inguruko, Oiartzualdeko eta Bidasoko herritarrei. Horretarako, herritar orok eguraldi onaz gozatu ahal izateko, baldintza desberdinetara egokitutako eremu bat prestatzen dute Hondarribiko hondartzan.

Egun eguzkitsu batez ez da berdin gozatzen uretan murgiltzeko paradarik ez bada. Itsasoaren garrantzia azpimarratu du Fernandezek, eta erabiltzaileentzako terapia gisa deskribatu du: “Itsasoak badu onuragarria den zerbait. Beraien aurpegian ikusten dugu zelako mesedea egiten dien olatu artean ibiltzeak”. Estilo librean nahiz artikulazio ariketak eginez ibiltzen dira. Autonomia nahikoa duten erabiltzaileen kasuan, hainbat motatako ariketak egiten dituzte.

Bainuaz gain, beste bi zerbitzu ere badituzte: garraioa eta aisia gunea. Garraioari dagokionez, egokitutako furgoneta bat dute, eta autonomia maila “nahikoa” duen edonork erabil dezake. Normalean, taldeka jasotzen dituzte erabiltzaileak, baina norbanakoentzat ere eskuragarri dago; nahikoa da koordinatzaileari dei bat egitea: “Leku bat adosten dugu, eta beraien bila joaten gara”, azaldu du Fernandezek. Bestetik, aisia guneak hondartzaz inongo kezkarik gabe gozatzeko aukera ematen du: komun egokituak, aldagelak eta mahaiak dituzte itzaletan.

11. uda beteko du aurten Oztoporik gabeko bainua zerbitzuak. Hasieran, diru laguntzek hala uzten zutelako, bi hilabetez eskaintzen zen hondartza zerbitzua. Aurten, aurreko hiru urteetan bezala, zazpi astez jardungo dute lanean, egunero 11:00etatik 18:00etara —uztailaren 15etik irailaren 3ra—. Diru laguntza publikoei eta babesle pribatuen ekarpenei esker osatzen dute aurrekontua. Koordinatzailearen hitzetan, krisiaren ondorioz aurrekontuagatik ezin izan dute bete bi hileko epealdia. Halaber, zerbitzuak “ahalik eta kalitate onena” izan dezan beste lehentasun batzuk ezarri dituzte: “Sei begirale profesional izatea beharrezkoa da kalitatea bermatzeko, eta, hori lortzeko, lan kontratuetan joaten zaigu aurrekontuaren zatirik handiena”. Federazioak ideia horretan “sinesten” duela dio, eta pertsonak erdigunean jarri behar direla.

Zortzi profesionalek osatzen dute taldea: gidariak, koordinatzaileak eta sei begiralek. Horietako bat da Aritz Kontxeso (Donostia, 1977). Bost urtez bidaiatzen ibili ostean, bizimoduz aldatzea erabaki zuen etxera itzultzean. Tailerreko lana utzi, eta ikasten hasi zen, kirola eta pertsonen arteko harremanak uztartzen zituen lanbide baten bila. “Erabiltzaileek ematen diguten poza azpimarratuko nuke. Mitoa dirudi, baina azkenean hori da garrantzitsuena eta balio duena”. Ildo beretik, Fernandezek aitortu du fisikoki eta psikologikoki “ahalegin handia” eskatzen duela, baina pertsonen bizi-kalitatea nola hobetzen den ikustean merezi duela ohartzen direla.

Zerbitzuaz haratago

Udarak eraberritu egiten duen aldetik, asko dira urte osoa Oztoporik gabeko bainua-ren zain egoten direnak, askapen pertsonala balitz bezala. Antonio Cabello errenteriarrak hamar urte zeramatzan hondartzara joan gabe, giharrak indargabetzen dizkion poliomielitisaren ondorioz. Behin zerbitzua ezagututa, “eguraldi ona egiten duen guztietan” joaten da bainua hartzera: “Uretan ongi moldatzen naiz; 40 minutuz aritzen naiz igerian. Uretatik irtetean izaten dut arazoa: hanketan ez dut indar nahikorik, eta laguntza behar dut uretatik ateratzeko. Aulki anfibio batean jartzen naute, eta ez dut inongo esfortzurik egin behar izaten”. Mikel Cabello Antonioren semea da, eta ahal duenetan aitarekin joaten da hondartzara. “Pozik” ikusten du aita zerbitzuari esker, eta, bainuaz gain, instalazioek hondartzako egonaldia errazten diotela gaineratu du: “Aitaren bizitzan eragin handia izan du”.

Zerbitzuaren onuraz haratago, pertsonen arteko harremanean oinarritzen den sarea osatzen dute Bidasoko kostaldean. “Harreman berezia sortzen da gure artean”, dio Kontxesok. Haatik, Fernandezek “gertutasunean eta naturaltasunean” oinarritutako harremana defendatu du: “Ez ditugu pertsona berezi bezala tratatzen. Lan psikologiko handia egiten dugu, dituzten mugak gainditu ditzaten. Nolabait, gizartean hezi egiten ditugu”.

Gipuzkoako kostaldean, zerbitzu integrala eskaintzen duen bakarra da Hondarribikoa, baina badira bestelako ereduak ere: Gurutze Gorriak Donostian eta Getarian ematen duen bainu zerbitzua kasurako. Fernandezen arabera, inguruko beste hondartzetan ere “ahalegina” egin beharko litzateke antzeko zerbitzuak ezartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.