“Kalitatezko produktuen bila joaten da jendea azoketara”

“Kalitatezko produktuen bila joaten da jendea azoketara”

Maialen Etxaniz

Gipuzkoako tokiko nekazarien eragin soziala eta ekonomikoa aztertu du Aintzira Oñederrak (Azkoitia, 1980), beste hainbat ikerlarirekin batera, urtebete inguru iraun duen lanean. Hamar herritako azoketako errealitateak ezagutu dituzte: Azkoitikoa, Azpeitikoa, Arrasatekoa, Bergarakoa, Donostiako Bretxakoa, Eibarkoa, Ordiziakoa, Tolosakoa, Zarauzkoa, Zumarragakoa eta Azoka Ibiltarikoa. Azokak indartzen ari direla ondorioztatu dute, besteak beste. Merkatuen argazki bat osatzeko nahia erakutsi zuen Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen biltzarrak, eta hortik abiatu zen ikerketa.

Hamar herritako azoketara joan zarete ikerketa egiteko. Zergatik herri horietara?

Erabakia oso lotuta dago landa garapen elkarteen kokapenarekin. Eurek esaten ziguten zein zen eskualdeko azokarik esanguratsuena. Ikerketek, azkenean, lagin bat jasotzen dute, Gipuzkoako azoken egoeraren erakusgarri izango dena. Eskualde bakoitzeko landa garapenen elkarteak izan ziren azoka horiek identifikatu zituztenak. Hirian egiten diren azokak dira batzuk, eta herrian egiten direnak beste batzuk; astegunetan edota egunero. Ezaugarri ezberdinak dauzkaten azoken bila aritu ginen.

Azokan erostearen motibazioa aztertu duzue. Zerk motibatzen du herritarra merkatuetan erostera?

Ikusi dugu profil ezberdinak daudela azokara joaten diren herritarren artean. Gehienak kalitatezko eta bertako produktuen bila joaten dira. Erosketa kontzienteagoa egiten dute; hau da, tokiko ekonomiaren aldeko apustua egitea hautatu dutelako edo bertako nekazarien lana sustatzea nahi dutelako. Erosketen atzean interes bat egoten da gehienetan. Beste batzuek, berriz, jarrera indibidualagoa hartzen dute. Horiek kalitatezko produktua bilatzen dute, etxean elikadura osasuntsu baten aldeko apustua egiteko.

Zein da emakumezkoen rola azoketan?

Emakumeenak dira azokak. Oso zehaztuta egon da eta dago ekoizleen eremua, nahiz eta gerturatzen ari diren gazteak gizonezkoak diren. Bestela, baserritarra emakumezkoa da gehienetan. Azoketan beste ekoizleekin egoteko espazioa bilatzen dute horiek, eta baita herritarrekin harremanak egitekoa ere. Erosketak egitera joaten garenak ere gehienetan emakumezkoak izaten gara. Azokei genero bat jarri beharko bagenie, emakumezkoena jarriko genieke.

Eta gazteek zer leku dute esparru honetan?

Beren presentzia ez da oso esanguratsua gaur egun, baina hor daude, ekoizle nahiz saltzaile lanetan, baita erosle bezala ere. Ikusi dugu profesionala dela ekoizle gazteen profila. Hau da, balio erantsia duten produktuak merkaturatu nahian aritzen dira, kalitatearen aldeko produktua eginez. Barazkien ordez, ogi mota ezberdinen, arrautzen edo bestelako produktuen aldeko apustua egiten ari dira. Azokara erostera hurbiltzen diren gazteak ere leialak izan ohi dira. Bertara joaten direnean ez dira erosketa jakin bat egitera soilik joaten; joera horri jarraipena ematen diote.

Kontsumo ereduak aldatzen ari dira. Nola egokituko dira azokak eredu berrietara?

Egia da kontsumo ereduak aldatzen ari direla, eta egokitzapen horretan azokak kudeatzeko zailtasunak identifikatu ditugu. Izan ere, azokek inertziaz funtzionatu izan dute, inongo araurik gabe. Garrantzitsua da azoka egiten duten eragile ezberdinek parte hartuko duten espazioak sortzea, kontsumitzaileen zein baserritarren hitza garrantzitsua eta kontuan hartzekoa delako. Horiek ere erabakigune edo kudeaketa gune horietan egon behar dutela uste dugu. Ezinbestekoa da herri mailan elikadurarekin zerikusia duten eragileek parte hartuko duten mahai bat sortzea, modu horretara gizartearen elikadura bilakaerari erantzun ahal izateko. Hori litzateke azokaren gobernantza eredua.

Zein dira ikerketaren ondorio nagusiak?

Ekoizleei dagokienez, azpimarratzekoa da gazte profesionalen profila, nahiz eta azoketan emakumezkoak diren gehien agertzen direnak. Belaunaldien arteko erreleboa gauzatzen ari da. Kontsumitzaileei dagokienez, ikusten da azokak ez direla erakusleiho hutsak. Izan ere, erosketak azokan egiten dituenak jarraipena ematen dio joera horri. Horrez gain, ikusi dugu merkatuak badirela familien elikaduraren oinarrietako bat. Azoketako eragin ekonomikoak harreman zuzena du ekoizleen profil eta postu kopuruarekin. Hau da, ekoizle gazte profesionalek kontsumitzaile gazteagoak erakartzen dituzte, eta emakume baserritarren profilak kontsumitzaile helduagoak erakartzen ditu. Gainera, adierazgarria da eragin ekonomiko zuzena zein zeharkakoa.

Beraz, esan al daiteke azokek etorkizuna dutela?

Bai, ez dago zalantzarik. Hala ere, azokek duten hanka herrena da politika publikoak ez daudela Gipuzkoako ekoizpen eredura egokituta. Baserritarrek trabak izaten dituzte beren ekoizpenak erraz saltzeko. Legalki, osasun aldetik, higiene aldetik… oztopo pila bat izaten dute azoketan beren produktuak modu errazean saltzeko. Horregatik egokitu behar dira politika publikoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.