‘Lillonarios’, izen berri bila

Danel Agirre

Bizitza da, nire muturren aurretik pasatzen ari den hori, Medellinen Juan Manuel Lilloz gozatzen dabiltzan bitartean. Kontatu nizun hementxe duela hiru urte: Lillologo-tzat dut neure burua. Eta Latino-amerikako bere egonaldiek suspertzen didate bereziki kalentura. Mexikon, Txilen edo Kolonbian kontratatzen duten bakoitzean, zaletasuna obsesio bilakatzen zait niri. Telesailen azken atalaren zain igaro ohi duzun kalbario berbera pairatzen dut nik Lilloren eguneko prentsaurrekoa Youtuben agertzen den arte.

Profesor esaten diote Tolosako futbol entrenatzaileari Atletico Nacionalen jarraipena egiten ohi duten kazetariek. Ez haiek ere dagoeneko Lillologiara konbertitu direlako —iritsiko da hori ere, baina lanak hasi baino ez ditu egin talde horretan—, munduko bazter hartako berriemaileen berbaldiak oso bestelakoak direlako baizik. Solemneagoak, hizkuntza espainiarraren erabilera dotore eta jasokoak (jasoaz gain, perifrastiko amorratua ere bai, baina niri grazia egiten dit horrek). Txukun jositako galdera bihurriekin hazi egiten da Lillo, eta hitz-aspertu bikainekin kontraerasotzen du. Jostalari esnatzen denean, ordu erdira iritsi ohi dira bere agerraldiak. Tarte horretan bospasei bat aldiz altxatu behar izaten dut nik nire egongelako aulkitik, behetik jota, txalo egitera.

Bigarrenez ari da Lillo Kolonbian. Bogotako Millonariosen beste sasoi bat igaro zuen, eta orduan ere jo zidan sukarrak. Kontatu nizun hementxe duela hiru urte: klubeko prentsa bulegora idatzi nuen, ahal nuen estilo perifrastikoenarekin, jakinaren gainean ipintzeko nire heroiari buruz dokumental bat filmatu nahi nuela. Izenburu automatikoa zuen egitasmoak, Lillonarios. Eta dokumentalak egiteaz ezertxo ere jakin ez eta betiko moduan xentimorik gabe banenbilen ere, garrantzitsuena loturik neukan. Ni baino talentu gehixeagoko lagun min bat engainatu nuen, hiru bat hilabete iraun behar zuen Bogotako abenturara nirekin bidaiatzeko. Aurki zulatu zitzaigun ordea Lillonarios globoa bioi, prentsa bulegoaren erantzuna oraindik iristeke zegoela, dokumentalaren protagonista lanposturik gabe laga zuelako zuzendaritzak.

Ni baino talentu gehixeago bakarrik ez. Ausardian ere, lezioak oparitu ohi dizkit nire lagun minak. Joan den igandean Nacionalek Cocoliso Estradaren Bucaramangari 2-1 irabazi berri zion abisua Whatsappez pasatu nionean, Lillonarios (izen berria behar du, zerbait okurritzen bazaizu hementxe naukazu) behingoz burutu nahi banuen nire esanetara zegoela berretsi zidan. Zu Euskal Herri sozialista defendatzeko eta mendian gora hezur eta azal geratzeko jaio zinen bezala, dokumental hori filmatzeko ipini ninduten ni munduan. Baina hementxe jarraitzen dut, nire egongelako aulkian eserita, Lilloren eguneko prentsaurrekoa Youtuben noiz agertuko zain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.