[Museora] Santa Maria la Real Monumentu Multzoa. Aztarnetatik, historia

Eider Goenaga Lizaso

Museo edo monumentu multzo gisa 2002an hasi ziren lanean Zarauzko Santa Maria la Realen; Arte eta Historia Museoa atondu zuten kanpandorrean, eta parrokian, kanpandorrean eta bi eraikinetan topatutako aztarnategi arkeologikoak ireki egin zituzten bisitarientzat. Museoaren historia ezagutzeko, halere, hainbat urte atzera jo behar dela azaldu du Goizane Barroso Arte eta Historia Museoko gidariak (Zestoa, 1994). “1997an obra batzuk egiten hasi ziren dorrean, eta hilobi batzuk azaldu ziren. Bi urte geroago, berriz, Santa Maria la Real parrokian hasi ziren obrak egiten, eta han aztarna gehiago azaldu ziren”. Aurkikuntza horiek dira, beraz, monumentu multzoa osatzearen abiapuntua.

Kanpandorrean topatutako hilobiak IX. mendetik XIV. mendera bitartekoak dira, Erdi Arokoak. “Parrokian topatutako aztarnategian, ordea, sorpresa hartu zuten arkeologoek. Erdi Aroko hilobi gehiago, edo, bestela, egungo parrokiaren aurretik eraikitako beste eliza baten aztarnak topatzea espero zuten. Eliza XV. mendekoa denez, baina kanpandorrean IX. mendeko hilobiak aurkitu zituztenez, pentsatu zuten beste eliza baten aztarnak izan zitezkeela. Sorpresa hartu zuten, erromatarren garaiko eta Burdin Aroko aztarnak aurkitu zituztenean”. Erromatarrak Zarautzen K.a. I. mendetik K.o. I. mendera bitartean iritsi zirela pentsatzen dute historialariek, eta 400 urte egin zituztela bertan. Kanpandorrean ez bezala, aztarnategian gorpu osorik ez zutela aurkitu dio Barrosok; bai, ordea, hezur batzuk, familia hilobi batean. “Burdin Arokoak, berriz, sua egin izanaren aztarnak dira”.

Santa Maria la Real parrokiako aztarnak bisitatzeko, mezarik ez dagoenean joan behar dela azaldu du Barrosok: “Elizak normal funtzionatzen du, eta aztarnategia alfonbra batzuekin estalita dago. Guk bisitak egiten ditugunean, alfonbra erretiratzen dugu, eta, lurra beirazkoa denez, aztarnategia ikus daiteke”. Kanpandorrean ere beiraren beste aldera ikus daitezke bertan topatutako hilobiak.

Barrosoren arabera, aztarnategitik has daiteke Arte eta Historia Museoaren bisita, baina hortik gora, Zarautzen historian gehiago murgildu nahi duenak beste hiru solairu ditu horretarako. “Lehen solairuan Erdi Aroko historia kontatzen dugu, panel batzuen bitartez. Izan ere, Zarautzek hiribildu gutuna 1237. urtean lortu zuen arren, jakina da IX. mendean jada kokaleku bat bazegoela, eta hemen topatutako aztarnek hori baieztatzen digute”. Barrosoren arabera, V. mendean erromatarrek Zarautz utzi zutenetik IX. mendera bitartean, inor ez zen bertan bizi. “V. mendetik IX. mendera hemen ez da topatu inor bizi izanaren arrastorik. Lehenago izan ziren, baina tarte horretan ez dago ezer”. Bigarren solairuan, erromatarren garaia eta erromatarren aurreko garaia, Burdin Aroa, azaltzen dituzten panelak daude; eta hirugarren solairuan, berriz, arte erakusketa garaikidea dago. “Hemengo artisten lanak dira, eta, batez ere, margolanak eta eskulturak daude ikusgai”.

100 urte baino gehiago dituen erloju batek osatzen du museoko erakusketa. “Parrokiak ez du ez kanpairik eta ez erlojurik; horiek kanpandorrean daude. Museora sartuz gero, erlojuaren mekanismoa ikus daiteke barrutik; oso ondo ikusten da nola funtzionatzen duen”.

Bakoitzak bere kabuz egiten du kanpandorrean dagoen museoaren bisita, informazio paneletan dagoelako beharrezkoa den informazio guztia. Museoa irekita dagoen orduetan, halaber, parrokian dauden aztarnak ikusteko aukera ere badago, bisita gidatua egin gabe. Barrosoren esanetan, baina, aztarnategietako bisita gidari baten laguntzarekin egitea komeni da, informazio osatuagoa ematen dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>