Ongietorri “artisten etxera”

Ongietorri “artisten etxera”

Unai Zubeldia

Antzerkia aipatu eta Viktoria Eugenia antzokia irudikatzen dugu gehienetan. Herritar askok urruti sentitzen dute antzerkia, eta aktoreak eta ikusleak elkarrengana gerturatzen laguntzeko sortu dugu proiektu hau”. Jon Sagarzazu diseinatzaile grafikoak eta sortzaileetako batek (Zestoa, 1965) azaldu duen moduan, jan-edana, arte galeriak eta antzerkia batuta, “proposamen berritzailea” eskaini du La Farandula Donostiako Egia auzoko mikroantzerki tabernak. Prestalanak amaituta, martxoaren 30ean ekin zioten bideari. “Eta oso gustura gaude jendeak egin dion harrerarekin”.

Lagun baten ideiari segika heldu zion Sagarzazuk proiektuari. “Bartzelonakoa da bera, eta hango mikroteatroaren ondoan bizi da. Aste Santuan hara joan ginen oporretan, mikroteatro bat ikustera gerturatu ginen, eta Donostian antzeko zerbait egin genezakeela ikusi genuen”. Michel Ramos Ocariz pintorearekin harremanetan jarri zen Bartzelonako lagun hura, eta Oscar Terol aktoreari deitu zioten ondoren.

Hain zuzen ere, azken horrek eskaini zion aukera Amaia Lizarralde aktoreari (Donostia, 1966). “Eta ez nuen izan zalantzarik, aspalditik nenbilelako horrelako proiektu bat gauzatu nahian”. Duela zazpi urte San Frantziskon saiatu zen mikroantzerkien bideari ekiten, AEBetan. “Baina, diru faltagatik, ezinezkoa izan zen azkenean. Hala ere, ondo ezagutzen nuen proiektua”. Microteatro por dinero mugimenduan sartuta dago Donostiako mikroantzerki taberna. “2009an Madrilen sortu zen sare hori, eta zinema eta antzerki munduko hogei bazkide dira”. Hala zehaztu du Sagarzazuk.

Punta guztiak elkarrengana bilduta, hiru gune bat eginda dabiltza azken hilabeteotan. Ordutegi malguko taberna-jatetxea daukate batetik —atseden eguna izaten dute astelehenetan; eguneko menuak eskaintzen hasiko dira datorren astetik aurrera—, arte galeria bestetik —”hiru astez behin berritzen dugu”—; eta hamabost minutuko antzerki emanaldiekin gozatzeko hiru sala azkenik. “Hiru eskaintza izaten dira normalean; batzuk astebetez eta beste batzuk hilabete osoan”.

Taberna eta antzerki gunea leku berean daudenez, behin emanaldia amaituta ikusleek aukera izaten dute aktoreekin solasean aritzeko. “Aktore asko etortzen da La Farandulara, ia astero izaten dugulako estreinaldiren bat. Elkargune moduko bat da jada, eta oso giro polita sortzen da”. Lizarraldek azpimarratu duen moduan, herritarrei bestelako eskaintza bat egiteaz gain, aktoreei eurei lehen pausoak ematen laguntzeko gunea ere bada Donostiakoa. “Gure lanbidearen erreferente bihurtu nahi dugu espazio hau, bakoitzak artea erabiltzeko daukan modua aurkitu dezan. Izan dadila artista guztien etxea”.

Sorrera lana bultzatu nahian

Errealitatea “gordina” dela azpimarratu du Lizarraldek: “Gaur egun oso produkzio gutxi egiten da, eta oso garestiak izaten dira. Horregatik, txoko honekin ea lortzen dugun sorrera prozesuari bultzada ematea”. Ostegunetik igandera izaten da antzerki eskaintza, eta 4,5 euro ordaindu behar izaten da emanaldiak ikusteko. “Kontuan izan behar da kontratua izaten dutela aktoreek, zuzendari bat izaten dutela atzean, zuzenekoak direla emanaldiak…”, zehaztu du Sagarzazuk. “Oker dago antzerkiarekin aberasten ari garela uste duena; mundu hau ez da batere samurra”.

Lizarraldek datuak jarri ditu mahai gainean: “Zortzi produkzio sortu ditugu orain arte, eta hamasei aktore igaro dira hemendik; hamasei aktoreri eman diegu lana”. Euskarazko emanaldiak gaztelaniazkoak baino gutxiago izan dira orain arte. “Baina autokritika pixka bat ere egin beharko genuke, ikusle faltan bertan behera utzi behar izan ditugulako euskarazko hainbat emanaldi”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.