40 urtez kultur ondarea ereiten

40 urtez kultur ondarea ereiten

Ane Olaizola

Egunez nahiz gauez, dantzak protagonismo berezia izaten du festetan. Betidanik, eskutik lotuta joan izan dira biak. Aurten, gainera, inoiz baino dantzariagoak izango dira Azpeitiko jaiak. Herriko dantza taldeek botako dute saninazioetako txupinazoa, eta Itsasi Dantza Taldeak aitortza berezia jasoko du festen hasieran. Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu taldeak. 1977an, saninazioetan eskaini zuen Itsasik lehenengo emanaldi ofiziala, eta lau hamarkada geroago, herrian erein duten ondarearen erakusgarri gisa aterako dira udaletxeko balkoira.

Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1936) eta Begoña Aizpuru (Azpeitia, 1942) senar-emazteak dira Itsasiren sortzaileetako bi. Beren bizitzaren zati handi bat eskaini diote dantza taldeari, irakasle eta jantzien jostun moduan. Aurretik dantzari ibilita, Itsasi sortu eta herriko “mutil koskorrei” dantza erakusten hasi zen Larrañaga, 1977an. “Beste garai bat zen hura. Herriarengatik zerbait egin behar zen orduan”, dio sortzaileak, barrez. Azpeitian zegoen tailer zahar bat atondu, eta eskolak ematen hasi zen. Gerora, emakumezkoen taldea osatu zuten, eta astean bi egunetan, ordubeteko eskolak eskaintzen zituzten Larrañagak, Aizpuruk eta beste hainbat irakaslek. Ttuntturroen taldea ere osatu zuten ondoren. “Euskal dantzekin lotutako ahalik eta gauza gehien egin nahi genuen”.

Dantza tradizionalak irakasten zizkieten neska-mutilei. “Fandangoarekin eta arin-arinarekin hasten ginen, eta beste dantzak lantzen genituen gero: arku dantza, zortzikoa… Euskal dantza guztiak jorratzen genituen”, dio Aizpuruk. “Azpeitia inguruan egiten genituen lehenengo emanaldiak: Urrestillan, Nuarben… Han mokadutxoa ematen ziguten, eta gustura ibiltzen ginen”, oroitu dute. Denborak aurrera egin ahala, kideak ugaritzen eta hasierako gaztetxoak heltzen hasiak ziren. Dantzarientzako arropen beharrean, beraz, Aizpuru hasi zen jostun lanetan, eta horretan aritu zen ondorengo urteetan ere. “Oihalak erosi, jantziaren lagin bat egin, eta beste jantziak eratuta uzten nituen. Dantzarientzako prest uzten nituen, eta eurek josten zuten gero”.

Dantzak irakatsi ahala, arropa berriak behar izaten zituzten, eta horretarako kanpora jo behar izaten zuten askotan: “Talde batekin jartzen nintzen harremanetan, eta haiei eredu bat eskatzen nien. Lan asko eskatzen zuen, baina gustura ibiltzen nintzen”. Larrañaga ere modu horretan aritzen zen dantzariei irakasten: “Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak lantzen genituenean, lehendabizi irakasleak joaten ginen ikastera, eta, geuk barneratuta genituenean, ikasleei irakasten genien”.

“Hainbat zorakeria” egindakoak direla ere gogoratu dute. Izan ere, irteera txiki haiek handiagoak bihurtu ziren pixkanaka. “Horrenbeste ume hartuta ateratzen ginen beste herrietara… Ez genuen arriskurik ikusten”. Helduen taldearekin ere atzerrira joaten hasi ziren. “Europa osora joandakoak gara. Jaialdietara joaten ginen, eta egunak igarotzen genituen han. Harrituta geratzen ziren gure dantzak ikustean”.

Dantzaren bueltan ezagutu zuten elkar Larrañagak eta Aizpuruk, eta haren inguruan eman dute bizitzaren zatirik handiena. Erabateko konpromisoa izan zuten biek, 25 urtera taldea utzi zuten arte.

Tradizionaletik garaikidera

Amaia Aranagak (Azpeitia, 1981) ondo gogoan du 13 urterekin Alemaniara egin zuen lehenengo bidaia hura. Urtebete lehenago hasi zen Itsasin dantzari moduan, eta musikarien taldean jarraitu zuen gero ibilbidea, txistulari eta biolin jotzaile gisa. 23 urte daramatza taldean, eta urte horietan ikusi du dantzarien taldea aldatuz joan dela. Izan ere, euri asko egin du taldearen hastapen urte haietatik. Egun, beste hainbat taldek bezala, euskal dantza tradizionaletatik harago, dantza garaikidera egin du salto Itsasik ere. “Koreografia berriak egiten dituzte euskal dantza tradizionala oinarri hartuta”.

Aranagaren hitzetan, bi arrazoi direla tarteko jo dute estilo berrietara. “Batetik, jendea aspertu egin da beti berdina egiten. Horrez gain, dantzariak gutxituz joan dira, gizonezkoak batez ere. Jende gutxirekin, beraz, ezin dira egin dantza asko”. Larrañagak atsekabez ikusten du taldearen bilakaera, nahiago baitu sorrera garaian zeukatena. “Beste giro bat zeukan lehengoak. Hala ere, ia talde guztiek izan dute estilo aldaketa hori”.

Taldeak uztailaren 1ean egin zuen urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta belaunaldi desberdinetako ehun lagunetik gora elkartu ziren emanaldian. “Izugarri gogotsu zegoen jendea, eta egun borobila izan zen”, dio Aranagak. Aizpuruk eta Larrañagak ere gaineratu dute “oso saio ederra” izan zela, baina sortzaileak faltan izan zituen euskal dantzen sustraiak: “Ez nuen ikurrinik ikusi. Garai hartan, sakratua zen ikurrin dantza, asko kostatu zelako kalera ateratzea. Baina gazteek ahaztuta daukate hori”. Alde horretatik, Larrañagak ez du uste euskal dantzek etorkizun handirik daukatenik.

Ukaezina da Itsasi Dantza Taldeak Azpeitian utzi duen kultur ondarea, eta horren adierazle izango da etzi botako duten suziria. Aranagak adierazi duenez, taldean “ilusio berezia” eragin du jasoko duten aitorpenak. “Dantzariek eta musikariek ez ezik, beste jende askok ere egin du lan ugari, eta horientzat guztientzat aitorpena izango da”. Izan ere, Larrañagak dioen moduan, “dantzarako afizio handia sortu izana”, horixe da Itsasik herrian egin duen ekarpen nagusia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.