Laguna, altxor preziatu hori

Laguna, altxor preziatu hori

Unai Zubeldia

Enpatia”. Hortxe laguntasunaren oinarria. “Harreman afektibo estua eta berezia da laguntasuna”. Mundu osoan Laguntasunaren Nazioarteko Eguna izango da etzi, eta lagun izateari hitzezko deskripzioa egin dio Edurne Saizar psikologoak (Orio, 1974). “Emozionalki lortzen den lotura sendoa, orekatua eta askea da”. Bide horretan errezeta magikorik ez dauka oriotarrak. “Denbora, agian; denbora eskatzen du lagunak egiteak”. Baina betirako izaten al dira denborarekin gorpuztutako lagun horiek? “Posible da hala izatea, baina joan-etorriko ibilbidea ere izan dezakete lagunek. Etengabeko bilakaera da bizitza, harreman asko sortzen dira, eta momentu bakoitzeko beharren arabera erakartzen ditugu pertsonak; batzuk mantendu egiten ditugu, eta beste batzuk ez”.

Psikologia ikasketei Haur Hezkuntzakoak gehituta, Saizar haur eskoletan aritzen da lanean gaur egun, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Psikologoen Elkarteak tratu txarren prebentziorako elkarlanean sortutako programan ere. Gertutik ezagutzen du bizitzan eman beharreko lehen pausoen garaia, eta, hain zuzen ere, hor kokatu du laguntasunaren oinarria. “0-3 urte artekoa da laguntasunaren lehen fasea. Haurra amarengandik banatzen da tarte horretan, eta gainerakoekin topo egiten hasten da. Une horretan hasten dira neska-mutikoak norbere burua besteen ondoan ezagutzen”.

Hori bai, funtsezko lehen fase horren ondoren, psikologoaren hitzetan 7-12 urte artekoa izaten da etapa sozialik garrantzitsuena. “Haurra amarengandik banatzen da aurreko fasean, eta familiarengandik fase honetan”. Etapa hori “kaotikoa” dela azaldu du oriotarrak. “Baina bizipen eta sentsazio berberak izaten ari direnekin sentitzen dira haurrak ondoen, eta taldean leku bat topatu behar izaten dute fase horretan. Nerabezaroa da lagunen etapa sozialik garrantzitsuena”.

Bakardadea, negatiboa?

Nazio Batuen Erakundeak 2011n sartu zuen laguntasuna nazioarteko egunen zerrendan, munduan bakea sustatzeko bide gisa. Baina urrutitik gerturako ariketa egin du Saizarrek. “Gauzak aldatzeko urrutira joateko ohitura izaten dugu askotan, baina lagun hurkoarekin hasi behar izaten da lanketa. Pentsa zer mugi dezakegun enpatia oinarri hartuta”.

Psikologoaren ustez, “altxorra” da lortutako lagun bakoitza. “Baina ez da egokia bakardadeari zentzu negatiboa soilik ematea. Gizakia soziala da, eta garrantzi handia dute lagunek, baina baita norberak bere burua kokatzeak ere. Bilatua denean, bakardadea ez da negatiboa. Laguntasuna eta bakardadea ez daude kontrajarrita”. AEBetako ikerketa baten arabera, 80ko urteetatik gaur egunera arte hirukoiztu egin da gertuko lagunik ez daukaten herritarren kopurua. “Baina laguntasunaren definizioaren araberakoa izan daiteke hori, batzuentzat egunero elkarrekin egotea soilik izan daitekeelako lagunak izatea. Neurriaz haratago, feedback-a da funtsezkoena”.

Teknologia berriekin aldatu egin da laguntasunaren definizioa, baina, hainbaten hausnarketaren aurka, Saizarrek ez du uste teknologia berriekin benetako lagunekiko harreman horiek murriztu egin direnik. “Erakusleiho horretan agerian egoteko beharra sentitzen dute batzuek, baina horrek ez du esan nahi pertsona horiek benetako lagunik ez daukatenik”. Hori bai, psikologoa ez dator bat Facebooken gisako sare sozialetan zenbatzen den lagun kopuruarekin. “Kontaktuak dira horiek; ez lagunak”.

Azken urteotako krisiak eraginda, lan munduan areagotu egin da lehiakortasuna, eta laguntasunak hain beharrezkoa duen enpatiarentzat oztopo izan daiteke errealitate hori. “Beste faktore batzuk sartzen direlako tartean”. Oriotarrak azpimarratu du langileak lantokira ez direla joaten lagunak egitera. “Baina oparia da lantokian ere lagunak egitea. Azken batean, lehiakortasuna eta laguntasuna ez daude kontrajarrita, asko ikas dezakegulako besteen bizipen eta ikuspuntuekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.