[Museora] Nautilus Ikasgune Geologikoa. Amoniteen erresuma

[Museora] Nautilus Ikasgune Geologikoa. Amoniteen erresuma

Eider Goenaga Lizaso

Nautilus. Horrela izena zuen Jules Verneren Hogei mila legoako bidaia itsaspetik eleberrian Nemo kapitainak gidatzen zuen urpekoak. Duela 500 milioi urtetik bizi den molusku zefalopodo baten izena baliatu zuen Vernek bere eleberriko urpekoari izena hartzeko. Oskola urez edo airez bete, eta itsasoan gora edo behera egiten duen moluskua da nautilusa, eta hala egiten du Nemoren itsaspekoak ere. Animalia horren fosilak Mutrikun ere topatu dituzte, eta Nautilus Ikasgune Geologikoan daude ikusgai horietako batzuk. “Baina amoniteenak dira hemen dauzkagun fosilik garrantzitsuenak eta berezienak”, azaldu du Lorea Victoriano Nautiluseko gidarietako batek (Eibar, 1988).

Duela milioika urte Mutrikuko flyschean bizi izandako animaliak dira amoniteak, eta, nautilusak bezala, horiek ere oskoldun molusku zefalopodoak ziren. Baina amoniteak duela 65 milioi urte desagertu ziren itsasoetatik, dinosauroak bezala. “Amoniteen fosilak oso arruntak dira, mundu osoan topa daitezke, eta ez dira batere ezohikoak; hemen topatu ditugunen tamaina da ezohikoa”. Normalki, 5-10 zentimetro ingurukoa izan ohi da amoniteen oskol fosilduen diametroa, baina Mutrikun 50-60 zentimetro arteko fosilak topatu zituzten, eta kantitate handian gainera. Amonite erraldoiak dira, eta munduan toki gutxi batzuetan aurkitu dituzte hain handiak eta halako kopuruetan.

“Batez ere tamainagatik dira bereziak hemen topatu ditugun amoniteak. Eta, hemen esaten dudanean, Mutrikuri buruz ari naiz hizketan; izan ere, Zumaiako flyschean amonite pila bat aurkitu dituzte, baina ez dago halako tamaina handia duen fosilik”. Mutrikun badago amoniteak ezohiko tamaina batera heltzea eragiten zuen gauza bereziren bat, eta, Victorianok azaldu duenez, EHUko ikerlari talde bat horren arrazoiak ikertzen ari da oraindik. “Ondorioak ez dituzte argitaratu, baina badirudi Mutrikuko urek leku babestuago bat eskaintzen zietela animalia horiei”. Victorianok azaldu duenez, duela 100 milioi urte urpean zegoen Euskal Herria. “Eta plaka tektonikoek mugimendu etengabea eragiten zuten. Horrez gain, Mutrikun urak sakonera gutxiago zuen, elikagaietan ere oso aberatsa zen hemengo ura…”. Eta, eibartarraren arabera, amonite emeak arrak baino handiagoak zirela uste da. “Eta badirudi eme horiek hona etortzen zirela arrautzak jartzera, toki seguruagoa zelako”.

Mutrikukoa Mutrikun

Amoniteez gain, orain milioika urte bizi izandako uretako beste hainbat animaliaren fosilak ere ikus daitezke Nautilusen, hala nola itsasoko izarrak, nautilusak, trikuak… Jesus Maria Narvaezek Mutrikun bildutako fosilak dira guzti-guztiak. “Narvaezek 40 urte eman zituen Mutrikuko flyschean fosilak berreskuratzen, eta bilduma izugarria zuen”. Victorianoren hitzetan, Narvaez herriz herri joaten zen bere bildumarekin. “2007an Mutrikuko Udalak eskaini zion bilduma hori erakusgai jartzea eta egun Nautilusen ditugu bere piezak. Beste museoren batean ere baditu pieza gutxi batzuk, baina, fosilak Mutrikun topatutakoak direnez, Narvaezek bertan gelditzea nahi zuen, eta hementxe ditugu”.

Nautiluseko erakusketa ikusteko bi modu daudela azaldu du Victorianok: norberak bere kabuz egiten duena, sarreran ematen den azalpenarekin eta paneletako informazioarekin osatzen dena; eta bisita gidatua. “Bideo bat jartzen dugu bisita gidatuan. Flyschak nola sortu ziren azaltzen du bideoak, nola aurkitu ziren fosilak eta zein ikerketa lan egin diren horien inguruan. Ondoren, bisita gidatuan zehar, hemen ditugun fosilen inguruko azalpenak ematen dizkiegu bisitariei”. Horrez gain, Narvaez bera lanean agertzen den bideo bat ere badute, jendeak fosilak non eta nola aurkitzen diren jakin dezan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.