“Ohituta gaude herri itsusia dela entzuten, baina dena ez da zuloa Soraluzen”

A. Biain

Urte batzuk badira Aritz Laskurainek (Soraluze, 1979) pilotari profesional izateari utzi ziola. Oraindik ere eskuak ditu, ordea, bere lanabes: osteopata da orain. “Pilota munduan, oso gertukoa da masaje, fisioterapeuta edo osteopatia mundua, eta betidanik gustatu izan zait lanbide gisa”. Soraluzen bertan du kontsulta, eta Donostian beste bat ireki berri du. Hiru egun egiten ditu batean, eta bi, berriz, bestean.

Nolako herria da Soraluze?

Oso bailara estuan dago herria, eta kale txikiak ditu ezker-eskuin, eta etxe gutxi batzuk. Karakate ingururantz maldan hazten da herria, bi aldeetara, eta, ondorioz, maldan ditu kale asko. Baina Euskal Herriko herri askotan gertatu moduan, edozein txokotatik mendia ikusten da, eta oso gustuko dut hori. Herri berezia da Soraluze, ezbairik gabe.

Azken urteotan asko aldatu al da herria?

Ume nintzenetik dezente aldatu da, bai. Herrian, enpresa eta fabrika asko izan ditu betidanik. Guk hala ezagutu dugu herria, etxe azpian fabrikak zirela. Pixkanaka aldatuz joan da, baina: enpresak industrialdeetara joan dira, herritik kanpo, eta beste itxura bat hartuz joan da herria. Ez da herri polita; ohituta gaude entzuten: “Zein herri itsusia zuena”. Baina itsas pasealekua dugula esaten dugu guk. Asko txukunduta dago udaletxe ingurutik kiroldegirainoko tartea.

Plaentxi, Soraluze… Zein izen duzu gustukoen, eta zein erabiltzen duzu?

Guk Plaentxi erabiltzen dugu. Baina baten batek ulertzen ez badu edo zalantza baldin badu, Plentzia Bizkaiko herriarekin nahasten badu, Soraluze erabiltzen dugu orduan. Nik neuk Plaentxi dut gustuko. Hala ere, egia da beste askok euskarazkoa eta gaztelerazkoa biak aldi berean erabiltzen dituztela: Soraluze-Plasencia de las Armas.

Herriko zein txoko duzu gustukoen?

Karakate ingurua aukeratuko nuke. Pilota garaian, sarri ibiltzen nintzen mendian. Baita partida egunetan ere, korrika, berotzeko. Inguru ederra da lasai egoteko eta paseatzeko. Bista ederrak ditu han goitik. Herria ezagutzera etortzen den edonori gomendatu izan diot inguru horietatik buelta bat emateko; dena ez baita zuloa Soraluzen.

Herri txikia izanagatik ere, pilotaleku asko ditu.

Sei bat edo badira, bai. Umetan beste bat ere bota zuten saihesbidea egiteko. Egia da gehienak oso txikiak direla, eta kiroldegikoa dela itxurazko bakarra. Baina pilotan hasteko ez da gehiago behar; ni neu ere hala hasi nintzen.

Pilotari garaian zeintzuk ziren zure indarguneak pilotalekuan?

Konstantea izatea esango nuke. Inoiz ez naiz izan ikusgarria, ez eta hankekin azkarra ere. Fisikoki indartsu egotea eta buruz ere gogorra izatea zen nire arma, ondoren jokoan ere gogorra izateko. Horri eusten jakin izan nuen.

Zerbait falta al zaio herriari?

Garbi dago herri txikia dela, eta oinarrizko zerbitzuak dituela. Baina Eibar oso gertu daukagu, eta hara jotzen dugu edozertarako. Donostia ere ez daukagu urruti. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren erdi-erdian gaude, hiriburu guztiak 40 minuturen bueltan ditugulako. Hondartza bera ere hogei minutu eskasera daukagu. Herrian badago giroa, bizitasuna eta lasaitasuna. Ez daukagu beste ezeren beharrik ongi bizitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.