“Saneamendu lanak falta dira”

“Saneamendu lanak falta dira”

Unai Zubeldia

Ez diogu guk; txostenak berak dio Gipuzkoan ez dagoela ibai edo errekarik oso egoera onean, eta esanguratsua da hori”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibai eta erreken 2016ko txostena kaleratu berri du Uraren Euskal Agentziak, eta, txosten horren arabera, Gipuzkoan bost ibai daude egoera txarrean, %16 inguru. “Egia da ez direla asko”, onartu du Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak. “Eta seinale ona da hori, %22 inguru zirelako orain arte”. Baina, Eguzki taldearen ustez, “saneamendu lanak txukun egitea” da ibai horiek egoera txarretik ateratzeko bide bakarra”. Oso ona, ona, neurrizkoa, eskasa eta txarra: bost egoera ekologiko horietako bat izan dezake ibai bakoitzak.

Uraren Euskal Agentziak azpimarratu du azken bost urteotako “daturik onentsuena” dela bildu berri dutena, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aintzat hartuta, ur masen %81ek bete dituztela ingurumen helburuak. “Baldintza fisiko-kimiko orokorrek izan duten bilakaeraren arabera, aurreko bi urteetakoak baino hobeak dira 2016ko diagnosiko emaitzak, nahiz eta ez diren iristen 2013ko emaitza bikainetara”. 2015ean, esaterako, ibaien %68k soilik bete zituzten helburuak.

Eguzkik salatu duenez, helburu horiek betetzetik urrun gelditu da, esaterako, Mijoako erreka, Saturraranen, Mutrikun. “Egoera bereziki larria da han, Bisoi Europarraren Plan Berezian sartuta dagoelako erreka; Europan oso-oso urria da ugaztun hori”. Itsasaldeko erreka da Mijoa, ibilbide laburrekoa. “Eta oso argi dago zein den arazoa: bertan dagoen industrialdea. Bereziki kontserba enpresak daude hor, eta bestelako isuriren bat ere gertatu izan da askotan”. Eguzkik gogora ekarri du iaz, uztailaren 20an eta 24an, “isurketa kutsakor larriak” izan zirela Mijoan. “Eta bere horretan jarraitzen du arriskuak; datozen bi hilabeteetan isurketak izango diren susmoa daukagu, eta, ondorioz, hainbat arrain ager daitezke hilda”.

Deba ibaiaren arroan dago Mijoako erreka, eta Deba ibaira iristen diren beste bi erreka txiki ere badaude egoera txarrean: Antzuola eta Ego. “Urola ibaiaren erdialdeko eremukoak dira beste bi zatiak; Legazpi-Zumarraga ingurukoa bat, eta Zumarragatik beherakoa bestea. Gune horretan ez dakigu zer ari den gertatzen; araztegi sistema txiki gelditu da agian”. Deba ibarrekoak dira, beraz, Gipuzkoan egoera txarrean dauden bost ibai zatietatik hiru. “Eta, hiru kasu horietan, saneamendu lanak egiteko dauzkate oraindik. Askotan salatu izan dugu hori”. Gizakien eta industrien hainbat isurketa tarteko, XX. mendearen bigarren erdian kutsadura handia jasan zuten ibaietako askok, eta Plazaolak onartu du azken hogei urteetan ibaien egoerak hobera egin duela nabarmen. “Hori bai, saneamendu lan gehiago egin ditzaketela uste dugu, eta azkarrago”.

Eguzkik ez du sartu nahi lehentasun eta ez-lehentasun borroka horretan. “Baina guretzat oinarri-oinarrizkoak dira saneamendu lanak; nahitaez egin beharrekoak. Ez dugu esan nahi hori denik egin behar den lan bakarra, baina hori ere egin behar da”.

Pasaia eta Bidasora begira

Eguzkik ontzat eman du Uraren Euskal Agentziaren txostena. “Baina datu horiei helduta iritzi kritikoa falta dela uste dugu, ia-ia aipatu ere ez direlako egiten egoera onean ez dauden ibaiak; eta gauza berbera gertatzen da oso egoera onean daudenekin”. Plazaolak salatu du “argazki soilak” direla Uraren Euskal Agentziak ateratakoak. “Momentu bateko egoeraren berri ematen du; eskala batean kokatzen ditu ibaiak. Baina ez da zehazten zein lanketa egin behar den egoera txarrean dauden ibaiak hobetzeko. Ez du egiten argazkiaren interpretaziorik, eta administrazioak argazkiak atera behar ditu, bai, baina egoera interpretatu ere egin behar du”.

Egoera txarrean dauden ibai horietan “beharrezko lanak” egiteaz gain, Eguzkirentzat “ezinbestekoa” da Pasai Donibaneko saneamendu plana ere. “Itsasoaren eraginpean egonik, ordea, txosten honetan ez dute aztertu arlo hori”. Eta Bidasora ere begiratu dute Eguzki talde ekologistako kideek. “Txingudiko itsasadarrean dago, gune babestua da hura ere, eta han ere ez dituzte bete aurreikusita zeuzkaten helburuak”.

Eskaera argia egin du Plazaolak: “Uraren Euskal Agentziarentzat aurrekontu handiagoa izatea, urtez urte jaisten ari delako inbertsioa; azken sei-zortzi urteetan ia erdira igaro da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.