“XVI. mendean dokumentatu ziren lehenengo elur zuloak”

“XVI. mendean dokumentatu ziren lehenengo elur zuloak”

Miriam Luki

Arkeologoaren ofizioa ez da filmek agertu ohi dutena bezain erromantikoa. Hala uste du, behintzat, Angel Martinez legazpiarrak (1974). Martinez ez da Graal Santuaren bila dabilen Indiana Jones, baina bere ofizioak harrapatuta dauka duela hogei bat urtetik. Orain, Gipuzkoako elur zuloak aztertzen ari da Bizkaiko eta Arabako elurtegiak ere dokumentatuko dituen ikerketa zabalagoaren barruan. Legazpin, bere sorterrian, indusketak egin ditu Aizalekuko elur zuloan. Urteak dira Gasteizen bizi dela.

Nolatan erakarri zintuen arkeologiak?

Betidanik gustatu izan zait historia, eta, behin unibertsitateko ikasketak hasita, agiritegietako lan arloa edo landa eremuko lana dira aukerarik argienak. Nik ez nuen zalantzarik izan, eta landa eremuko lana hautatu nuen. Aitzitik, pentsatu ohi denaren kontra, arkeologo baten landa eremuko lana ez da beti landan egiten, hiriguneetan ere aritzen gara. Edozein kasutan, bertatik bertara lan egitea da arkeologiatik gehien gustatzen zaidana.

Graal Santurik ez dago beraz?

Ez dago halako aurkikuntza ikusgarririk; nik, behintzat, oraingoz ez dut topatu halakorik. Nolanahi ere, mota askotako testuinguruetan lan egiten dugu, eta, niretzat, tokiak sakon ezagutzeko aukera hori da erakargarriena; areago, horrexek bultzatu ninduen arkeologiara, aurrekoak nola bizi ziren ezagutzeko grinak.

Elur zuloen gaineko ikerketa egiten ari zara. Egun, zer kontatzen du horrelako zulo batek?

Garai batekoen ahalmen ekonomikoari buruz hitz egiten dute elur zulo baten aztarnaren tamainak eta eraikuntza motak. Zulo soilak dira batzuk, hiruzpalau metroko diametrokoak; zortzi metroko diametroa dute beste batzuek, eta hamar metroko sakonerako zuloak dira; ongi landutako harriekin eraikitako egitura daukate horiek. Bertakoen berri ematen dute ezaugarri horiek guztiek, ordukoek zuten gaitasunari buruz hizketan ari dira guztiak. Elur zuloen kontserbatze mailak ere informazioa ematen du bertakoek ondarea zaintzeko zuten kezkari buruz. Elur zuloek asko daukate esateko.

Zertarako balio zuten?

Neguko elurra uda garairako gordetzea zen elur zuloen helburua. Antzinako Ekialdean eta Erroman erabiltzen ziren. Gurean, XVI. mendearen erdian dokumentatuta daude lehenengoak, eta XX. mendearen bigarren hamarraldira arte erabili ziren; hau da, Aro Modernora arte; izotza sortzeko modu industrialak asmatzen hasi ziren orduan.

Norenak ziren elur zuloak?

Herri erabilerarako ziren. Jaietan freskagarriak egiteko erabiltzen zuten izotza, eta, medikuntzaren esparruan, baita sukar altua gobernatzeko ere.

Non egiten ziren zehazki?

Toki laiotzak bilatzen zituzten, eta ez zituzten egiten garaiera handiko lekuetan 500 bat metrora, izotza erraz eraman behar baitzuten herriguneetara. Izotzezko Aro Txikia deritzona gertatu zen elur zuloak eraiki zituzten mendeetan. Tenperaturak baxuagoak izan ziren, eta akaso horren eraginez ugaritu ziren zuloak.

Zenbat elur zulo daude Gipuzkoan?

50 bat.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egiten ari zarete ikerketa. Nondik sortu zen elur zuloen gaineko ikerketa egiteko proiektua?

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak arkeologia ikerketen proposamenak aurkezteko deialdi bat egin zuen aurreko udazkenean. Proiektuek bokazio praktikoa izan zezaten eskatzen zuten; hau da, zerbaitetarako baliagarriak izango ziren proiektuak nahi zituzten. Jose Rodrigez EHUko irakaslearekin eta Teresa Campos adituarekin batera, egungo elur zuloen azterketa egiteko proiektu bat aurkeztu genuen. Elur zuloak dokumentatuko dituen lehenengo lana da. Bakoitzak lurralde bat hartu zuen bere gain, eta Gipuzkoa egokitu zitzaidan niri.

Nolakoa litzateke Gipuzkoako elurtegien argazkia aurkitu dituzuen 50 horiek kokatuta?

Gipuzkoan, bi gunetan aurkitu ditugu gehienak. Paradoxikoki, ez dira elur gehien egiten duen ingurukoak. Donostia, Hondarribia eta Irun ingurua da zonetako bat. Kostaldean handiagoa zen izotz eskaria, eta bertan daude, gainera, Gipuzkoako hiririk handienak. Urnieta, Errenteria eta Tolosa ingurua da beste zona garrantzitsu bat. Tolosan, bereziki, handia zen izotz eskaria. Aipatzekoa da Izarraitzeko mendigunea ere; ikaragarria da Xoxoteko elur zuloa. Zestoa ingurukoak dira, ordea, martxan gehien iraun zuten elur zuloak. Ordurako egon bazegoen izotz industriala, baina bainuetxeetan oso preziatua zen elur zuloetako izotza. Gipuzkoa hegoaldean, elur gehiago eginda ere, elur zulo gutxiago zeuden.

Naturan ikus daitezkeen zuloez gain, ba al dago elurtegien gaineko dokumentaziorik?

Oso bibliografia gutxi dago, eta partziala da. Hala ere, Gipuzkoan elur zuloak aztertu nahi dituenak Angel Maria Calvo Blanco Aranzadiko kidearen lanetara jo beharko du derrigor; Gipuzkoan, hark bildu du elur zuloei buruzko informazio gehien.

Indusketa lanetan aritu zara Legazpiko Aizalekun, ezta?

Bai. Lurralde bakoitzeko esku hartze bat egitea da gure asmoa. Hamar metroko diametroa du Legazpiko elurtegiak, eta herrigunetik oso hurbil dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.