“Azpeitiak jarraitu egin du sagardoaren kulturarekin”

“Azpeitiak jarraitu egin du sagardoaren kulturarekin”

Ane Olaizola

Euskal kulturari eskutik helduta bizi den pertsona nekaezina da Laxaro Azkune (Azpeitia, 1950). Oñatz auzoan jaioa da, eta harreman estua du jaioterriarekin eta herrigintzarekin. Lotura horiek uztartuta, Sagardoa Azpeitian liburua idatzi du, sagardoak Azpeitiarekin izan duen lotura islatzeko asmoz. Juan Joxe Agirreren argazkiekin osatu dute liburua; “kalitatezko produktu bat” egiteko asmoz, Azpeitian sagardoa egin izan duten eta oraindik egiten duten baserrien eta sagardo ekoizpenaren prozesuaren irudiak jaso dituzte. Azpeitiko Udalean eros daiteke liburua, 5 euroan.

Nola sortu zitzaizuen liburua idazteko ideia?

Sagardo elkarteak aurten 45 urte bete dituela eta, Azpeitiko sagardoaren egiaztapen bat utzi nahi zuten. Gaiari buruzko liburu bat egitea proposatu zidaten. Udalarekin ere hitz egin zuten, eta gustatu zitzaidan ideia. Nire esku egon da liburua antolatzea eta osatzea. Artxiboetara jo dut garai bateko sagardotegien informazioa lortzeko. Horrez gain, Imanol Elias eta Joxe Lizaso izan dira informazio iturriak.

Nolako harremana duzu sagardoarekin?

Gertutik ezagutzen dut sagardoaren kultura, eta gustatzen zait. Irratian lan egin nuenean, sagardoaren inguruko informazioa landu nuen urte askoan. Nire gustuko edaria ere bada sagardoa, eta horrek erraztu egiten du lana. Txikitan, gure baserrian ere egiten zen, eta auzoko baserritar mordo bat pasatzen zen gure baserritik sagardoa egitera. Bakoitzak bere egutegia zuen, eta beraiek ekarritako sagarrarekin egiten zuten gurean edaria. Hala funtzionatzen zuen beste auzoetako baserrietan ere.

Liburua esku artean izanda, berrets daiteke Azpeitiak tradizio handia duela sagardoarekin?

Oso kuriosoa da Azpeitiko kasua. Inguruko beste hainbat herriren aldean, ohitura handiagoa dago sagardoa edateko eta egiteko. Litro asko egiten dituzte, eta familia osoa elkartzen da horren aitzakian.

36ko gerra baino lehen baserri guztietan egingo zen sagardoa. Kalean ere sagardotegiak gehiago ziren tabernak baino. Gerraren ondoren ere Azpeitiak jarraitu egin du sagardoaren kulturarekin, eta baserrietan, gutxiago edo gehiago, segitu egin da sagardoa egiten. Baserrietatik kalera lanera joaten hasi zirenean, 70eko hamarkadan, kultura hori mantendu egin zen, eta orduan sortu ziren sagardo taldeak eta kuadrillak. Barrikatxoak sagardoz bete, eta astean bizpahiru aldiz elkartzen ziren afaltzeko eta bakoitzaren barrikak dastatzeko.

Saltsa hori kuriosoa da Azpeitian. Azpeitiarrak hasi ziren sagardo muztioa eskatzen Astigarragako sagardotegiei. Haiek, hasiera batean, ez zuten halakorik eskaintzen, konpetentziatzat hartzen zituztelako. Gero, sagardotegi bat hasi zen eskaintzen, eta, ikusita Azpeitian eskari handia zegoela, beste batzuek jarraitu zuten. Azpeitira litro pila bat ekarritakoak dira Astigarragako sagardotegiak, eta oraindik jarraitzen dute ekartzen.

Ba al du berezitasunik Azpeitian egiten den sagardoak?

Sagardotegi askok diote sagardo mota bat bereziki gehiago gustatzen dela Azpeitian. Txapelketetan antzeman dute hori: sagardozaleek sagardo leunagoa ekartzen dute Azpeitira. Gaur egun, sagardo mota hori da kontsumorako nagusitzen ari dena. Gutxitzen ari da azidotasun gehiago duena, garratzagoa. Esaterako, sagardo mota hori gustukoago zuten Donostialdean, Tolosaldean edo Elgoibarren. Azpeitian, berriz, asko kontsumitu izan da sagardo egin berria, artean ondo heldu gabekoa. Azpeitiarrak ohituta daude zapore gozo horretara, eta hori izan daiteke sagardo leuna nahiago izatearen arrazoia.

Gerra baino lehen, baserrietan zenbateraino zegoen errotuta sagardoa?

Erabat. Etxe guztietan sagardoa zen edari bakarra. Garai hartan, ardoa ez zen horren ohikoa; egun berezietan bakarrik edaten zen. Sagardoa zen baserrietakoa, eta guztiek edaten zuten; umeengandik hasi eta nagusietaraino. Sagardo egin berria, gozoa, guztiek edaten zuten, eta hobeak zirenak botiletan sartzen zituzten.

Gerraren ondoren, ordea, aldatu egin ziren ohiturak.

Industrializazio garaian baserritarrak kalera joan ziren bizitzera, eta, horren eraginez, baserrietan galduz joan zen sagardoa egiteko ohitura. Esnea produzitzen hasi ziren, eta horretarako belardiak behar zituzten. Orduan, sagasti asko kendu egin ziren. Kalean, berriz, gizarte harremanetan sortu zen etenaren eraginez gelditu zen sagardotegien kultura. Gerora, sagardotegi bakan batzuek jarraitu zuten sagardoa ekoizten.

Sagardozalea al da Azpeitia?

Bai, zalantzarik gabe. Azpeitian, oraindik, ez dago txikiteoan sagardoa edateko ohiturarik, baina herri batzuetan errotzen ari da. Azpeitira, oraindik, ez da iritsi, baina botiletan sagardo asko kontsumitzen da. Diotenez, aurreko belaunaldietakoek nahiago dute elkartean txotxa egitea, baina oraingoek gustukoagoa dute botiletan edatea, mahaitik altxatu gabe.

Sagardoak bere lekua gordetzen al du oraindik?

Sagardoa, kalitatez, asko hobetu da azken urteetan. Gainera, sagardo elkarteek bat egin eta sagardoaren zigilua sortu dute. Horrek beste berme bat ematen du, eta pauso handia da alde horretatik. Sagardozaletasuna badago; gazteen artean asko kontsumitzen da, ardoa baino gehiago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.