[Herriz herri] Tolosa. Antzinako hiriburua, bihotz

Itzea Urkizu Arsuaga

Mapei erreparatuz gero, Tolosa izan liteke Gipuzkoaren bihotza: ia-ia menditik bezain gertu dago kostaldetik; ia Nafarroa bezain eskura dauka Lapurdi; ia nekazari adina arraunlari dauzka. Mapetatik harago begiratuta, ordea, inguruko 27 herriekin batera arnasten duen bihotza da Tolosa.

“Herri euskalduna da, plurala eta solidarioa. Irekia eta aberatsa da kulturari dagokionez. Ekintzaile izaerak pisu handia du Tolosan, eta hori herriaren alde bideratzen da askotan. Inoiz entzun izan dut, gainera, Tolosa bidegurutzea ere badela eskualdeburu izanik, eta, bide horretan, Gipuzkoako lurralde orekan zeresan eta zeregin handia dugu”. Hala deskribatu du bere herria Olatz Peonek, Tolosako alkateak (Tolosa, 1970).

Bihotz bezain bidegurutze ere bada Tolosa, eta horretarako ez zaie mapei begiratu behar: historia liburuek diote hori. Itsasorako bidea ireki nahian, 1256an Gaztelako Erresumak hainbat herri sortzeko ahalmena eman zien zenbait erregeri Araba eta Nafarroa arteko mugan. Horietako bat izan zen Tolosa, eta, zenbait zerbitzuren onuraz gain, herri izaerak harresia ere ekarri zion: Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko salgai guztiak handik pasarazten zituzten.

Mende eta garai berriei egokituta, noski, baina merkataritza bizitzari eskutik helduta egin du aurrera Tolosak. Horrela, merkataritza biziberritzeko plan baten bitartez, Nafarroa etorbidea eraberritzeko lanetara bideratu du udalak 2017ko aurrekontuko inbertsiorik garrantzitsuena. Alkateak herriko motortzat du sektorea: “Ez ekonomikoki bakarrik, baita herria bizi mantentzeko motor gisa ere. Dena den, ez dugu ahaztu behar industria eremukoa ere badela gure izaera, eta gastronomiak eta turismoak ere sekulako pisua dutela. Era berean, landa eremuak indartzen du aurretik aipatutako guztia”.

Gaur egun, Tolosak ez du gainditzen 20.000 biztanleren langa, baina, Peonen arabera, hiriburu lana egiten du Tolosaldean: “Tolosa eskualdeburu da tamainaz eta izaeraz, eta, zalantzarik gabe, zerbitzuei dagokienez aurreikusi egin behar da egoera hori. Dena den, elkar aberasten dute Tolosak eta eskualdeak, eta ezin daiteke ulertu bata bestea gabe”.

Tolosa, nolabait, hiriburu ez-ofiziala da herritarren begietara; XIX. mendean izan ziren, ordea, Gipuzkoako bihotz geografiko eta politiko izan zeneko urteak. Hainbat gobernu sistema eta bi karlistaldi tarteko, gerrate garaia izan zen XIX. mendea. Zurrunbilo horren barruan, Tolosa hamar urtez izan zen Gipuzkoako hiriburu, 1844 eta 1854. urteen artean, eta aldaketa nabarmenak ekarri zizkion hiribilduari. Batetik, ordura arteko aduana kendu eta Gipuzkoara sartu beharreko produktuei bakarrik ezarri zieten zerga; La Esperanza lantegiarekin sekulako gorakada izan zuen papergintza sektoreak; txapelak egiten hasi ziren, eta trenbidea ere hiriburu zenean heldu zen Tolosara.

Hori gutxi ez, eta hiriburutzak itxura bera ere aldatu zion Tolosari. Besteak beste, ordukoak dira gaur egun bizi gehien duten guneak eta plazak: Vargas markesen etxea, gaur egun kultur etxe lana egiten duena; Berdura plaza; Beotibar pilotalekua; kale bilakatutako Rondillako zelaia eta Euskal Herria plaza.

Aspaldiko arrastoei segituta, Tolosaren “osagarritasuna” maite du gehien Peonek: “Tolosak hiri eremua eta landa eremua bateratzeko duen gaitasuna dut gustukoen, eta, hausnarketa pertsonalagoa eginda, hori guztia sentimendu bat ere badela esango nuke”.

Peonek bi urte bete berri ditu alkatetzan, eta aitortu du herria ez dela berdin ikusten kargu horretatik: “Desberdin begiratzen diot Tolosari, errespetu handiagoarekin. Herria sakonago ezagutzeko aukera ematen du alkatetzan egoteak, bere giza balioak eta alde positiboak ikusiz, batetik, eta zailtasunak ezagutuz, bestetik. Horregatik, nire ustez ezinbestekoa da Tolosari eta tolosarrei etengabe, arduraz eta errespetuz begiratzea”.

Bizi kalitatea ardatz

Bide horretan, alkateak esku artean ditu agintaldia amaitu bitarteko erronka nagusiak ere, ekonomiari estu lotutakoak: “Orain, tolosarron bizi kalitatea hobetzeari begirakoak dira udalaren kezka eta erronka nagusiak. Horretarako, ezinbestekoa da herriko garapen ekonomikoan aurrera egitea, gero eta kohesio handiagoa lortzeko. Ez edozein modutan, noski, modu gardenean baizik. Eta, horretarako, derrigorrezkoa da herritarren iritzia jasotzea eta kontuan hartzea, etorkizuneko Tolosa denok elkarrekin marraz dezagun”.

Hain zuzen ere, erronka horri helduta, datozen urteotako urratsak egiteko parte hartzea sistematizatu nahian dabil udala. Peonek eskerrak eman nahi dizkie tolosarrei, euren inplikazioagatik: “Beren denbora eta jakinduria eskaintzen dute herriaren alde, borondatez gainera. Uste dut jauzi garrantzitsua egiten ari garela parte hartzea sistematizatzeko lanetan, eta derrigorrezkoa da aurrera jarraitzea, abian dauden proiektuetan tolosarren ekarpenak txertatuz”.