“Sekulako giroa dauka Tolosak, eta poza ematen du kalera irteteak”

I. Urkizu Arsuaga

Badira tolosar prototipo izateko balizko zenbait ezaugarri, eta horietako asko betetzen ditu Irati Artutxak (Tolosa, 1989). Herriko ostalari ezagunenetako batzuen alaba izaki, ordu zenbait igarotzen ditu barra atzean. Tokiko produktuekiko maitasuna etxetik jasota-edo, Tolosako Babarrunaren Kofradiako belaunaldi berriko kideetako bat ere bada, eta haurra zenez geroztik astintzen ditu oinak Tolosako Udaberri dantza taldean.

Jarduera horiez guztiez gain, maite du bizimodu tolosarra, eta baita eskualdeko herri txikietara eraikitako joan-etorriko zubiak ere. Zalantzarik ez da: tolosar peto-peto horietakoa da.

Haurra zinenetik asko aldatu al da Tolosa?

Bai, aldatu da. Industria gehiago zegoen lehen, lantegiak-eta. Kiroldegi berriak ere aldaketa handia ekarri du, eta Oria ibaia lehen baino garbiago pasatzen da orain. Estetikoki, herria lehen baino politago dagoela uste dut. Horrez gain, gorabeherak izan ditu giroak baina olatu gainean dago orain; duela hamar urte inguru kanpora joaten zen jendea, baina tolosarrak Tolosan geratzen dira orain.

Askotan esan ohi da herri bizia dela Tolosa.

Bai, denek esaten dute Tolosan beti badela zerbait. Eta, egia esan, hala da. Behin ikasturtea hasita, zaila izaten da ezer ez dagoen astebururik aurkitzea. Uda izaten da ia jarduerarik gabeko garai bakarra, baina, irailetik aurrera, Gabonak bitarte, beti izaten da zerbait. Inauteriak iristen dira ondoren, eta haien atzetik, udaberriarekin, bete-beteta egoten da asteburuetako agenda.

Gustuko al duzu hori?

Bai, oso! Sekulako giroa dauka Tolosak, eta poza ematen du kalera irteteak; tolosarrak nahiz kanpokoak erakartzen ditu giro horrek. Gainera, jende asko egoten da jarduera horien atzean: udala, merkatari eta tabernari elkartea, ekinbide etxea, kultur eragileak, kirol taldeak…

Dena ez da festa izango, ordea. Tolosak zer ematen dizu egunerokoan?

Denetik dago esku-eskura. Momentuko erosketak egin daitezke; kirola egin daiteke, bai aire librean eta bai kiroldegian; kokapen geografikoa ere oso gustuko dut; eta, herriguneaz gain, ingurua ere oso polita du: Uzturre, Villabona-Amasara, Irurara, Altzora eta Alegira doazen bideak…

28 herri ditu Tolosaldeak, eta, nolabait esatearren, hiriburu funtzioa betetzen du Tolosak. Horrek zein eragin du herrian?

Positiboa dela uste dut, Tolosa topagune bilakatzen delako. Aldi berean, ordea, oso bizirik daude Tolosaldeko herri txiki asko, gauza asko antolatzen dituzte han, eta oso aberasgarria da hori.

Gazteen ikuspegitik, zer dauka Tolosak eta zer falta zaio?

Jarduera asko ditu, eta adin guztiei begirako eskaintza izaten da. Gainera, garraio publikoari dagokionez, oso ondo komunikatuta dago. Hutsuneren bat aipatzekotan, berriz, parrandari begiratuko nioke: tabernak itxitakoan gauean jai giroan jarraitu ahal izateko lekuren bat falta zaio Tolosari [barrez]. Baina dena ez da parranda, eta udarako igerileku handiago bat beharrezkoa dela uste dut. Tolosako eta Tolosaldeko jendea bertaratzen da, eta uste dut handiagoa beharko lukeela izan.

Bertakoa ez den bati nola erakutsiko zenioke Tolosa?

Alde Zaharreko zenbait txoko erakutsiko nizkioke, hasteko: Zerkausia, Plaza Zaharra, Euskal Herria plaza eta Plaza Berria. Triangulora igo, eta Tolosako argazki tipikoenera eramango nuke, Zumalakarregira. Baina Tolosa bada zerbait Alde Zaharraz gain, eta herriko inguru eta auzoak ere erakutsiko nizkioke: Larramendi, adibidez, asko handitu edo aldatu da azken aldian, edo Berazubi bera. Aukera izanez gero, egun bereziren batean gonbidatuko nuke Tolosara. Adibidez, Babarrunaren Festa aukera bikaina iruditzen zait; inauteriez eta sanjoanez gain, egun indartsuenetako bat dela uste dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.