‘Skapaz’-en eskapada hura

Danel Agirre

Zarauzko Salberdingo eremua urbanizatu eta bertan mila etxebizitzatik gora eraikitzeko plan bereziaren esleipena azpikeria zabar bati esker erdietsi zuen, 2008an, lehiaketa publikoan parte hartu zuen arkitektoetako batek. Bost proposamenen artean aukeratzeko baliatu ziren irizpideen artean, berritzailea zen bat ezarri zuen udaletxeak: herritarrei euren iritzia galdetu zien, puntuen %10 bat haren arabera banatzeko. Areto batean ikusgai izan ziren bost egitasmoen plano eta zirriborroak, lehiakideen izenak ezkutatuta. Aurreiritzirik gabe, ahal zen modu aseptikoenean ikusitakoa epaitzeko eskatu zitzaien Zarautzen erroldatutako guztiei.

Proiektuen artean, bakarra zen herriko norbaitek aurkeztutakoa. Eta haren aldeko botoa eskatu zuen e-mailez eta sms bidez zabaldutako mezu kate batek, deialdiaren espirituari desafio —iseka— eginda. Anonimoa behar zuen prozesua desitxuratu, eta lehiaketa publikoaren emaitza orokorra ere iraultzea lortu zen tranparekin. Udaletxearen galdeketaren hamar puntuak eskuratu zituen arauz kontrako hauspoa jaso zuen egitasmoak. Teknikariek eta zinegotziek banatu zituzten puntuei erantsi, eta herriko arkitektoak 70 pilatuta eskuratu zuen esleipena. Bigarren amaitu zuen lehiakideak —ez zen zarauztarra— 66 puntu eskuratu zituen guztira, horietatik bat bakarra herritarren botoei esker (65-60 irabazi izango zukeen galdeketa manipulatuaren atalik gabe). Sms eta e-mail kate ustel batek inposatu zuen, beraz, Gipuzkoako azken hamarkadako bigarren etxebizitza publiko promozio handiena nork diseinatutakoa izango zen.

Amarruaren onuradun nagusia, hari esker lehiaketan gailendu zen arkitektoa, Xabier Txurruka zen, egungo Zarauzko alkatea. Indarrean zen koalizio zabalak (EA, EAJ, Aralar, PSE eta PPk osatzen zuten; ezker abertzalea legez kanpo zegoen), gertatutakoa komunikabideetan eta udaletxean salatu genuenoi entzungor, bidegabeko irabazlearekin konpontxo egin eta plan bereziaren tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Herritarren parte-hartze zinegotziak jukutria deitoratu bai, baina ezinezkotzat jo zuen egiaztatzea nor ote zegoen Zarauzkoa zen hautagaitza bakarra bultzatu zuen sms eta e-mail katearen iturburuan. Sherlock Holmes filma urte horretan bertan estreinatu zuten Euskal Herriko aretoetan, Robert Downey Jr. protagonista zuela.

Lerro hauetan ezezagun samarra den pasadizo hauxe berreskuratu badut, uda honetan kopeta berriz zimurrarazi didalako izan da. Oso gogoan dut oraindik Txurrukak bere plano eta zirriborro sortari zein izen ipini zion garai hartan: Skapaz. Salberdin eremuan kokatuta dagoen eremuko akronimo kutunenarekin lotu nahi izan zuen Txurrukak horrela bere egitasmoa. Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde auzoen izenen laburdura da Skapa, bertako jaiak —Zarauzko herrikoienak, hain zuzen ere— sustatzeko erabili ohi dena. Txurrukak eta bere lantaldeak bete ezinezko dezibelio muga bat ezarrita duela hiru aste boikotatutako festak dira horiexek, hain zuzen ere. Skapaz-en eskapadatik libratu zen alkateak ez dio Skapa-ri esker on berezirik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.