Gailurra ukitu nahi duen beka

Maialen Etxaniz

Mendizaletasunaren habia izan da Euskal Herria urteetan, eta, gaur egun ere, hala izateko ezaugarri guztiak ditu. Euskal mendizale askok ukitu dituzte bertako zein munduko hainbat txokotako gailurrak, baina, azken urteetan, aldaketak izan dira goi mendizaletasunean, eta, osasuntsu badago ere, maldan gora jarri du mendi elkarteen egoera. Gustuko lekuan ez dela aldaparik egoten esaten bada ere, hainbat arrazoi direla medio azken urteetan nahi baino malda handiagoa igo behar izan du Euskal Mendizale Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak martxan jarri zuten Joxe Takolo bekak.

Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalearen omenez, goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak sustatzeko helburuarekin sortu zuten Joxe Takolo beka, 2001ean, herritik Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin.

Alejo Uranga (Azpeitia 1957) udaleko kirol zinegotzia zen beka sortu zutenean. Herritarrek Takolo zena “zenbat maite zuten ikusita” erabaki zuten beka abian jartzea: “Hura hil ostean jendeak asko maite zuela konturatuta, omenaldi bat antolatu genuen, bere lagunen, Lagun Onak Mendi Bazkunaren eta udalaren artean. Xoxotera bidean Takoloren omenezko irudia jarri genuen, haren baserria zenaren aurrean. Uztarria komunikazio taldeak, berriz, Joxe Urbietaren liburu biografikoa kaleratu zuen. Egun ederra izan zen, eta jendeak bikain erantzun zuen”, gogoratu du. Horren ostean, Antton Bandresek beste pauso bat eman —orduan Mendi Federazioko presidentea zen—, eta Azpeitiko mendizalearen omenez diru laguntza bat eskaintzea proposatu zuen. Ideiari heldu, eta martxan jarri zuten Joxe Takolo beka. Ordutik, agintaldi guztiek eman diote jarraipena diru laguntzari, eta horrek “asko” poztu du Uranga, “bekarekin jarraitu ez ezik, hobetu egin dutelako”.

Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkuneko lehendakariarentzat (Azpeitia, 1981), diru laguntza hori “erreferentea” izan da Euskal Herrian: “Aurrez ez zegoen horrelako diru laguntzarik mendiko jarduerak edo espedizioak sustatzeko. Lagundutako proiektuek erakusten dute zenbateko garrantzia duen halako sostengua izateak etorkizunean ere beste proiektu batzuk bultzatzeko”.

Hastapenetan indartsu hasi bazen ere, Joxe Urbieta zenaren izena isilduta eta diru laguntza indargabetuta zegoela ikusita, iaz kezka agertu zuten Lagun Onak-ek eta Azpeitiko Udalak. Bekaren gaineko diagnosia egin beharra zegoela nabarmendu zuten orduan, eta, horregatik, Lagun Onak-ek jaso zuen 2016ko beka, hiru helburu nagusirekin: inguruko mendizaletasuna ikertzea eta sustatzea, bekaren egoera aztertzea, eta Azpeitian zein Euskal Herrian Takolo zenaren irudia zabaltzea.

Unanuek azaldu duenez, erabat galdu da Joxe Takoloren izenaren transmisioa. “Gaurko gazteek ez dakite nor zen, eta beste askok ez dakite haren izena daraman beka bat dagoenik ere. Bestalde, ez dakite Takoloz gain badirela beste herritar batzuk 8.000 metroko mendiak igo dituztenak, edo eskaladan txapeldun handiak ditugula Azpeitian”. Iritzi bera du Estitxu Elduaien udal zinegotziak (Azpeitia, 1977): “Belaunaldi berriei Takolo nor zen gogorarazteko aukera polita da bekari bultzada ematea. Izan ere, bere garaian ezaguna eta herriarentzat oso garrantzitsua zen Joxe Urbieta, baina, urteek aurrera egin duten heinean, haren izena galduz joan da. Guretzat garrantzitsua da historian beren lorpenengatik zein izaerarengatik esanguratsuak izan diren herritarren izenak belaunaldi berriengana heltzea”.

Unanue arduratu da diru laguntza indartu ahal izateko azterketa koordinatzeaz, baina hainbat bidelagun izan ditu diagnosia egiterakoan. “Urtebete pasatxo aritu gara lanean, eta Euskal Herriko mendi elkarteen, federazioen, mendizaleen eta teknikarien laguntza izan dugu, besteak beste”. Mendi bazkunak azken urtean egindako azterketaren arabera, jende askok ez du bekaren berri, eta oihartzuna ematea da haien helburua. Oraingoz, bekaren oinarriak eta irudia aldatu dituzte egindako diagnosiaren ondorioetatik abiatuta. Aurrera begira dituzten helburuen artean daude prentsa idatzian eta Interneten lekua irabaztea.

Askotariko gaiak

Goi mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta gai horien zabalkundearekin zerikusia duten proiektuak aurkeztu daitezke, hala nola alpinismo klasikoa, mota guztietako eskaladak, eskia, BTTa, kayaka, espeleologia, zientziak, parapentea… Irailaren 30era arte aurkez daitezke lanak Azpeitiko Udalaren erregistroan. www.azpeitia.eus webgunean daude eskuragarri bete beharreko oinarri guztiak.

Lagun Onak Mendi Bazkuneko lehendakariaren arabera, beka hori “laguntza handia” da mendizale gazteentzat. Horregatik, Unanuek “mendirako gogoa eta ilusioa duen edozein gazte” animatu nahi du Joxe Takolo bekara proiektuak aurkeztera: “Izan ere, proiektuen ehuneko handi bat babesten da diru laguntza horrekin, eta egitasmoen izena eta izana zabaltzen laguntzen du”. Oinarri berriak finkatuta, irudia aldatuta eta oihartzuna hartzeko gogoz, tontorrera iristeko prest dago Joxe Takolo beka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>