“Jendea gertukoa da, eta horrek asko laguntzen du elkarbizitzan”

M. Osa Galdona

Realeko lehen taldeko aurrelaria eta medikuntzako ikaslea da Nahikari Garcia (Urnieta, 1993). Egunero Bilbo eta Zubieta artean ibili arren, Urnietan bizi da. Umetan etxe azpiko parkean igarotako orduek emaitza eman dute, eta, egun, hango eta hemengo futbol zelai onenetan golak sartzen aritzen da. Herritarren arteko elkarbizitza azpimarratu du.

Nolakoa da Urnieta?

Familia giroko herria dela uste dut, denok ezagutzen baitugu elkar. Betidanik bertan bizi izan naiz, eta nabari dut herri txikia izan arren gero eta mugimendu handiagoa dagoela kalean. Jendea parte hartzen ari da. Nabaritzen da gazteen bultzada herriko hainbat ekintzatan.

Zertan, adibidez?

Festetan nabari da gehien eragina: kontzertuak antolatzen dituzte, ginkanak egin… Emakumeen aldeko mugimenduak ere izan dira. Besteak beste, hitzaldiak eskaini izan dituzte. Horrelako ekintzak onuragarriak dira herria kontzientziatzeko.

Herri parte hartzailea da, beraz.

Bai, guztiz. Azken urte hauetan mugimendu handia egon da herria berpizteko. Jendeak gauzak proposatzen baditu, mugitzen den seinale izaten da hori, eta gauza ona da kalera ateratzea. Beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, batez ere herria bizirik mantentzeko.

Zein da zure txokorik gogokoena?

Txikitatik ordu asko igaro izan dut etxe azpiko parkean. Nahiz eta asko aldatu den, gustatzen zait leihotik hara begiratzea eta momentuak gogoratzea. Anaiak eta biok ordu asko pasatu ditugu hor futbolean jolasten; baita gainontzeko lagunekin ere. Denok elkartzen ginen, eta asko gustatzen zitzaidan jolasean aritzea.

Oroitzapen bat?

Parkeko momentuak. Asko pasatu izan ditut han: lagunekin, anaiarekin… Gainera, han jolasean ibiltzen ginen haurren artetik gaur egun futbolean ari gara pare bat ,eta seinale ona da hori. Denok ibiltzen ginen futbolean. Egia esan, leku hura oso egokia zen futbolean aritzeko. Oso oroitzapen onak dauzkat.

Zer aldatuko zenuke?

Nahiz eta herri mugimendua gero eta handiagoa izan, oraindik gehiago egin behar dela uste dut. Ekintza gehiago egitera animatuko nuke jendea. Umetan, noizbehinka, 3×3 futbol txapelketak izaten ziren. Gustatuko litzaidake horrelako txapelketak itzultzea. Gainera, oso kirolari onak egon izan dira Urnietan, eta onuragarria izango litzateke.

Zer nabarmenduko zenuke?

Gauza asko. Nire betiko herria da. Herri txikia izanda, jendea gertukoa da eta horrek asko laguntzen du elkarbizitzan. Asko gustatzen zait elkarren arteko laguntza sustatzea eta denon artean ekintzak egitea, baita herrian bizitzea ere.

Euskarak zenbateko pisua dauka herrian?

Presentzia handia izan du betidanik. Nik lagunekin euskaraz hitz egiten dut, eta inguruko kuadrilletan ere hori nabaritzen da. Euskaraz hitz egiten da. Alde horretatik, nabari da Urnietan lan ona egiten dela: txikitatik eskoletan euskara bultzatzen da, eta horrek eragina izaten du etorkizunean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.