[Museora] Hegoak geldi zeuzkan

[Museora] Hegoak geldi zeuzkan

Eider Goenaga Lizaso

Aurreko asteburuan mendian ibili zen Manuel Agirresarobe (Aia, 1941) tximeletak harrapatzen. 18 urte zituenetik dabil tximeletak biltzen eta katalogatzen, eta oraindik zaletasunari eusten dio, gogotsu. Urte hauetan guztietan eginiko tximeleta bilduma Munduko Tximeleten Erakusketa Iraunkorra museoan dago ikusgai, Irunen, Larritxipi kalean. Museoa Agirresarobek berak jarri zuen martxan, 1996an; eta, 2006an, Irungo Udalak erosi zuen erakusketa. Egun, udalak kudeatzen du, eta Agirresarobek egiten ditu gidari lanak; haren kargu daude, halaber, erakusketa berritzeko eta mantentzeko lana ere. Guztira, 7.000 tximeleta inguru daude ikusgai.

“Erakusketan dauden guztiak egunez hegan egiten duten tximeletak dira. Gauekoekin alderatuta, egunez ibiltzen diren tximeletak oso gutxi dira, %10 edo, baina erakusketan daudenak soilik egunez ibiltzen dira. Hori bai, mundu guztiko tximeletak daude”. Erakusketan dauden tximeleta asko —Euskal Herrikoak zein Europako guztiak— Agirresarobek bildutakoak dira; gainerakoak trukean lortutakoak edo erositakoak dira. “Poliki-poliki joan naiz erakusketa osatuz”.

Oro har, tximeletak desagertzeko arriskurik ez du ikusten Agirresarobek, espezie asko baitaude munduan. Baina espezie asko galdu direla nabarmendu du: “Adituek esaten dutenez, azken ehun urteotan Europan bizi ziren tximeleta espezieen erdiak desagertu egin dira”. Nekazaritzan erabiltzen diren intsektizidak eta pestizidak jotzen ditu erantzule, eta Euskal Herrian, neurri handi batean, zuhaitz autoktonoak pinudiekin ordezkatzeak eragin du galera. “Lehen, zuhaitz mota asko zeuden, eta tximeleta bakoitza, edo beldar bakoitza hobeto esanda, hosto mota batez elikatzen da. Beraz, zuhaitz horiek desagertzen diren neurrian, tximeletak ere desagertzen dira”.

Tximeleta espezieei dagokienez, Euskal Herria ez dela leku aberatsa dio Agirresarobek. “Tokiren bat gelditzen da Nafarroan, baina, berez, ez da oso gune aberatsa”. Irungo udalerrian egindako ikerketa baten kopuruak eman ditu ondoren. “Azterketa bat egin nuen Irunen, eta 417 tximeleta motaren argazkiak bildu nituen liburu batean. Euskal Herrian gehiago izango dira, noski, baina ez da asko”.

Ikusgarrienak, ekuatorean

Tximeleta handi eta ikusgarrienak, koloretsuenak, bestalde, ekuatore lerroaren inguruan daudela azaldu du Agirresarobek. “Ekuatore lerrotik zenbat eta gehiago urrundu, bai hegoaldera eta bai iparraldera, orduan eta tximeleta gutxiago, txikiagoak eta ilunagoak dira. Politenak eta ugarienak ekuatorearen inguruan daude”.

Berak topatutako tximeleten artean, Fontibren, Kantabrian (Espainia) topatutakoa da bereziena Agirresaroberentzat. “Ez da bereziki ikusgarria eta handia, baina espezie berri bat izan zen. Ikusten duenari ez dio atentzioa ematen, baina niretzat berezia da, espezie berri bat zelako. Jendeari kolore biziko eta tamaina handiko tximeletak gustatzen zaizkio”.

Tximeletak biltzearena pazientzia eta kontu handiarekin egin beharreko lana dela dio. Sarearekin biltzen ditu, eta, ondoren, anestesiatu. “Ukitu gabe, ontzi batean sartzen dut tximeleta, eta kortxoan hiru tanta kloroformo botatzen ditut. Lo hartu arte, sei segundo kontatzen ditut, ez gehiago, bestela hil egiten baitira, eta kortxoa kentzen dut”. Tximeleta aztertu, apunteak hartu, eta, katalogatua baldin badu, esnatzen utzi —bi minutuan esnatzen da— eta tximeleta askatu egiten du. “Katalogatu gabekoa bada, kloroformoarekin jartzen dut berriro, hil arte”.

Tximeleta lehortzen utzi, eta bitrinan erakusgai jartzen du, aldamenean espezie horri dagozkion azalpenak jarrita. “Baina tximeletak oso delikatuak dira, eta behin bitrinan jarrita ere kontu handiz ibili behar da, bai hezetasunarekin, bai tenperaturarekin. Erakusketa, normalean, ilunpetan egoten da, eta soilik bisitariak datozenean pizten dira argiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.