Musika poesia bihurtuta

Musika poesia bihurtuta

Unai Zubeldia

Musika instrumentala eta ahots-musika, inguru paregabean. Horixe eskaintzen du urtero Antioko Musikaldiak, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zumarragako Udalaren eskutik, menu dotorea dauka prest aurten ere. Bihar hasi eta urriaren 1era arte bost ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da Antiguako ermitan, Zumarragan, eta Igartubeiti baserrian, Ezkio-Itsason. Artxipielagoa, Voces de Cine, Sariranaga Taldea eta Easo Eskolania izango dira ikusgai lehen lau larunbatetan, eta Músicas Medievales urriaren 1ean, igandean. Bost emanaldietarako doako autobus zerbitzua eskainiko dute Zumarragako Elizkaletik abiatuta.

‘ARTXIPIELAGOA’
Bihar, 19:30ean

Norberaren gaitasunak eta ametsak elkarrengana bilduta sortutako lana da Artxipielagoa. Erpin bakoitzetik erdigunera jota, ikuskizunak oholtza berean elkartu ditu Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez txelo eta eskusoinu jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia, German Ormazabal piano jotzailea eta Belen Ibarrola artista.

Narrazioak, abestiak, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzioak uztartzen ditu uhartez uharte osatutako artxipelagoak. Ordu eta erdi inguruko emanaldian, atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Ukitu klasikoa izango du lehen atalak, eta abesti berriagoak eskainiko dituzte bigarrenean.

‘VOCES DE CINE’
Irailaren 16an, 19:30ean

Pantaila handiak XX. mendean ezagun egin zituen kanturik ederrenetako batzuk biltzen dituen kontzertua da Voces de cine emanaldia (Zinemako ahotsak). Hamahiru abestiko sorta euren egingo dute Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak eta Iñaki Salvador piano jotzaileak. Besteak beste, Dumbo filmeko Baby Mine kantua, Black Orpheus filmeko Manha de Carnaval eta Chicago filmeko All that jazz eskainiko dituzte.

Sona handiko orkestrekin eta artistekin nazioartean ibilitakoa da Zubillaga, eta nazioarteko maisuak izan ditu gidari. Salvador, berriz, piano jotzailea izateaz gain, konpositorea eta moldatzailea ere bada, eta jazz musikarekin lotura berezia dauka.

SARIRANAGA TALDEA
Irailaren 23an, 19:30ean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) musikariek osatzen dute Sariranaga taldea, eta Wolfgang Amadeus Mozarten eta Johannes Brahmsen obrak interpretatuko dituzte. Mozarten harietarako kuartetoetako bat —Molto allegro, Andante, Menuetto eta Trio eta Rondeau. Allegro— eta Brahmsen klarineterako eta harietarako kintetoa —Allegro (B minor), Adagio (B major), Andantino (D major) eta Con moto (B minor)— entzun ahal izango dira emanaldian. Bost kideko taldea da: Sara Zufiaurre urretxuarra klarinetearekin, Gabriel Mesado Estrada Bartzelonakoa biolontxeloarekin, Itziar Prieto Etxano errenteriarra eta Mikel Ibañez gasteiztarra biolinarekin, eta Pawel Krymer poloniarra biolarekin.

EASO ESKOLANIA
Irailaren 30ean, 19:30ean

Euskal Herrian gizonezkoz osatutako talde bakarrenetakoa da Easo Eskolania, 1992an sortua. Gorka Miranda da zuzendaria, eta antzinako musika dute oinarri. Bide horri segika, nazioarteko hainbat talde ospetsurekin aritu dira elkarlanean. Opera batzuen laguntzaile gisa ere aritu izan dira, eta baita musika sinfoniko-koralaren arloan ere. Escorial eta Montserrateko eskolaniekin lanean aritu izan da azken urteotan. Ana Otxoa sopranoa eta Marife Nogales mezzo-sopranoa izango dituzte lagun, eta baita Koruko Andra Maria Musika Kapera ere —Oscar Candendo da organo jotzailea, eta Andoni Sierra zuzendaria—.

‘MÚSICAS MEDIEVALES’
Urriaren 1ean, 18:00etan

Musika eta instrumentu historikoak ikertzen, berreskuratzen eta hedatzen adituak dira Emilio Villalba eta Sara Marina. Sei urte baino gehiago daramatzate elkarrekin kontzertuak eskaintzen, eta 40 instrumentu historiko baino gehiago berregin dituzte jada. Biolak, salterioak, zarrabetea, clavisimbaluma, organettoa, lautak… Askotariko instrumentuak jotzen dituzte. Uzta oparoaren erakusle, hiru disko argitaratu dituzte jada, eta elkarrekin sortu dute Historiadun Musika Instrumentuen Fundazioa. Bederatzi lan eskainiko dituzte Musikaldiaren amaiera ekitaldian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.