“Sorpresa handia izan da iraganeko Ordizia ezagutzea”

“Sorpresa handia izan da iraganeko Ordizia ezagutzea”

Ariane Vierbücher

Historia luzea duen herria da Ordizia: 750. urteurrena izango du 2018an. Historialaria eta Gure Iragana elkarteko kidea da Nerea Iraola (Ordizia, 1990), eta ongi ezagutzen du bere jaioterria. Ordiziaren historia sakon ikertzen aritu da Victor Mendizabal bekari esker, eta ezusteko bat edo beste izan duela aitortu du. Bestalde, Osbele elkarlanean ari da orain dela hilabete gutxi sortutako elkartearekin ere. Ordiziako San Bartolome ermitako lagunek osatzen dute Osbele, eta eraikina leheneratzeko lanean ari dira. Ordiziak N-1 errepidetik duen sarreran dago ermita, agerian, baina ezezaguna da jende askorentzat.

Ordizian zenbateko garrantzia du San Bartolome ermitak?

Handia. Villafranca hiribildua sortu aurreko herrixka han edo handik gertu zegoen, Ordiziako historia tradizioaren arabera. Eta hala baieztatzen dute dokumentazio historikoek ere. Dena den, arkeologia ikerketen bidez lor daitekeen erreferentzia fisiko baten beharra dugu hori guztiz baieztatzeko.

Zeintzuk dira eraikinaren ezaugarriak?

Balio sinbolikoa soilik du gaur egungo eraikinak. Zergatik diot hori? 1813an, Espainiako Independentzia Gerraren testuinguruan, Napoleonen tropek eraikin zaharra erre egin zuten erretiroan zeudela, eta zoritxar haren ondorioa baino ez da gaur egungoa; benetako eraikinaren oroitzapena soilik, alegia. 1856-1859. urte inguruan eraiki zuten gaur egungo ermita, eta, beraz, 150 urte pasatxo soilik ditu.

Gaur egun ermita bada ere, Ordiziako eliza izan zen garai batean, ezta? Nolatan gertatu zen hori?

Aipatu dudan bezala, 1813. urtea erabakigarria izan zen San Bartolomerentzat, erre egin zelako balio historikoa zuen eraikina. XIV. mendera arte, behintzat, eta Villafrancako Santa Maria eliza amaitu bitartean, Ordizia inguruko eliza nagusia izan zen San Bartolome. Hiribilduko parrokia eraiki ostean ere, eliza edo basilika izan zen. Ordiziarrek eraikin horri dioten mirespenaren testigu izan gara Gure Iragana elkarteko kideok historia ikertzen aritu izan garenean. Eta hori da, hain zuzen ere, 1813. urtean suntsituta gelditu ostean handik urte batzuetara aurreko eraikinaren gainean gaur egungo ermita eraiki izanaren arrazoia.

Izan al duzue biltzerik aurretik zegoen eraikinaren inguruko daturik?

Bai, nire kide David Cano eta Jon Ander Arcelusekin batera San Bartolome ermita ikertzea lortu dugu Ordiziako Udalak emandako III. Victor Mendizabal ikerketa bekari esker. Informazio hori guztia bilduta garatu ahal izan dugu Ordiziako Hiribildua eta Azoka, bostehun urte elkarrekin lana. Azterketa lan hori kaleratuta ere, nik neuk gai horren inguruan aztertzen jarraitzen dut oraindik ere, eta uste dut arkeologia lanak egiteak berebiziko garrantzia izango lukeela tarte honetan bildu ditugun hipotesi ugari argitzeko.

Zer ikertu duzue, zehazki, bekari esker, eta zer moduz doa ikerketa?

Lana amaituta dago jada, eta hiribilduaren eta azokaren historia aztertu ditugu. Sorpresa itzelak izan ditugu, eta espero ez genuen datu ugari jakiteko aukera eman digu. 700 bat orriko lanean bilduta dago ikertu dugun guztia; Ordiziaren historiako datu ugari daude hor. Ikerketa lan hori izango da gure ekarpenik handiena, hain zuzen ere, Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrena dela-eta hurrengo urtean egingo dituzten egitasmoetarako.

Espero ez zenuten zer jakin ahal izan duzue ikerketari esker?

Iraganeko ordiziarrak eurak nolakoak ziren eta haien eguneroko bizitza nolakoa zen jakitea izan da sorpresarik handiena. Dagokion atala eskaini diogu San Bartolomeri ere, eta ezusteko handia izan dugu horrekin ere. Dena den, eta lehen esan dudan bezala, oraindik argitu gabe dauden hipotesi ugari dauzkagu, eta, horretarako, ezinbestekoa da laguntza arkeologikoa.

Gure Iragana elkarteko kideek modu berezian ospatuko al duzue Ordiziaren 750. urteurrena?

Bai, guretzat benetan urte seinalatua izango da 2018a, egindako ikerketa aurkezteko garaia izango delako. Horrez gain, ordiziarrei beren historia hurbiltzen jarraituko dugu, orain arte egiten saiatu izan garen bezala. Oso harrera ona egin digute herritarrek, eta esker ona adierazteko modua izango da lanean jarraitzea. San Bartolomeri dagokionez, Ordiziaren 750. urteurrena une aproposa dela uste dugu ermitan arkeologia lanak garatzen hasteko. Osbele elkartekoekin batera egingo genituzke lan horiek, noski. Ordiziaren historiaren zati den San Bartolome ermitaren inguruko hipotesiak argitzen lagunduko digu horrek, eta, horrez gain, polita litzateke arkeologia lanak herritarrei ere hurbiltzea.

Ordizia historia handiko herria izanik eta zu ordiziarra izanik, nola sentitzen zara horrelako aukera izanda?

Oso harro nago Ordiziaren historia sakon aztertu ondoren. Hemendik urtebetera, gainera, esku artean izango dugu ikertutakoari esker osatutako lana, eta herritar guztiei aurkezteko garaia izango da orduan. Haiek ere harro sentitzea gustatuko litzaidake. Horixe nahiko genuke bai nik eta bai Gure Iragana elkarteko gainontzeko taldekideek. Historialari moduan, berriz, gauza bat aurrera dezaket oraingoz: egindako lan guztiari esker benetan erakargarria dela Ordiziaren historia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.