Turistak Eibarren

Leire Narbaiza

Abuztua, oro har, ez da hilabeterik egokiena kazetaritzarentzat. Erredakzioak erdi oporretan egoten dira, irakurle/entzule/ikusleak firin-faran atzera eta aurrera etxean geratu barik, eta “benetako” albisteen sortzaileak —politikariak, alegia— desagertuta, horiek ere bakantzetan. Baina orriak eta albistegiak bete egin behar dira abuztuan ere, aurreko hilabeteetako tamaina (edo antzekoa) bera dute-eta.

Horregatik sortzen dira udako sugeak; sasoi horretarako komunikabideek ateratzen dituzten albisteak dira. Batzuetan fribolo samarrak izaten dira, eta beste batzuetan arinak ez izan arren, duten garrantzia baino handiagoa emanda azaltzen dira; hau da, puztuta eta hanpatuta, betelanak egiteko. Horrela, abuztuan zehar badute zerekin hornitu hustutako egunkari eta teleberriak.

Aurten, zenbaitzuk ahalegindu dira turismoa, eta, ondorioz, turismofobia izan zitezen abuztuko berri izarrak. Baina, zoritxarrez, Bartzelonako Rambletan gertatutakoak estali du kazetari-buru horien asmoa (nahiz eta batzuk atentatuarekin nahasten eta kakazten saiatu diren, euren asmoekin aurrera jarraitzeko).

Suge hauek denok kutsatzen gaituzte, eta abuztuan guztion ahotan izan da gaia. Eztabaidatxoak ere eduki ditugu ea nor den turista, egun-pasa egitea Donostian turismoa zen, beraneanteak turistak ote ziren… Askoren buruan kezka pizteko eta hausnartzen hasteko ere balio izan du. Gehiegitxo udako suge batendako!

Eztabaida hauek guztiek puri-purian zeudela, arratsalde batean errekaduak egitetik etxera nindoala, espaloi erdia okupatzen sei andre-gizon zihoazen paseoan, astiro, alde guztietara begira, berriketaldi intranszendente horietako batean. “Turistak!”, esan nion neure buruari. Turistak turismoa egiten Eibarren!!!

Bai, jaun-andreok! Turistak Eibarren! Ez da berria kontu hau; izan ere, orain hamabost bat urte maiatzetik aurrera ingeles multzoak etortzen ziren herriko hotelera. Ferryan Santurtzira, eta gero autobusez Euskal Herrian zehar, baina lotara Eibarrera. Lau bat egun ematen zuten, eta ordu libreetan bankuetan jarrita ikusten genituen, zeuden eguzki izpi apurrak hartu nahian. Jakina, Spain-era zetozen, eta zekarten arropa udakoa zen: txankletak, praka laburrak, tirantedun kamisetak… Koitaduak, erruki pixka bat ere ematen zuten auzoetan galduta! Euskal Jaia edo zerbait tokatuz gero, pozik, tipical zen zerbait ikusten zutelako!

Baina abuztu honetan ikusitako turistak ez dakit zergatik ailegatu ziren gureganaino. Baliteke beste inon tokirik ez izatea, edo hotel bilatzaile web horretako batean agertzea prezio onean, eta Bilbo eta Donostiatik gertu egotea. Edo beste lekurik ez zeukatelako. Auskalo. Kontua da Eibarreraino etortzen badira turistak, zer ote da Donostiakoa, esate baterako. Konturatuta geunden ezin zitekeela Parte Zaharrean ibili, platera ematen zigutela pintxoak jaterakoan, aborigen ere sentitu izan gara kapitalean. Horregatik, argigarria da olatua Eibarreraino iristea.

Agian ez litzateke txarra Eibarrera ere turistak etortzea abuztuan. Erakutsiko genizkieke kontu batzuk. Gainbehera industrialaren hondarrak, esate baterako. Auzo aldapatsuak, etxeen gainean eraikitako autopista eta udako etengabeko obrak. Badago non aukeratu, baita edertasuna aurkitu ere abandonuan. Izan zena gogoratuta, gaitz erdi!

Inor animatuko balitz —turista izan barik ere—, tour-ean gidari lanak egiteko prest.

Leave a Reply

Your email address will not be published.