Itzulika datorren Tenpora

Itzulika datorren Tenpora

Jon Miranda

Ibilbide luzeko bost musikarik osatzen dute Tenpora: Hasier Oleagak (perkusioa), Itsaso Etxebestek (baxua), Beñat Barandiaranek (gitarra), Elene Arandiak (ahotsa) eta Juantxo Zeberiok (pianoa). Azken horrek sortzen ditu kantuak, baina gero denen artean ematen diete talde izaera pieza horiei. “Kantuak tenporizatu”, esaten dio Zeberiok; entsegu lokalera doinua eta hitzak eraman eta norberaren galbahetik pasatu ondoren hasten da sortze prozesua. Arandiaren ustez, “nahi bezainbeste” luza daiteke prozesua, baina taldea zein momentutan dagoen erakustea erabaki dute orain. Tenporak urriaren 10ean plazaratuko du bigarren lan luzea, Itzulika izenekoa.

Hamar kantuz osatutako diskoa izango da, eta, aurrekoan bezala, Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro idazleak izan dituzte lagun hitzak osatzeko garaian. Elkar ondo ulertzen dutela dio Zeberiok: “Nondik abiatu iradokitzen diet batzuetan, baina beste batzuetan nahikoa izaten da kantuaren doinua bidaltzea letra nik nahi nuen bidetik osatzeko”. Beñat Barandiaran taldekidearena da abestietako bat, Berandu da, eta Imanolen Zure tristura kantuaren bertsio bat ere jasoko dute disko berrian. “Ez dugu egin nahi izan omenaldi gisa, kantua gustatzen zaigulako baizik”, adierazi du Zeberiok. Musikari tolosarra urteetan aritu izan zen Imanolekin eta aspalditik zuen buruan “oso berezia” izango den bertsio hori egitea.

Poparen eta jazzaren arteko fusio gisa definitu izan dute Tenporaren musika eta, Arandiaren esanetan, lan berriarekin saiatu dira eremu horretatik ateratzen: “Gehiago jolastu gara, eta kolore gehiago dute kantuek. Rock progresiboko ukitu batzuk sartu ditugu eta kanturen batean elektronikak ere badu presentzia”. Hala ere, taldekideei ez zaie etiketa horien pean aritzea gustatzen eta musika sortzeko prozesua hori baino naturalagoa dela azaldu du Zeberiok: “Kantuak horrela eskatzen badu, ez dugu beldurrik izaten beste mundu batzuk esploratzeko. Hainbeste gustatzen zaigu musika eta hain musika diferentea entzuten dugu, hori gero islatu egiten da gure musikan”.

Maiatz bukaeran estudiora “ondo lotuta” eraman zituzten diskoa osatzen duten hamar kantuak. Horretarako, entseguetarako lokalean aurrez maketa bat grabatu eta piezak finduz eta moldatuz joan ziren, “grabaziora joan aurretik kantuak finkatu eta, batez ere, zer ez egin argi edukitzeko”. Ahaleginik handiena “konkrezio ariketa horretan” egin behar izan dutela aitortu du Zeberiok. “Hasierrek eta biok bereziki betidanik harremana eduki izan dugu jazz munduarekin eta nahikoa irekiak gara musika jotzeko garaian. Kantuaren forma zehatzetara errenditzeko erronka izan dugu estudiora joan aurretik”. Beasaingo Pottoko estudioan egin dituzte grabazio lanak, Fredi Pelaez soinu teknikariarekin.

Zuzenekoetan ere haren laguntza izaten dute, eta, orduan bai, orduan gozatu egiten dute taldekideek. “Guretzat, plazera da kontzertu batean aritzea. Oso biziak izaten dira gure emanaldiak, eta energia berezia sortzen da”. Hala aitortu du Arandiak. Haren esanetan, zuzenekoetan intuizioari “tarte zabalagoa” uzten diote taldekideek, eta kantu berbera inoiz ez dute berdin jotzen. Urriaren 13an, Oiartzungo Pagoa aretoan aurkeztuko dute Itzulika disko berria.

Errefuxiatuak hizpide

Mundu berria aurreko diskoan bezala (2015), oraingo honetan ere “maitasuna, denboraren igarotzea, bizitza eta euskal gizartearen egoera” gai hartuta osatu dituzte kantuak. Azkeneko hirurek, ordea, trilogia bat osatzen dute, eta kontu berari egiten diote erreferentzia, Mediterraneoko kostaldera iritsitako errefuxiatuen gaiari. Kontua jorratzeko garaian sortu zitzaizkien kontraesanak eta zalantzak galdera modura eman ditu Zeberiok: “Mundua salbatzeko kantu bat egingo dugu? Oportunismoa da? Merezi al du? Ezertan aldatuko al dugu egoera? Kantu bat da egin dezakegun gauza bakarra?”. Eztabaidak eztabaida, taldekideen artean gai hori presente egon dela aipatu du Arandiak, eta horregatik erabaki dutela disko berrian jorratzea. “Sormen lanak irauten duen bitartean guri ere eragiten baitigu munduan gertatzen denak”.

Canok sortu du kantu horietako bat, eta Linazasorok bestea. Argiak itzali izeneko pieza instrumentala, berriz, Zeberiok prestatu zuen Hika Teatroa taldeak iazko irailean Donostian egin zuen emanaldirako. “Duela 81 urte, militar kolpistak Donostian sartu zirenean, biztanleen erdiak korrika alde egin behar izan zuen ia etxeko argiak itzaltzeko betarik hartu gabe. Horri egiten dio erreferentzia kantuak: orduko hartan, gu izan ginen iheslariak, eta, orain gertatzen den bezala, nazioarteko komunitatean interes geopolitikoak gailendu ziren, errefuxiatuei bizkar emanda”.

Diskoaren azken ordu laurdena hartzen dute trilogia osatzen duten kantuek. “Gai sakon bat ezin baita hiru minutuko kantu batean eskaini”. Taldekideen esana da hori. Hala ere, ez dute uste “disko iluna” denik: “Deseroso sentiarazten zaituzten gai horietatik abiatzen da, askotan, sortze prozesua. Iluna ez, mardula dela esango nuke”. Jon Arruebarrenak prestatu du diskoaren diseinua, eta “testura ezberdinak” izango dituela aurreratu dute. “Guk egiten dugun musika ere horrelakoa delako, kolore eta ñabardura askokoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.