“Izugarria da sentimendu bat pasio bihurtzen denekoa”

“Izugarria da sentimendu bat pasio bihurtzen denekoa”

Ainhoa Mariezkurrena

Bidasoaren zaporeak zabaltzen eta euskal sukaldaritzaren iraultza egiten ari da Hondarribiko Alameda jatetxea. Sukaldaritza garatzen eta filosofia propioa mantentzen asmatu dute 75 urteko ibilbidean. Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko jatetxerik ezagunenetakoa da, eta nazioartera jauzia egiteko tartea ere izan du. Izandako ibilbideagatik, garapenagatik eta Hondarribiari eskainitako guztiagatik, aurten urrezko intsignia eman diote Alameda jatetxeari. Familia guztiak jaso zuen saria, joan den astean, eta Gorka Txapartegi sukaldariak (Hondarribia, 1970) hitz egin zuen guztien izenean.

Urrezko intsigniak zein esanahi dauka zuentzat?

Izugarria da herriak egiten duzun lana aitortzea. Pixkanaka hazi den negozio txiki bat da Alameda. Oso harro gaude Hondarribikoak izateaz eta bertako guztia sukaldaritzaren bitartez transmititu ahal izateaz.

Eta zuentzat zein esanahi dauka sukaldaritzak berak?

Izugarria da sentimendu bat pasio bihurtzen denekoa. Eskerrak eman nahi ditut bizitzeko eta lanbide hau garatzeko leku pribilegiatu honetan jaiotzeagatik. Bakarrak eta esklusiboak gara, produktuei, ohiturei eta kulturaren aberastasunari esker. Betebeharraren, erantzukizunaren eta jasangarritasunaren oreka bilatu behar dugu gurea den hau guztia zaintzeko. Guk sukaldaritzaren bidez egiten dugu hori.

75 urte. Erraz esaten da…

Oso urte berezia da aurtengoa. Ia oharkabean bete ditugu 75 urte. Lana, lana eta lana, horixe izan da bidea. Bat-batean, gelditu, atzera begiratu eta ibilbidea zein luzea izan den jabetu gara.

Zer ikusten duzue atzera begira jarritakoan?

Hiru belaunaldi euren bizitza eraiki nahian. Gogoratzen ditut zimenduak, amona, izeba, bidean gelditu direnak… Eltze artean hezi gaituzte gu; sukaldea zen erdigunea. Udan, terraza jartzen zuten, larrosondo batez estalita. Oraindik gogoratzen ditut bertan jokatutako futbol partidak; eta baita haizeak bost minutuan sukaldea hostoz nola betetzen zuen ere.

Beste hamaika istorio gordeko dituzte pareta horiek, ezta?

Gaztetan edalontziak margotzen genituen piperminarekin. Edango zuenaren aurpegia ikusi zain begira geratzen ginen sukaldean. Upeltegira jaisten ginenean ere sifoiak hartzen genituen beti. Errieta etortzen zen atzetik, noski. Amak lan egiten zuen bitartean, sukaldeko bankuetan lokartzen ginen gau askotan. Bazkaldu, afaldu eta etxeko lanak egiten genituen bertan. Gogoratzen ditut aitonarekin baratzean pasatutako uneak. Animaliak izaten genituen, eta oilarren atzetik ibiltzen ginen. Baita untxiei jana ematen ere, eta hizketan denbora luzez. Guk betidanik egin izan dugu orain hain ezaguna egin den slow food fenomeno hori [janari lasaia].

Alameda da izen ofiziala, baina Gartzinia deitzen diote batzuek.

Garcia zen lehengo etxearen jabearen abizena, eta herritarrek horregatik ezagutzen dute hala. Garai horri egiten dio erreferentzia. Sagardotegia zen lehen, eta dantzaldiak eta festak egiten zituzten. Oso leku ezaguna zen herrian. Familiakoen artean izen hori mantentzen dugu oraindik. Jatetxeko menu bat ere hala izendatu dugu.

Amonak hasi zuen hau guztia. Zer esango luke orain?

Gure familiaren historia da Alamedaren historia. Amona Juliak hartu zuen Alameda, ezkongabe zela. Negozio bati ekingo zion emakume ezkongabe bat zen garai hartan, atera kontuak. Handik gutxira, aitona Tomasekin ezkondu zen. Hondarribiko okindegian egiten zuen lan, eta dendan ezagutu zuten elkar. Negozioari jarraipena eman zioten ordutik. Duela urte eta erdi hil zen amona, baina harro sentituko litzateke. Hark egin du posible hau guztia.

Zuek hartu diozue lekukoa.

Gogoan daukat amonari sukaldaritza ikasiko nuela esan nion eguna. Nahigabe ederra hartu zuen. Lan gogorra izan zen harentzat, eta guretzat ez zuen hori nahi. Gerora harro sentitu zen, ordea. Lehen, ikasketarik ez zuen norbait zen sukaldaria. Gaur egun asko aldatu da gastronomia, eta asko baloratzen dituzte sukaldaritza eta sukaldariak. Horregatik, lan horren guztiaren aitortza ere bada intsignia.

Nola aldatu da, bada, Alamedako sukaldaritza?

Gizartea aldatu delako aldatu da sukaldaritza. Duela hogei urte elikatzeko joaten zen jendea bazkaltzera. Egun, beharrak ez dira berdinak; sentsazio, esperientzia eta zapore berriak bilatzen dira orain.

Aire freskoa ekarri duzue.

Ideia berriak proposatzen eta sartzen hasi ginen. Beharrezkoa eta oinarrizkoa izan zen gurasoen eta izebaren babesa. Denborarekin konturatzen zara kate baten gisakoa dela; bakoitzak bere katebegia jartzen du.

Zer ez da aldatu inoiz?

Familiaren filosofia. Barne antolaketa aldatu da; familiaz gain, talde handi bat dugu ondoan. Baina filosofia ez da aldatu: bertako produktuekiko errespetua, Hondarribiaren izatea islatzea, eta, noski, bezeroa zaintzea.

Horrelako proiektu xume bat nola iritsi da nazioartera?

Egiazkoak izanez. Bide bat da bizitza, eta aurrera egin behar da. Sentimenduz egiten direnean, funtzionatu egiten dute gauzek. Izateko eta egiteko era bat markatu digute gure balioek.

Lana ere eskatzen du horrek, ordea.

Noski. Sakrifizioa ere bada. Gauza asko utzi behar izaten dira albo batera, denbora asko behar delako. Hala ere, egiten duzuna gustatzen bazaizu, merezi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.