“Oso onak dira Santa Anastasia festak, intentsitate handikoak”

A. Zaldua

Txistularia, txalapartaria eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldeko kidea da Ibon Garmendia (Urretxu, 1977). Urrestillan bizi da, baina Urretxu ez du saltzeko.

Nola aurkeztuko zenuke Urretxu?

Herri txikia da, eta langilea. Zumarraga ondoan duelako, agian, urretxuar harrotasun bat bazegoen, kasta berezi bat, baina azken urteotan behera egin du horrek. Gero eta gauza gutxiagok bereizten gaituzte urretxuarrak eta zumarragarrak. Bi herrien artean zubi asko eraiki zituzten, eta bi aldeak batu egin zituen horrek.

Herri parte hartzailea dela esan izan da beti.

Gain behera ikusten dut hori, eta nahikoa dugu 1980ko urteetan egin zuten lanari eustea. Zahartzen ari naizelako esan ote dut hori?

Zeintzuk dira Urretxuren indarguneak eta ahulguneak?

Bi eskualde indartsuren artean dago Urretxu. Garai batean ez bezala, egun asko mugitzen da jendea. CAFen lan egiten duten urretxuarrak, adibidez, Urretxun bizi dira. Herriko kuadrilla gehienetan, herritik kanpo lan egiten dute askok. Herri atsegina sortu behar dugu, jendea herrian bertan gera dadin. Urretxu eta Zumarraga oso ondo kokatuta daude geografikoki, baina ez dut uste garai bateko oparotasun hura berriz izango dugunik.

Zer hobetu daiteke?

Euskararen erabilerak, adibidez, dezente egin dezake gora. Hirigintzari dagokionez, Urretxuk ez du aukera handirik. Izan ere, gainean dugu mendia. Esan bezala, garrantzitsua izango da zerbitzu onak eskaintzea eta giro ona bultzatzea.

Herriko jaiak hastera doaz. Zergatik merezi du Urretxuko jaietara etortzea?

Oso festa onak dira, indar handikoak. Ostiralean hasi, eta astelehenean bukatzen dira, eta egunero egoten da gustuko zer edo zer. Festa luzeegiak egiten dituzte; beste herri batzuetan eta egun batzuetan apenas egoten den ezer.

Zein ekitaldi gomendatuko zenieke herrikoak ez direnei?

Igandeko Euskal Jaia, bere osotasunean. Egun horrek egiten ditu berezi Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Goizean artisau azoka ikusi, arratsaldean karroza desfilea… Herritarren parte hartzeak behera egin duela esan dut, baina festak oso parte hartzaileak dira. Kuadrillek egiten dituzte karrozak, eta, horri esker, gazteek euren sentitzen dituzte festak.

Urte osoan zer egin daiteke Urretxun?

Kanpotik etortzen denari Santa Barbara eta handik ikusten den paisaia iruditzen zaio deigarriena normalean. Gipuzkoako zati handi bat ikusten da handik. Gainera, sekulako lasaitasuna egoten da Santa Barbara inguruan, eta oso toki freskoa da egun beroetarako.

Zein duzu herriko txoko kutuna?

Zoragarria da Irimo menditik ikusten den bista. Zoritxarrez, nahi baino gutxiagotan igotzen naiz hara; azken urtebetean, bizpahiru aldiz bakarrik. Hori bai, joaten naizenetan, zazpi puntak egiteko ohitura izaten dut.

Herriarekin lotutako oroitzapen bat?

Umetan, asko ibiltzen ginen Urretxuko etxe orratzaren azpiko plazatxoan. Hor hazi ginela esan daiteke. Etxe-Azpi elkartekoak gara gu, eta elkarteko gainontzeko haurrekin eta ondoko elkarteetako umeekin jolasten ginen. Lizeo azpian egiten zituzten karrozak, eta hara joaten ginen. Bestalde, ondo gogoan daukat kamioiak lizeoko patioan aparkatzen zituztela, eta futbolean jokatzen genuenean baloia errekara botatzen genuela.

Zein ekitaldi duzu gustuko herrian?

San Joan bezpera asko gustatzen zait: sua, gau horren magia… Sanmartinak ere asko gustatzen zaizkit, kuadrillakook bazkaria egiten baitugu urtero. Eta Santa Lutzia eguna, noski. Urretxuar eta zumarragar guztiontzat, oso berezia da egun horretako feria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.