“Txakur ona edukitzea ez da dena; mila faktore daude”

“Txakur ona edukitzea ez da dena; mila faktore daude”

Aitor Biain

Eder txakurrarekin batera, bikote ederra osatzen du Jose Mari Bengoa Urzabalek (Oñati, 1951). Emaitzak dira horren erakusle, hirugarren urtez jarraian jantzi baitu txapela Gipuzkoako Artzain Txakurren Lehiaketan. “Pozik” eta egindakoa “dagokion moduan” baloratuz, umil kendu du txapela burutik: “Gipuzkoan ez dago maila handirik orain, egia esan. Dena dela, horrekin ez dut gutxietsi nahi lortutakoa”. Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute bihar, Atxondon (Bizkaia).

Dagoeneko nahikoa dastatuko zenuen Gipuzkoako txapela, ala? Beste erronka baterako prest?

Bai, eta hirugarrenak ere zapore ederra zuen. Larunbatekoa zailagoa izango da. Lurralde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak izango gara han. Baina erronka polita izango da; gogotsu nago!

Dena dela, Katalunian ere aritu zinen aurretik.

Bai, sarri aritzen naiz bertan. Han ere emaitza politak lortu ditut, eta gustura itzuli naiz. Bosgarren sailkatu nintzen, laugarrenarekin puntutan berdinduta. Bigarren ere egindakoa naiz. Arraza onenaren saria ere jaso du Ederrek oraingoan. Gustura itzuli gara.

Irailean, berriz, Oñatiko Nazioarteko Txapelketan parte hartuko duzu.

Bai. Etxeko txapelketa da. Aurten, gainera, Kilometroak ikastolen jaiaren egitarauaren barne izango da. Alde batetik, erakargarria izan daiteke, akaso ikusle gehiago erakarriko dituelako. Gazteak erakartzeko ere aukera polita izan daiteke. Bestalde, baina, ikusle fidelentzat, akaso, ez da gustukoa izango, ibilbidearen itxitura, jende andana, edota egon daitekeen zarata dela eta. Edonola ere, egun polita izango dela uste dut.

Hain zuzen, Oñatiko txapelketaren antolatzailea ere bazara.

Bai, eta dagoeneko 30 bat urte badaramatzat lan horietan. Baserria eta ardien mundua oso gertukoa izan arren, industrian lan egin izan dut beti. Mundu hori oso gustuko nuenez, txapelketen antolakuntzan sartzea erabaki nuen. Behin baino gehiagotan esan didate ea txakurrik nahi ote nuen. Nik, ordea, ezetz esaten nien. Erretiroa hartu nuenean, baina, opari gisa jaso nuen, eta ezin ezetzik esan.

Horri esker hasi zinen lehiatzen orduan?

Txakurrarekin pasieran ibiltzen nintzen hasieran. Koinatuak, ordea, ezbehar bat izan zuen baserrian, eta ardiak kendu egin behar izan zituen. Pena ematen zidan dena uzteak, eta, beraz, hango ardi batzuk hartu, eta lagun bati proposatu nion korta txiki batean elkarrekin jartzea. Dozena bat ardi besterik ez zen, eta orduan hasi nintzen txakurrarekin poliki-poliki honetan. Erretiroarekin batera ari naiz artzaintzaren eta lehiaketen mundu hau deskubritzen.

Antolatzaile zinen, eta parte hartzaile zara orain. Salto handia izan al da?

Bai, handi samarra. Oso sentimendu kontrajarriak izan ditut, gainera, antolakuntzakook epaile ere jarduten garelako. Orain, parte hartzaile naizenez, ezin ditut lan horiek egin.

Abantailarik badu horrek lehiatzerako orduan?

Esperientzia abantaila da, bai, badakidalako nola funtzionatzen duen. Baina gauza txiki asko hartu behar izaten dira kontuan: txapelketa batean txakur ona edukitzea ez da dena, beste mila faktore daude, eta horiek eragina izan dezakete.

Adibidez?

Txakurraren momentuko egoera, esaterako. Txakurra egun horretan nola dagoen; artaldea nolakoa den, denak ez baitira berdinak; eta artzainaren aginduak ere bai, agindu txar batek dena izorra dezakeelako. Eguraldiak ere eragin dezake, pentsa!

Zuk, oraingoz, txakur ona duzula dirudi. Arrazak badu zerikusirik horretan? Eta genetikak?

Bai, berezkoa du txakur honek. Hori hala da. Gorbea arrazakoa da nirea, hemengoa, euskal artzain moduan ere ezaguna dena. Genetika, berriz, oinarria da. Denek ere ez dute balio: izaera behar du izan txakurrak. Duenari kentzea errazagoa da ez duenari ematea baino.

Garrantzitsua dela uste duzu arrazari eustea?

Bai, noski. Azken urteetan kanpoko arrazak gailendu dira, eta euskal arraza arriskuan ikusten genuen. Erabaki bat hartu behar izan genuen Euskal Herri mailan: bertako arrazak soilik baimentzea txapelketetan. Askok ez zuten begi onez ikusi.

Ordu asko igaroko zenuen txakurrarekin. Entrenamendu zehatzik egiten duzu txapelketetarako?

Orduekin ez, etxeko eguneroko lanekin egiten dira entrenamendurik onenak. Betikoa egiten ikasi behar du txakurrak; agindu berberak jaso. Animalia azkarra da txakurra. Behin ikasten duenean, abiadura hartzen du eta eustea izaten da gure lana. Txakurrak artzainari entzuten ikastea da garrantzitsuena, eta, noski, gelditzen jakitea. Hortik aurrera, nahi beste.

Bost urte ditu Ederrek. Noiz arte iraungo du txapelketetan?

Hasi, zazpi hilabete-urtebeteko tarte horretan hasi nintzen, hori baita garai egokia. Noiz arte? Esaten dute bederatzi urtera arte-edo eutsiko diola. Baina batek jakin! Ni ere zahartzen hasia naiz txakurrarekin batera. Uneaz disfrutatzen ari naiz orain; gero gerokoak!

Leave a Reply

Your email address will not be published.