“Amona gizona izan balitz, lan hau argitaratuta legoke”

“Amona gizona izan balitz, lan hau argitaratuta legoke”

Itzea Urkizu Arsuaga

Elena Tudurik (Tolosa, 1893) 1920an idatzi zuen El traje vasco y otro asuntos de etnografía vasca, unibertsitaterako. Ia ehun urtez gordeta egon da lan hori, Emilio Latorrek, Tuduriren bilobak (Tolosa, 1961), edizio eta argitalpen lanak egin dituen arte.

Nola izan zenuen lanaren berri?

Madrilen egin nituen ikasketak, eta aitona-amonen etxean bizi izan nintzen. Han bazegoen lanaren kopia bat, eta nik, ordurako, banuen horrelako gaiekiko jakin-mina. Aitona-amonak hil zirenean, amonaren lana gustura hartuko nukeela esan nion aitari, eta eman egin zidaten; 30 urte badira lana etxean dudala. Egiazki, gure amonaren ikasketa amaierako lana da. Irakasle ikasketak egin zituen, eta gaur egun pedagogia litzatekeena ikasi zuen gero. Eskola hartan bazen etnografiari buruzko mintegi bat, eta irakasle batek zenbait ikasle bideratu zituen ikasketa amaierarako lan etnografikoak egitera. Amonak 1920an aurkeztu zuen lana, eta sekula ez zen argitaratu.

Nolatan ekin zenion lana argitaratzeari?

Tolosako Andia kultur elkartean hasi nintzen, eta hango kideek bultzatu ninduten; gehiago kostatu zitzaidan hasi edo ez hasi erabakitzea, lana osatzea baino. Oztopo batzuk izan ditut bidean, baina ia guztia amonak idatzi bezala uzten saiatu naiz.

Zenbat denborako lana izan da?

Duela hiru urte inguru hasi nintzen, eta urtebetean bukatu nuen. Beste hainbeste denbora edo gehiago behar izan dut, ordea, liburua argitaratu ahal izateko babesa lortzeko. Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiari, San Telmo museoari, Tolosako Udalari eta Andia kultur elkarteari esker inprimatu ahal izan dugu lana.

Emakume ikasia zen Elena Tuduri, ezta?

Tolosan jaio zen, baina Madrilera joan zen ikasketak egitera. Garai hartan baliabide ekonomiko handia behar zen horretarako, baina, hala ere, ez zen ohikoa izaten emakumeak unibertsitatera joatea. Horregatik, Elena Tuduriren gurasoei ere merituren bat zor zaiela uste dut; amona eta beste bi ahizpa aritu ziren goi mailako ikasketetan. Bere garairako amona emakume aitzindaria izan zela uste dut.

Etnografian sakondu al zuen gehiago?

1931tik 1941era Gasteizen bizi izan zen, eta bertan aritu zen etnografia lanetan. Eusko Ikaskuntzaren Eusko Folklore urtekarirako zenbait argitalpen idatzi zituen, eta, horri esker, harremana izan zuen Joxemiel Barandiaranekin. Donostian eta Iruñean antolatutako udako ikastaroetan ere parte hartu izan zuen, baina gero Madrilera itzuli, eta ez zuen jarraitu etnografiarekin. Tamalez, garai hartan gizonezkoen mundua zen mundu akademikoa.

Zer irakur daiteke liburuan?

Bi zati ditu. Hasieran, euskal jantzien inguruko ikerketa bat osatzea zen bere nahia, baina, baserriz baserri aritu zen informazioa biltzen, eta, jantziez harago, bestelako material eta oihalak ere ezagutu zituen. Horregatik, lan esparrua zabaltzea erabaki zuen, bestelako gaiak landuz. Esaterako, ezkontza eta hileta errituak ditu hizpide. Gipuzkoa eta Arratiako bailara [Bizkaia] izan zituen ikerketa eremu, uste zuelako leku horietan zeudela euskal jantzi tradizionala izan zitekeenaren aztarna garbienak.

Amonak nola deskribatzen du euskal jantzi tradizionala?

Haren arabera, oinetakoak eta buruko estalkiak izan dira denboran barrena ondoen mantendu diren elementuak. Emakumeen buruko zapia eta haren aldagaiak ditu hizpide; kolore eta korapiloen arabera, emakumeen egoera zibila jakin zitekeen, adibidez. Gizonezkoen kasuan, txapela eta Arratiako kapela deskribatzen ditu. Oinetakoen kasuan, abarkak eta alpargatak ditu aztergai… Garai hartan hasiak ziren alpargatak asko erabiltzen.

Eta zer kontatzen du jantzien deskribapenaz gain?

Oso modu arinean kontatzen du, adibidez, ezkontzak nolakoak izaten ziren. Ohearekin lotzen du hori, ezkonberrien arreoan hori izaten zelako garrantzitsuena; ohazala aipatzen du berak, gaur egungo edredoia. Azkenik, hileta tradizioak ere deskribatzen ditu: beilatokiak, hileta mahaiak eta horretarako oihalak: zamauak eta hil zapiak. Interesgarria da heriotzaren gaia zenbateko naturaltasunez jorratzen duen; ohituago zeuden orduan, dena etxean egiten zelako.

Liburuak zein ekarpen egin diezaioke esparru horretan orain arte argitaratutakoari?

Mende hasieran landa eremuan egindako jantzien bilketa lana azpimarratuko nuke. Badira garai bereko lan etnografikoak, baina ez dira bertatik bertara egindakoak, halako zehaztasunez egindakoak; folklorikoagoak dira. Orobat, ehundik gora argazki, patroi eta marrazki daude liburuan.

Ane Albisuk idatzi du hitzaurrea.

Bai. Euskal jantzien inguruko tesia egiten ari da, eta gure amonaren lanaren erreferentzia bat irakurri zuen Juan Garmendia Larrañagaren testu batean. Amonaren lanaren atzetik ibili zen, baina ez zuen aurkitu. Kasualitatez, Tuduri abizena duen gure lehengusu bat bekadun aritu zen San Telmo museoan, eta Anerekin topo egin zuen. Edizio lanetan ari nintzela jakin zuen, eta lana erakusteko hitzordua egin genuen. Txundituta geratu zen; altxor bat zela zioen. Lana utzi nion, tesirako erabil zezan, eta hitzaurrea idazteko eskatu nion.

Zer azpimarratzen du bertan?

Euskal jantziak aztertzen ari direnentzat Elena Tuduriren lanak garrantzi handia duela dio, bai aztertzen duen garaiagatik, bai lanak duen zorroztasunagatik; lan bakarra dela dio.

Jakin-mina asetzearekin batera, liburua omenaldi ederra da zuen amonarentzat, ezta?

Noski. Amonaren lana ezagutarazi nahi nuen, eta erakutsi garai hartan bazirela parekidetasunean bizi ziren emakumeak, gauzak zail jartzen zizkieten arren. Gizonen lanek itzal luzea egin zioten emakume askoren lanari, eta ahaztuak izan ziren. Ni ziur naiz gure amona gizona izan balitz lan hau argitaratuta legokeela. Amonak, gainera, gaixotasun degeneratibo bat izan zuen azken urteetan, eta lan hau modu bat izan da senide eta lehengusuei erakusteko gure amona emakume aitzindaria izan zela bere garairako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.