Botea jartzea, identitate ikurra

Leire Narbaiza

Kamerungo lagun bati poteoa zer zen azaldu ziotenean, dirua banatzeko era berdinzalea zela kontatu zioten, kaleko taberna guztiek negozioa izan zezaten, modu “sozialista” dirua banatzeko. Ez dakit oso azalpen egokia den, baina grazia handia egin zigun. Agian, euskaldunok ikurtzat dugulako kuadrilla, txikiteoa eta botea jartzea, gure sozialtasunaren erakusgarri direlakoan; izan ere, hemengook harro esaten dugu elkartasuna dela gure ezaugarria, auzolanean oinarritzen dela gure identitatea.

Benetan hori horrela bada, zer gertatzen zaigu elkartzen garenean? Zergatik ezin gara ados jarri? Zerbait proposatutakoan, zer dela eta kontrako proposamen bat jaurti? Ez dut ulertzen.

Argi ikusten da hori gure ikurren kontuarekin ere: ez gara gai ados jartzeko. Ez sinbolo, ez himno, ez bandera. Denboratxoa da Kataluniara begira gaudena, eta asko adurra dariola egoten gara hango kohesioa eta taldetasuna ikusita. Beharbada, castellers-en indarrak eta elkarlanak erakutsi diete bidea. Biribilean jarri, eskutik oratu eta dantzan egiten dute. Bai, esango didazue dantza zozongoa dela Sardana, aspergarria. Izan liteke, baina ia guztiendako dantzagarria da, talde sena indartzen duena.

Gero, banderen kontua. Senyera daukate, eta esteladak. Egunotan esteladak dira jaun eta jabe, baina esteladak ez dira denak berdinak. Joera nagusiak bi badira ere, makinatxo bat dago. Gainera, estelada desberdin bi lagun talde berean ager litezke, elkarren ondoan. Imajinatzen duzue halakorik hemen? Ezinezkoa litzateke!

Hizkuntza ere ezin aitatzeke laga. Han inork ez du planteatzen katalanez ere egin behar den, hizkuntza bakoitzari zein ehuneko eskaini, itzuli behar ote den esandakoa… Egin eta kito! Egia da errazagoa dutena, baina uste dut guk buelta gehiegi ematen diogula elebitasun diglosiko honi.

Eta azkenik, himnoa! Zoratuta nauka kontu honek! Zelan kantatzen duten denek Els Segadors! Batuta, edozein unetan, ahots bakar bat balute bezala. Diada eguneko bideo eder bat ikusi nuen, metro barruan kontrako norabideko nasa biak jendez lepo, elkarri begiratu eta kantuan. Oilo ipurdia! Halako ereserki bat izateak batasun sentsazio itzela ematen du, babes moduko bat ere izan liteke, abesten duen herri bat ez baita inoiz hilko!

Bitartean, gurean, zer? Ez dugu castellers-ik, hala da eta ondo dago. Dantza kontuetan, gure folklorea aberatsa eta oparoa da, baina, akaso, horrek ere eztabaida pizten du. Larrain-dantza dantza nazionala aldarrikatu zuten, baina zaila baino zailagoa da, tradizio gutxikoa Euskal Herri osoan. Horretan ere kale.

Banderekin ere arazo handia. ikurrinari askok erreparoarekin begiratzen diote, Aranak asmatua, EAErekin lotuegia… Nafarroakoa beharko lukeela diote batzuek, besteek odol asko isuri dela gurutzebikoaren alde… Ikurrina gero eta gutxiago ikusten da leku ofizialetatik kanpo, edo Lapurdiko leku turistikoetatik at!

Azkenik, himnoarena. Lotsagarria! Ez daukagu! Proposamenak mila, baina ganorazkorik ez. Uste dut himnoa serio planteatzeko kontua dela, batu behar gaituelako, babes-geruza izan behar delako ahotik irteten den boz hori.

Jarrai dezagun harrotzen botea jartzen dugulako, eta barre egin diezaiegun katalanei bakoitzak berea pagatzen duelako, baina argi dago nor dagoen batuago, ezta?

Leave a Reply

Your email address will not be published.