Duintasunaren aldeko borroka

Duintasunaren aldeko borroka

Iñaki Lasa Etura

Mende erdi pasatu da Zikuñagako paper fabrikako (Hernani) 30 emakume langile beren lan balditzen alde borrokatu zirenetik. Manipulazio sailekoak ziren guztiak, eta zuzendaritzak kontrol sisteman ezarritako baldintza berrien aurka altxatu ziren. Gogorra izan zen ondorioa: 30ak kaleratu zituen enpresak. Tartean ziren Miren Clemente Lozares, Manuela Garin Ugalde eta Maria Luisa eta Maria Angeles Rama Otegi ahizpak.

“Ez genuen uste hain urrutira iritsiko ginenik”, azaldu du Clementek. Zikuñagako buruzagiek, baina, irmo jarraitu zuten, eta ez zuten gupidarik erakutsi. Manipulazioko emakumeek 1967ko irailaren 9an ekin zioten grebari. Hilabete geroago, enpresatik kanpo zeuden guztiak.

Laurek ondo gogoan dute gertatutakoaren kronologia. Lehendabizi, bi orduko lanuztea egin zuten, baina ez zuten lortu zuzendaritzarekin hitz egiterik. Idatzi bat prestatu zuten, eta enpresa epaimahaiaren bilerak eragin zituen horrek. Beso gurutzatuen grebarekin jarraitu zuten protesta, hilaren 9an. Ohartarazi egin zituzten bi egun geroago: “Lanuztea amaitu, edo Guardia Zibila etorriko da zuek kanporatzera”. Hala izan zen: guardia zibilak hilaren 11n iritsi ziren, 10:15ean. “Irten zaitezte guztiak eraikinetik. Kanpora!”, esan ziguten. “Batzuk saiatu ginen zalaparta apur bat sortzen”, azaldu du Clementek. “Baina beldur handia zuen jendeak”.

Baina zer eskatzen zuten, zehazki, manipulazio saileko emakumeek? Papera kontatzen aritzen ziren, eta 50 orrialdean behin resma bat jartzen zuten. Bedaux kontrol sistemaren arabera lan egiten zuten, eta gutxieneko eta gehienezko jarduna zuten. Soldata baxua izan arren, osatutako paper multzoen arabera kobratzen zuten, eta horri esker gehiago irabaz zezaketen.

Egun batetik bestera aldatu zieten sistema, inongo abisurik gabe. Lan gehien egiten zuenaren arabera ezarri zieten kontrola. Datuetan: Bedaux sistemarekin 83ko jarduna zuten, eta sistema berrian, berriz, 70ekoa bihurtu zen. “83koarekin 105 pezeta [0,63 euro] kobratzen genituen, eta 70ekoarekin, 59 [0,35 euro]. Gainera, hori baino gutxiago irabaziko genuen gehienok, ez ginelako tasa horretaraino iritsiko”, azaldu du Clementek. “Badakit diru gutxi dirudiela orain, baina garai hartan ez zen hain gutxi”, gaineratu du Garinek.

Muturreraino eraman zuten

Zikuñagako paper fabrikako barne araudiaren arabera, zuzendaritzak aurretik azaldu behar zion enpresa epaimahaiari halako aldaketa bat egin nahi zuela. Izan ere, orain dela 50 urte ez zegoen hitzarmen kolektiborik, eta enpresa bakoitzak bere barne araudiaren arabera lan egiten zuen. Sindikatuei dagokienez, bakarra zegoen: gobernuari men egiten zion Sindikatu Bertikala —gainontzekoek klandestinitatean lan egiten zuten—.

Enpresa epaimahaiko kidea zen Clemente, eta eskarmentua zuen jada; Madrilen, El Escorialen, hainbat ikastarotan parte hartu zuen. “Guk bagenekien lor genezakeen bakarra denbora irabaztea zela, lehenago edo geroago ezarriko zutela kontrol sistema berria. Baina aldaketa modu egokian egin nahi genuen, prozedurari jarraituta. Egia esan, ez genuen uste hain urrutira ailegatuko zenik. Barne araudia kontuan hartzen bagenuen, uste genuen enpresak bere erabakia zuzenduko zuela”.

Zuzendaritzak, baina, ez zuen atzera egin. Irmo eutsi zion jarrerari, eta kalean amaitu zuten 30 emakumeek —paketatzaileek eta arduradunek ez zuten greban parte hartu, eta lanpostua mantendu zuten—. Irailaren 9an lanuzteari ekin, eta hiru egunera bota zituzten lehen lau emakumeak. Egun berean auzibidean jarri zuten Clemente: “Enpresa epaimahaikoa nintzenez, bestelako tratamendua nuen”. Hortik aurrera, egunean beste bi kaleratu zituzten, hilaren amaieran guztiak kalean ziren arte. “Egunero egiten genuen bilera bat, egun horretan zein bi kaleratuko zituzten jakiteko. Oso gogorra zen”. Juan Mari Bandres abokatuaren laguntza eskatu zuten, baina zuzendaritzak ez zuen harekin hitz egin.

Madrilen epaitu zuten Clemente, eta, Bandresek han jurisdikziorik ez zuenez, Jose Ramon Rekalde izan zen haren defentsako abokatua.

Kaleratuen artean zegoen Maria Luisa Rama, nahiz eta bere kasua desberdina izan. “Besteak bezala bota ninduten, baina istorioa oso desberdina izan zitekeen. Makina zenbatzaile batean lan egiten nuen: ziri bat sartu behar nuen 50 orrian behin. Niri ez zidan eragiten kontrol sistema berriak. Zuzendaritzak hori azaldu zion anaiari —enpresan lan egiten zuen hark ere—. Baina zer egingo nuen nire lankiderik gabe?”.

Herritarren elkartasuna

Greba egin zuten guztiak kaleratu zituzten azkenean, eta beren bidea egin behar izan zuten: beste paper fabrika batean lana topatu, beste lanen batean hasi, etxean geratu… “Nik astebetera aurkitu nuen lana, beste paper fabrika batean. Ahizpa, gazteagoa denez, etxean gelditu zen denboraldi baterako”, azaldu du Maria Angeles Ramak. Garinek, berriz, haurrak zaintzen jardun zuen.

Gehienek ez zuten presiorik jasan. “Cemapelen bazekiten nondik gentozen, baina ez ziguten trabarik jarri”, azaldu du Maria Luisa Ramak. Bai, ordea, Clementek. “Zikuñagakoek bidalitako gutuna erakutsi zidan Gomaitexeko zuzendariak: ‘Erne hauekin!'”.

Duela 50 urte jazotako gaiei buruz hitz egiteak oroitzapenak ekarri dizkie gogora laurei. “Gogoratzen al zarete Zinkoenean bildu ginenekoa? Guztiak eskutik helduta?”, galdetu die besteei Maria Angeles Ramak. “Nola ez ba!”, erantzun dio Clementek berehala: “Ausartak ginen gu”. Beste pasadizo bat ekarri dio horrek gogora, guardia zibil batek kuartelera harekin joateko eskatu zionekoa. “Ausarta zara, Miren!”, esan dio Maria Luisa Ramak. “Baita zera ere! Ikaraturik nengoen, baina ez nion hori esango, ba! Kar, kar!”.

Herritarrek haiekin izandako elkartasuna nabarmendu du Clementek. “Grebaren bat edo arazoren bat zegoen bakoitzean, herri guztiak parte hartzen zuen. Elizan edo beste lekuren batean elkartzen ginen, nola ekin adosteko”. Batzuetan eman eta besteetan jaso. “Guk baino urtebete lehenago Orbegozokoek greba egin zutenean, lagundu genuen: erresistentzia kutxa bat jarri genuen. Gurekin ere berdin egin zuten, eta behar handiena zutenei laguntza eman zitzaien. Adibidez, Maritxu Makala-k alaba bat zuen…”.

Elkartasuna ez zen herrira mugatu soilik. Gainontzeko paper fabriketatik ere iritsi zitzaizkien elkartasun adierazpenak. Lanuztea egiten zuten bitartean, haiek kanpoko langileekin ordezkatzen saiatu ziren enpresako buruzagiak, baina ezezkoa jaso zuten. Greba egin zuten emakume guztiak kaleratu arte ez zuten inor berririk kontratatzerik lortu. Urrira arte, alegia.

Noski, lanuzteak zuzenean eragin zuen enpresaren eguneroko jardunean. Ekoizpena %60 jaitsi zen aste batean, orduko txostenetan jaso zutenez. Langileek uko egin zioten ordu estrak sartzeari. Ondorioz, Zikuñagan ekoitzitako papera Tolosara eramaten hasi ziren, La Esperanza paper fabrikara. Lehenengo sei egunetan Tolosako beharginek ere ez zuten material hori onartu. Zumarragatik eta beste hainbat lekutatik ere iritsi zitzaien dirua. Hala azaldu du Clementek: “Garai hartan denak batera aritzen ginen. Laguntza behar zenean, enpresa guztiek biltzen zuten dirua. Eta orain? Ez ote dugun bidean balorerik galdu…”.

Grebak gainontzeko langileei nola eragingo zien jakitea zen enpresa epaimahaiaren kezka nagusietako bat. Inongo eraginik ez izatea adostu zuten zuzendaritzarekin. Etxetik ere irits zitekeen presioa. Izan ere, garai hartan soldata gurasoei ematea zen ohikoena, eta greba egiteak etxean soldata bat edo bi gutxiago izatea zekarren. Etxean dirua ematen zutenen artean zegoen Maria Angeles Rama: “30 urte bete arte eman nien soldata osoa gurasoei; eta nire senarrak ere gauza berbera egin zuen, ezkondu arte. Ile apaindegira joan nahi nuenean dirua eskatu behar nion amari”. Clementek aitari ematen zion diru guztia. Garinek, ordea, berarentzat gordetzen zuen: “Nire etxean patatak eta arrautzak genituen soilik; dirurik ez genuenez, niretzat gordetzen nuen”. Batzuek soldata ematen zuten etxean, baina saria beraientzat gordetzen zuten.

Emakumeen egoera

Greba egin eta hamar urtera, dei bat jaso zuen Clementek, Bandresen bulegotik. “Amnistia lortzeko aukera dugu”. Bandres Euskadiko Ezkerrako europarlamentaria zen orduan, eta Ernesto Alberich abokatuak landu zuen gaia. Irabazi zuten: “Justizia egin zen”. “Pentsa, Dolores Ibarrurik guri buruz hitz egin zuen Radio Pirenaican”. Kaleratu zituztenetik ordura arteko urteak Gizarte Segurantzan kotizatu izan balituzte bezala izan zen. Diru hori jaso zuten. Langabezia kobratzen ere saiatu ziren, baina langile bakarrak lortu zuen.

Amnistiatuek, baina, gogoan zuten hamar urte lehenago herritarrengandik jasotako elkartasuna. Hala, keinua izan zuten Hernaniko langabeekin. Kalte-ordainaren %10 haiei eman zieten.

Greba egin zuten garaira itzulita, Hernanin zeuden bospasei paper fabrikaren artean, tamainaz bigarrena zen Zikuñagakoa, Orbegozoren atzetik: 450 langile zituen. Lan arlo desberdinetan egoten ziren gizonezkoak eta emakumezkoak. Manipulazioan aritzen ziren guztiak emakumeak ziren, eta 24-25 urte zituzten, batez beste, greba egin zuten garaian. Espezialista lana egiten zuten berez, baina ez zuten hala kobratzen. Hala dio Clementek: “Gizonezko peoi espezialistek guk baino gehiago irabazten zuten”. Etxetik ere egiten zuten enpresarentzako lana batzuetan. “Poltsak eta abar”, baina hori ez zuten kotizatzen.

“Gizon batzuek esaten ziguten ez genuela haien indar bera lan egiteko garaian; haiek baino gutxiago ginela. Erakutsi genien gure faltak eragina zuela enpresan”. Hori entzun, eta hausnarketa bat egin du Clementek: “Nire ustez, greba egin zuen taldea beste bat izan balitz, guk bat egingo genukeen haiekin, halako tuntunak ginen”.

Paper fabriketan makinen bitartez egiten dute orain emakume horiek bere garaian egin zuten lana.

Soldataren duintasunean eta lan motan ez ezik, lan baldintzetan ere nabaritzen zen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko diferentzia. Emakumeak lana utzi behar zuen ezkontzen zenean. Erabaki horren truke dotea ematen zien enpresak, ordainsari bat. Alargun geratuz gero, lanera itzul zitekeen, baina ez ezkonduta zegoen bitartean. Izan ere, emakume bat haurdun geratzen bazen, gaixo agiria eskatuko zuen, eta hori ez zitzaion interesatzen enpresari. 1978 aldera hautazko bilakatu zen ezkontzean lana uzteko erabakia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.